Santo Domingo eta San Lorentzo jaiek hartuko dute Luiaondoko festen lekukoa

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abu. 7a, 15:24

Tortilla txapelketa egingo dute San Lorentzo egunean. / Aiaraldea.eus

Santo Domingo eta San Lorentzo jaiak ospatuko dituzte abuztuaren 8an eta 10ean Luiaondon. Bi ospakizun horiek segida emango diete uztaileko azken astean ospatutako herriko jaiei.

Uztailean Luiaondon ospatutako jaiei segida emango diete Santo Domingo eta San Lorentzo jaiek, eta herriko baselizetara lekualdatuko dute festa-giroa.

Bihar -abuztuak 8- hasiko dituzte festak, Santo Domingo ermita inguruan. 12:00etan meza nagusia egingo dute Domingo Deunaren ohorez. Jarraian bermuta eta haurrentzako jolasak egingo dituzte. 14:30ean herri bazkarian elkartuko dira bizilagun guztiak, eta briska txapelketarekin eta adin guztientzako jolasekin girotuko dute bazkalostea.

Aldarrikapenerako tartea ere izango dute. 19:30ean elkarretaratzea egingo dute "Erasorik ez erantzunik gabe!" lelopean. Luiaondoko jaietan jazotako eraso matxista eta arrazista salatuko dute horrela.

21:00etan odolosteak banatuko dituzte eta Ganeko erromeriak kontzertuari ekingo dio. 23:00etan Sospechosodespam musika jartzaileek jai-giroa luzatuko dute, umore ona ardatz.

San Lorentzo

Abuztuaren 10ean San Lorentzo ospatuko dute Luiaondoko biztanleek, izen bereko ermitan. 11:00etan emango diote hasiera egitarauari tortilla eta pintxo lehiaketarekin. 12:00etan Lorentzo Deunaren omenezko meza egingo dute, eta 14:30ean herri bazkaria, baselizako zelaian.

Bazkalosterako tute txapelketa prestatu dute, baita azken urteetan hain arrakastatsua izan den haurrentzako ur-txirrista ere. 18:00etan jolasak egingo dituzte eta 19:30ean bingoa. Ingurua girotzen Etxebarria aita-seme trikitilariak arituko dira. 21:30ean txintxorta banatuko dute, eta 22:00etan Ganeko erromeriak ikuskizuna errepikatuko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide