Ramiro Gonzalez egungo Arabako Ahaldun Nagusi eta EAJko hautagaiak adierazi du konpromisoa hartu duela urtea amaitu baino lehen Kexaako kapera eta dorrea irekitzeko.
Arabako Foru Aldundiak 2022ko amaieran abiatu zuen prozedura Aiarako monumentu multzo hori erosteko 2,7 milioi euroren truke, eta otsailean jakinarazi zuten ideia lehiaketa egingo dela bere kudeaketa zehazteko.
“Monumentu-multzoa berreskuratzeko eta balioesteko plan integral bat garatzeko” beharra aurreratu du Gonzalezek, eta jarraituko dutela “Kexaak Aiara eskualdea dinamizatzeko eta bultzatzeko lehen urratsak egin ahal izateko ideia-lehiaketa bat diseinatzen". Halaber, turismoa sustatzeko beste egitasmo batzuekin lotu du kaperaren eta dorrearen irekiera; Dorretxeen Ibilbidea, museo-sarea indartzea, eta Txakolinaren eta artisau-produktuen ibilbideak, besteak beste.