Aiarako Udalak sinadura bilketa egingo du bihar eta Renfek prestatutako inkesta betetzeko deia zabaldu du

Aitor Aspuru Saez 2025eko otsailaren 14a

Ordutegi aldaketei buruzko inkesta sortu du Renfek.

Malato supermerkatuan izango da sinadura bilketa bihar 11:00etatik 14:30ak arte. Horrez gain, Renferen C-3 lineako ordutegien inguruko inkesta betetzera animatu dituzte herritarrak.

Aiarako Udalak bultzada berria eman dio mugikortasun arazoak konpontzeko saiakerari eta bi ekimen zabaldu ditu horretarako. Hasteko, bihar sinadura bilketarekin jarraituko dute Malato Supermerkatuan 11:00etatik 14:30ak arte.

Udalak nabarmendu du herritar batzuek sinatu dutela soilik Renfeko tren azkarrek (Civis deiturikoak) Luiaondon geltokia izan dezaten eta ez L15 eta L16 lineetako Alavabuseko ibilgailuak Luiaondon gera daitezen, eta baita alderantziz ere. Halaber, aiarar batzuek ez dituzte datu guztiak eman sinadurarekin. Hori guztia konpontzeko egongo dira prest bihar.

Renferen inkesta

Gainera, beste bide bat urratu nahi du tokiko erakundeak Renfek berak irekitako aukerarekin. Izan ere, garraio enpresa publikoak inkesta jarri du eskuragarri C-3 lineako ordutegi aldaketei buruz, hemen sakatuta bete daitekeena.

Galdetegiak proposatzen die erabiltzaileei baloratzea zer nolako eragina izan duten ordutegi aldaketek eta, Aiarako Udalaren aburuz, ataka hobezina da azaleratzeko Luiaondon sortu duten arazoa.

Izan ere, tren azkarrek ez dutenez geltokirik Luiaondon, 07:30ak aldera igarotzen zen zerbitzua ez dago erabilgarri eta jende askok uko egin behar izan dio trena erabiltzeari, ez delako garaiz heltzen lanpostura edo ikastetxera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide