Inor ez da joango espetxera Soxoko legez kanpoko hiltegiagatik

Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 09:58

Gasteizen izan zen epaiketa. / Aiaraldea.eus

Atzo hamahiru akusatuetatik zazpi absolbitu ondoren, fiskalak eta abokatuek akordioa lortu zuten eta hiru hilabete eta urtebete arteko zigorrak ezarri zizkieten gainerako epaituei. Nahiz eta aurrekariak izan, ez dituzte kartzelan sartuko.

2018an hasitako auzia atzo amaitu zen Gasteizko Epaitegian ezusteko emaitzarekin. Izan ere, EFE agentziak azaldu duenez, Fiskaltza hamaika urteko espetxe zigorra eskatzen hasi zen akusatuei eta, azkenean, absoluzio ugarirekin eta zigor txikiekin bukatu da epaiketa.

Lehenik eta behin, saioa hasi eta gutxira, hamahiru akusatuetako zazpi absolbitu zituzten epaileek Amurrioko Epaitegiak epez kanpo deitu zituelako deklaratzera.

Gero, fiskalak eta defentsa abokatuek bi orduko etenaldia egin zuten eta horren ondoren gainerako sei epaituentzako zigor txikiak ezartzea adostu zuten. Hain zuzen, legez kanpoko jardueraren bi buruek urtebeteko zigorra onartu zuten; sei hilabetekoa animalien aurkako tratu txarragatik eta beste sei osasun publikoaren kontrako delituengatik.

Horrez gain, bi urtez ezingo dute animaliekin lan egin eta beste 18 hilabetez ezingo dute abererik eduki. Horri gehitu behar zaio 540 euroko isunaren ordainketa.

Beste lau akusatuek hiru hilabeteko espetxe zigorra hartu zuten euren gain eta 360 euroko isuna. Halaber, bederatzi hilabetez ezingo dute animaliekin lan egin edo abererik eduki.

Zigortuetako lau lagunek aurrekariak zituzten genero indarkeriagatik, lesioak eragiteagatik edota drogen salmentagatik, baina ez dira aintzat hartuko eta ez dituzte espetxeratuko.

Akordio horrekin, epaiketa ez da luzatuko. Izan ere, maiatzaren 30era arte irautea aurreikusi zuten.

2018ko operazioa

Duela ia sei urte atxilotu zituen Ertzaintzak auziperatuak, 2018ko maiatzaren erdialdean, eta leporatu zien Soxoko baserri batean abereak hiltzea inolako administrazio baimenik eta osasun kontrolik gabe, gero haragia saltzeko. Aiarako lau herritarrak ez ezik, poliziak beste bat arrastatu zuen Gasteizen eta beste bi Karrantzan.

EFE agentziak zabaldu duenez, ertzainek uste dute bost urtez aritu zirela jardunean eta haragia garraiatzeko ez zutela hozkailua zuen ibilgailurik erabiltzen, adibidez. Horrez gain, animalien (behiak eta ardiak) hondakinak Angulo mendateko leize batean lagatzen zituzten, poliziaren aburuz.

Erakundeen arteko elkarlana operazioan

Ertzaintzaren arabera, baserrian hiltzen ziren animaliak ezin ziren ohiko merkatuan saldu eta etekinak lortzen zituzten horrela. Antza, banaketarako sarea ere bazegoen. Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako abeltzaintza zerbitzuen laguntza izan zuen poliziak operazioa gauzatzeko.

Akusatuek 32 eta 59 urte bitarteko adina zuten atxiloketak gertatu zirenean eta hiruk aurrekariak dituzte: lehenak 43 urte zituen 2018an eta genero indarkeriagatik, urruntze agindua hausteagatik eta lapurtzeagatik kondenatua izan zen. Bigarrenak 48 urte zituen atxilotu zutenean eta mehatxuengatik, genero indarkeriagatik eta animalien aurkako tratu txarrengatik epaitua izan zen aurretik. Hirugarrenak 59 urte zituen eta mehatxuak, erasoak eta kalteak gauzatzeagatik ditu aurrekariak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide