Martxan da Aiarako jaietako kartelaren lehiaketa, Aiaraldea osoko herritarrei irekia

Maider Ramirez Martin 2025ko mar. 24a, 13:00

Apirilaren 25etik 28ra ospatuko dituzte aurten Aiarako jaiak. / Aiaraldea.eus

Helduen kategoriako irabazleak 300 euroko saria eramango du, eta haurrentzako kategorietan gailentzen direnei 60 euroko opari txartelak emango zaizkie.

Geroz eta gertuago daude Aiarako jaiak eta aurtengo kartela hautatzeko lehiaketa abiatu du Udalak. Aiaraldean erroldatuta dagoen edonork parte hartu ahal izango du, eta ostegun honetara arte, hilak 27, egongo da lanak aurkezteko aukera.

Hiru kategoria planteatu ditu Udalak, adinaren araberakoak:

  • 14 urtetik gorakoen kategoria. Saria: 300 euro.
  • 10-14 urte bitartekoen kategoria. Saria: 60 euroko opari txartela.
  • 10 urtetik beherakoen kategoria. Saria: 60 euroko opari txartela. 

Lehiaketaren oinarriak

Kartel lehiaketan parte hartu nahi duen egile bakoitzak nahi beste proposamen aurkez ditzake, beti ere lema ezberdinak erabiltzen badira, jatorrizkoak eta aurretik argitaratu gabeak badira eta aurretik saririk jaso ez badute. Era berean, zehaztu dute ez direla marrazki ez mezu sexista, xenofobo ezta arrazistak dituzten diseinuak onartuko. Aldiz, hizkuntza eta irudi inklusiboak erabiliko dira, eta emakumeak eta gizonak modu berdintsuan erakutsi beharko dira.

Lanak sinatu gabe aurkeztuko dira Aiarako Udalaren bulegoetan (Arespalditzan eta Luiaondon), eta gutun-azal batean honako hauek sartu beharko dira: Alde batetik, aurkeztutako lanaren lema; eta bestetik lana aurkezten duen pertsonaren identifikazio eta harremanetarako datuak, alegia, izen-abizenak, NAN/AIZ, jaioteguna, posta elektronikoa eta harremanetarako telefono-zenbakia.

Epaimahaia alkateak, Kultura Batzordeko bi kidek, Etxaurren Ikastolako guraso elkarteko ordezkari batek eta Llantenoko Arte Eskolako kide batek osatuko dute.

Aurkezten diren kartelek bete beharreko ezaugarri teknikoak eta bestelako oinarriak, Aiarako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke, hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide