Sinadura bilketak abiatu ditu Aiarako Udalak Renfeko eta Alavabuseko zerbitzuetan aldaketak lortzeko

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 22a

Luiaondoko tren geltokia, artxibo irudi batean. / Wikipedia

Aiarako Udala bi sinadura bilketa sustatzen ari da Renfeko Civis zerbitzuko trenek geltokia izan dezaten Luiaondon eta administrazio batzar horretan ere geratu daitezen L15 eta L16 lineetako autobusak.

Aiarako garraio zerbitzu publikoa egokia ez dela iritzita, Udalak urrats berriak egin ditu hori konpontzeko. Zehazki, sinadura bilketak bultzatu ditu Arespalditzako eta Luaiondoko udal bulegoetan eta administrazio batzarretan.

Alde batetik, testu batek exijitzen dio Renferi tren azkar guztiek (hau da, Civis deiturikoek) geltokia izatea Luiaondon. Duela gutxi salatu zuen tokiko erakundeak urtarrilean C-3 linean indarrean sartutako ordutegiak kalteak eragin dizkiela aiararrei eta hori konpontzeko bidea dela uste dute. "Aldaketek ez dute hobekuntzarik ekarri udalerriko mugikortasunean; aitzitik, kontziliazio-arazoak sortu dituzte, ikasketetara edo lanera garaiz iristekoak, eta autoa erabiltzera behartu dute zerbitzu hori duten beste geltoki batzuetara, trena hartu ahal izateko", salatu dute.

Beste sinadura bilketaren xedea da Alavabusek L15 eta L16 lineetako autobusei bi geltoki ezartzea Luiaondon. "L15 linearen kasuan, maiztasunak handitzea eskatzen dugu, eta L16 linearen kasuan, herrian sartzea geldialdiak egiteko. Luiaondo, ulertezina bada ere, isolatuta geratu da linea horretan Aiarako gainerako herrietatik, nahiz eta kontzeju jendetsuena izan", jaso du testuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide