Etxaurren Ikastolako gurasoek mobilizazioak hasiko dituzte salatzeko garraio zerbitzuarekin dituzten arazoak

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 8a, 10:14

Etxaurren Ikastola, artxibo irudi batean.

Ikasturteko lehen egunean sei ibilbidetik bakarrean agertu da garraio publikoa eta egoera "kaotikoa" izan dela adierazi dute. Mobilizazioak eta grebak iragarri dituzte hurrengo egunetarako.

Etxaurren Ikastolako Guraso Elkarteak mobilizazioak abiatuko ditu bihar bertan eskola garraio publikoaren arazoen ondorioz. Izan ere, Aiaran kokatutako ikastetxeak udalerri horretako eta Okondoko umeak hartzen ditu eta ikasleen %98ak du garraioaren beharra.

Gauzak horrela, Guraso Elkarteak ziurtatu du gaurko eguna "kaotikoa" izan dela. Izan ere, sei ibilbidetik, bakarrean agertu da autobusa umeen bila.

Ondorioz, elkarteak gaur bertan egin du bilera udal ordezkariekin eta adostu dute bihar gurasoek autoz eramango dituztela umeak eskolara. Horrek suposatuko du dozenaka autok ilara arazoak sortuko dituztela, Luiaondo, Okondo edota beste herrietatik.

Astelehenean, aldiz, gurasoek ez dituzte eramango haurrak eskolara, asistentzia greba eginda.

Azkenik, asteartean gurasoek berriro garraiatuko dituzte adingabeak eta errepidearen alboan mobilizazioa egingo dute.

Zehazki, euren aldarrikapena izango da Eusko Jaurlaritzak eskola garraioa esleitzea aurreko ikasturtearen amaieran, eta ez hastear dagoenean. Izan ere, oztopo berak topatu dituzte bigarren urtez jarraian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide