Atzo eguerdian Aianox enpresako beharginek adostu zuten mobilizazioak bertan behera uztea eta zuzendaritzarekin lan hitzarmen berria sinatzea. Horrela jakinarazi du LAB sindikatuak.
Langile erakundeak grebaren eta borrokaren balioa azpimarratu du, lan baldintzak kaskartzea ekidin baitute horien bitartez. Bere ustez, oso garrantzitsua izan da langile gehienen aktibazioa greba egunetan.
Hala ere, aldi berean, kritikoa izan da sindikatua lanuzteen emaitzekin. Izan ere, LABen aburuz, lan baldintzak ez dira nahikoa hobetu eta gutxieneko helburuak ez dira bete.
Hiru adibide aipatu dituzte: "Azkenengo urteetan langileek izan dituzten soldata igoera oso apalak ez dira konpentsatu, eta ez da berme nahikorik jarri hau berriz ez gertatzeko, soilik 2027. urteko soldata igoera KPIra lotu delako. Jardunari dagokionez ere, nahiz eta 2027rako 8 ordu murriztu den, sektoreko jardun altuenetarikoa izaten jarraitzen du. Azkenik, lizentzia zein bestelako baimenetan bermeak eta hobekuntzak guztiz mugatuta geratu dira".
Edonola ere, LAB pozik agertu da bere afiliazioaren jarrera eta konpromisoarekin. Izan ere, pasa den asteko greba egunek erabateko jarraipena izan zuten.