Aiarako Udalak hainbat energia proiekturi buruzko kudeaketei egin behar die aurre berehala. Ferosca zentral eolikoarekin batera, azken asteotan beste bi egitasmo heldu dira tokiko erakundera.
Lehenengoa goi-tentsioko linea bat da. Solaria enpresak eskatu du hori jartzeko baimena eta Aiarako 241 lursailetan izango luke eragina. Horrez gain, Aiarako Udal Gobernu Taldeak berak harriduraz ikusi du azpiegitura horren ibilbide paraleloan existitzen dela jadanik ezaugarri bereko beste linea bat.
Gauzak horrela, Udalak berak erabaki du gaur bertan bilera deitzea 18:00etan udalbatza aretoan, herritarrekin proiektu horiei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko.
Beste proiektu bat mahairatu du Eusko Jaurlaritzak
Batzarra deitu ondoren, dena den, beste egitasmo baten berri eman zion Eusko Jaurlaritzak Aiarari. Hain zuzen, enpresa batek energia berriztagarria biltegiratzeko bateriak instalatu nahi ditu Markixanan.
Zehazki, pabiloia erabili nahi dute horretarako industria poligonoan. Bateria horien eginkizuna da energia berriztagarrien ekoizpena goian dagoenean eta kontsumoa ez, soberan dagoen elektrizitatea biltzea, sarean sartzeko berriro eskaerak berriro gora egitean.
"Espekulaziorako azpiegiturak"
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Aiaraldeko Mendiak Bizirik! plataformako kide batekin honi buruz mintzatzeko. Kide hori da, hain zuzen, helegiteak landu ohi dituena eta pertsonalki eman dio bere iritzia hedabideari, taldean oraindik ez baitute eztabaidatu gaiari buruz.
Ekintzaileak salatu du, lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen duen prozedura proiektuak onartzeko. "Legeak eta arauak eskuan, bi proiektu hauei baimenak ematea Udalaren eskumena da, eta ez Eusko Jaurlaritzarena. Hortaz, ulertezina da Jaurlaritza izatea prozesuari buruz Udala informatzen duena. Udalaren ardura da horiek baimentzea".
Bestalde, ekintzaileak kritikatu du energia egitasmoak biderkatzea Energia Berriztagarrien Plana onartu gabe dagoenean. "Iaz 4.000 alegazio aurkeztu genituen planaren kontra eta ez dituzte erantzun. Plan horrek ez zituen ekimen hauek aurreikusten eta, hala ere, aurrera doaz. Ulertezina da", adierazi du.
Azkenik, plataformako partaideak azpimarratu du araurik eta irizpiderik ez egotea espekulazioa sustatzea dela. "Jadanik existitzen dira azpiegiturak energia garraiatzeko eta horiek indartzen ari dira gaitasun gehiago izan dezaten. Orduan, zergatik baimendu nahi dituzte gehiago? Enpresa bakoitzak negozioa egin dezan berearekin? Hori guztia arautu beharra dago", iritzi du.