Uztailaren 15ean eta 18an ospatuko dituzte Zuhatzako jaiak

Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 6a, 17:00

Mendi ibilaldia, paella-jana, parrillada eta askotariko ikuskizunak izango dira Zuhatzako jaietako protagonistak. / Aiaraldea.eus

Bi egunetan askotariko jarduerak programatu dituzte zuhatzarrek: mendi ibilaldia, paella-jana eta parrillada, erromeria, ikuskizunak eta kontzertuak, besteak beste.

Datorren larunbatean, uztailaren 15ean, izango da Zuhatzako jaien egun handia. Goizean goiz lehertuko da festa Aiarako herrian eta gaueko ordu txikietara arte luzatuko da.

09:15ean, kanpaikadak entzungo dira herri osoan eta auzokideek Pezukera agurtuko dute. Une horretan bertan, egun osoa iraungo duen ‘Etxe bakarra’ ikuskizuna abiatuko dute.

Festa, ordea, ez da herriko plazara mugatuko, 09:30ean mendi martxa abiatuko baitute. 09:20ean irekiko dute izena emateko aukera. Partaideen artean bertako produktuen otar bat zozkatuko dute.

Eguerdiko protagonista, zalantzarik gabe, paella-jana izango da. Antolatzaileek jakinarazi dute uztailaren 13a baino lehen eman behar dela izena, 680.35.78.59 telefonoan.

Haurrek eskaintza berezia izango dute egunean zehar. Puzgarriak egongo dira 13:00etan eta 16:00etan eta 18:00etan apar festa.

19:00etan, ordea, Nai malabaristak ‘Mugi Boogie’ ikuskizuna emango du. Naik dantza, jolasak eta malabarak nahastuko ditu ikuskizun parte-hartzailean.

Eguneko azken txanpan janariak eta musikak berreskuratuko dute nagusitasuna. 20:30ean parrillada hasiko da eta 22:00etatik aurrera musika emanaldien izango dute herria dantzan jartzeko ardura. Chuchin Ibañez & Garibaldi Band Taldea igoko dira Zuhatzako oholtzara musika mexikarra eta euskal folkloreko abestiekin, eta gauerditik aurrera DJ Flamak jarriko du musika eta dantza giroa.

Uztailaren 18an bigarren txanpa

Zuhatzako Jaiek hurrengo asteartean, uztailaren 18an, izango dute bigarren eta azken festa eguna. 12:30ean meza egingo dute Itzalde abesbatzak lagunduta.

Arratsaldean ere musikak izango du protagonismoa, baina beste mota batekoa izango da. 19:30etik aurrera Iñakiren erromeria izango dute zuhatzarrek nahi adina dantzatzeko. Azkenik, herriko festei amaiera emateko, 21:00etan zozketa egingo dute eta txokolatea banatuko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide