Ia 1.500 alegazio aurkeztu dituzte Ferosca I proiektu eolikoaren aurka

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 26a, 13:30
SOS Baserriak taldeak ere alegazioak bildu zituen Dolumin Barikuan. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Mendiak Bizirik! plataformak sustatu du egitasmo eolikoaren kontrako alegazio bilketa eta gehienak Laudioko Udalera bideratu dituzte, 1.032 guztira. Beste herri batzuetan ere jaso dituzte.

Atzo agortu zen epea Ferosca I proiektu eolikoaren kontrako alegazioak izapidetzeko eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik! plataformak 1.000 baino gehiago aurkeztu zituen.

Kaltetutako Udalen kudeaketa gaitasuna aintzat hartuta, plataformak modu anitzetan bildutako helegiteak  utzi zituen Laudion, administrari gehien duen tokiko erakundea baita. Guztira, eskualdeko herritarrek sinatutako 1.032 alegazio aurkeztu zituzten.

Horiek ez ezik, Aiaran 141, Orozkon 23 eta Okondon 12 tramitatu zituzten herritarrek euren kaxara. Amurrioko Udalak, aldiz, 248 alegazio izapidetu ditu.

Aiarako Udalaren alegazioa

Herritarrentzako epea atzo amaitu bazen ere, Aiarako Udalak apirilaren 19ra arte izango du tartea bere alegazioa prestatzeko. Tokiko erakundeak luzapena eskatu zion Eusko Jaurlaritzari eta oniritzia jaso zuen.

Udal Gobernu Taldeak argitu du arlo juridikoa berezko bitartekoekin landu dutela, baina enpresa baten laguntza izan dutela ingurumenaren eta hirigintzaren esparruak aztertzeko.

Bide batez, Aiarako Udalak deia zabaldu die Administrazio Batzarrei eurek ere alegazioa sinatu ditzaten.

Laudioko Udalak ere iragarri zuen helegitea idatzi zuela.

Polemika

Hamaika salaketa egin ditu Aiaraldeko Mendiak Bizirik! plataformak eskualdeko egitasmo eolikoen tramitazioan. Esaterako, taldeak kritikatu zuen Ferosca I azpiegiturak Arabako Foru Aldundiko oniritzia izan zuela Foru Hauteskundeen hurrengo egunean. Zehazki, plataformak lege iruzurtzat jo zuen erabakia.

Gogoratu beharra dago Ferosca I proiektuak 200 metroko eta 4,5 MW-ko sei aerosorgailu eraikitzea aurreikusten duela eta inguruetan horrelako azpiegitura gehiago instalatu nahi dituztela: Ferosca II, Larragorri eta Las Americas 20.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide