ENRIQUE ARBERAS

“Zerbait zaintzeko, ezinbestekoa da ezagutzea eta maitatzea”

Aitor Aspuru Saez 2025ko api. 24a, 07:54

Biologoa eta dibulgatzailea da Enrique Arberas. / Aiaraldea.eus

ENRIQUE ARBERAS hautatu dute aurtengo Aiarako Jaietako pregoilari lanak egiteko. Biologoa eta dibulgatzaile amorratua, Aiarako ondarearen berri emateko lan handia egin du.

Nola sentitzen zara pregoilari izateko izendapena jasota?

Ezustea izan da eta eskertzekoa. Pertsona umila naiz eta uste dut jende asko izan ahal zela pregoilari, hortaz, eskerrak eman nahi dizkiet erabaki dutenei. Bestalde, harrotasun apur bat ere sentitu dut. Suposatzen dut zerbait baliogarria egiten dudala Aiararen ondarearen berri emanda. Halaber, Agiñigara bizitzera etorri nintzenetik parte hartu du Administrazio Batzarrean.

Pentsatu duzu zeri buruz hitz egingo duzun pregoian?

Bai, naturaren gorazarrea egingo dut. Nire aholkua da modu sinplean ikasi behar dugula naturaz gozatzen: euriaren usaina, txorien kantua… Baita baserrietako tximiniek uzten duten kearen usainaz. Naturaren alde basatia ezin da ulertu baserririk gabe. Izan ere, norbaitek zaindu eta kontserbatu du gaur daukaguna. Nire ustez, zerbait zaintzeko, ezinbestekoa da ezagutzea eta maitatzea.

Aiararen inguruko hainbat lan argitaratu dituzu, agian helburu horrekin?

Bai, 1996an hasi nintzen Ritxar Agirre eta Luis Padurarekin egin genuen Ayala: pueblos y caminos. Jakitera eman genituen Aiarako herriak bost eskualdetan banatuta. Artzaintzaren inguruko liburua ere argitaratu genuen.

Gero nire kabuz idatzi nuen Las raíces del tejo en Ayala. Horretan Aiarako hagin guztiak bildu nituen, bai haranean zein Gorobelen daudenak eta ikerketa antropologikoa ere egin nuen: zein erabilera zuen… Agiñigan bizi naiz, hau da, haginen tokian, eta horrek piztu zuen nire jakin-mina. Maroñon egiten dut urtegiko jarraipen biologikoa, ur-hegaztiak handik igarotzen baitira, eta herriari buruzko liburua ere egin nuen, baina idaztean ez nion bakarrik horri erreparatu, ondare oso aberatsa baitu herriak.

Azkena, momentuz, perretxikoena izan da.

Perretxikoaren liburua omenaldia izan zen nire aitarentzat. Berroegi urte eman zituen nire amarekin biltzen eta Gorobelari oso lotuta dago.

Orain otsoaren inguruan ari zara lanean.

Bai, Arabako Foru Aldundiarentzat otsoaren jarraipen biologikoa egiten ari naiz eta aldi berean liburu bat prestatzen ari naiz. Otsoa nire obsesioa da. Obsesio exijentea da, animali detektaezina delako eta, aldi berean, otsoa gatazkara lotuta dago, arazoak sortzen ditu eta egungo egoera horren adibidea da. Nik ulertzen ditut abeltzainak esaten dutenean ez dutela nahi eta baita kontserbatu nahi dituztenak ere.

Jendeak horrenbeste ez duena ezagutzen agian da intsumisoa izan zinela.

Bai, oso borroka polita izan zen, gazte asko antolatu ginen zerbitzu militarraren kontra eta batzuek kartzelan amaitu zuten. Nire aurka bi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra izan nuen. Uste dut lan txukuna egin genuela militarismoaren kontra eta, ondorioz, desatseginak egiten zaizkit orain bizi izan garen deiak berrarmatzeko eta armadaren alde.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide