Abuztua agurtzeko, bi egunez luzatuko dira Soxoko jaiak, abuztuaren 30etik 31ra. Ostiralean hasiko dira jaiak, San Emeterio eta Zeledonio gogoratzeko. 9:00etan jaurtiko dute txupina, eta kanpaiak irauliko dituzte segidan. Horren ostean, mendizaleek ohiko mendi martxari ekingo diote. 9:30ean izango da hitzordu hori.
Eguerdian, berriz, meza eskainiko dute, eta 13:00etan txapela jaurtiketa txapelketa egingo dute. Ez da, ordea, nolanahiko txapela jaurtiketa lehiaketa izango; parte hartzaileek Soxoko erara jaurti beharko dute eta. 19:00etan mus txapelketa izango da, eta sari handiak iragarri dituzte. Gauean Joselu Anayaken doinuek eta DJ Sospechoso de Spam musika jartzaile aiararren abestiek luzatuko dute jai-giroa.
Larunbatean, San Ramon Nonatoren omenezko mezak emango dio bide egitarauari. 13:00etan talo jana eta igel-toka txapelketa egongo dira. Arratsaldean, aldiz, haurrentzat jolasak eta tute txapelketa nagusituko dira. Musean egin bezala, Tute txapelketan ere sari handiak iragarri dituzte irabazleentzat.. 21:00etan, ordea, herri parrillada prestatuko dute. 22:30ean Otegi “handiak” erromeriari ekingo dio, eta hamabietan mozorro festa eta bingoa egongo dira.