Iragan astean estreinatu genuen Aiaraldea Komunikabidearen podcast berria: Azalera. Eskualdeko gaurkotasuna du ardatz saioak, eta ostegunero emitituko da 13:00etan, Faktoriatik zuzenean. Dena dela, aste honetan ez da saiorik egongo, bihar jai-eguna delako. Horregatik, datorren astera arte itxaron beharko da programaren bigarren atala ikusteko.
Bigarren saio horretan Aiarako gaurkotasuna ekarriko dugu azalera, Karmele Poblacion zinegotzi eta alkateordearen eskutik. Udalerri horretako aktualitate instituzionala pil-pilean dago une honetan, Aiara Batuzek udal gobernua utziko duela iragarri ostean. Horri buruz mintzatzeko aukera izango dugu Poblacionekin, eta beste gai batzuen inguruan solasteko ere baliatuko dugu aukera.
Herritarrek ere aukera izango dute elkarrizketan parte hartzeko, galderak aurretik bidalita. Horretarako, audio bat bidali beharko dute plazaratu nahi duten galderarekin 688 84 81 52 telefonora (Whatsapp edo Telegram bidez) edo erredakzioa@aiaraldea.eus helbidera, euren izen-abizenak zehaztuta. Apirilaren 21ean (astelehena) itxiko da horretarako tartea, 12:00etan.