Luiaondoko Jaietan gertatutako eraso matxista eta arrazista baten berri eman du Otsemeak Neska* Gazte Taldeak, 'Entzun Gaitzatela!' salaketa tresnaren bidez. Larunbat gauean gertatu zen erasoa, gaueko 00:30ak aldera
Erasoa jasan zuen neskaren testigantzak plazaratu dituzte sare sozial bidez. "Banku batean eserita nengoen, eta bat-batean beste banku bateko mutil bat hurbildu zen eta nire ondoan eseri zen, lagunek nire ondoan esertzeko erronka luzatu ziotelako, ni deseroso egoteko eta ondoko bankuan zegoen lagun-taldeari barre eragiteko asmoz", azaldu du neska gazteak publiko egindako testigantzan.
Adierazpenetan zabaldutakoaren arabera, erasotzailea tarte batez bankuan eserita egon ondoren altxatu eta "puta negra" bota zion neskari. "Bere lagunek barre egin zuten iraindu berri ninduen mutila babestuz", azaldu du erasoa jasan zuen gazteak. "Irain eta komentario horien ondoren nire lagunekin beste leku batera joan nintzen, egoera guztiz onartezina izan baitzen eta ez bainintzen ondo sentitzen irain arrazistak egin berri zizkidaten leku berean geratzeko".
Luiaondoko Administrazio Batzarra
Luiaondoko Administrazio Batzarrak eta Aiarako Mugimendu Feministak ere gogor gaitzetsi dute erasoa. Herritarrei zabaldutako ohar batean, "babesa eta elkartasuna" adierazi diote erasoa jasan zuen neskari.