Gaur 12:50ak aldera kamioi bat irauli da A-3641 errepidean, Zuhatzako Administrazio Batzarrean, hain zuzen. Ertzaintzak argitu duenez, ez da zauriturik egon eta, momentuz, soilik eskatu dute errepidean geratu diren harriak garbitzea.
Gauzak horrela, ibilgailuak ez du eragozpenik eragiten bidean, baina uneren batean ertzetik erretiratu beharko dute. Aiarako Udalak jakinarazi du 16:00etatik aurrera Intzier baserrian eta Negorta dorrearen artean etengo dutela trafikoa.
Gatazka puntua
A-3641 errepidean ohikoak dira horrelako ezbeharrak. Iaz, esaterako, bi kamioik bide ertzean amaitu zuten urteko azken hilean, abenduaren 23an eta abenduaren 3an.
Egoera errepikakor horrek isla du esparru politikoan. Izan ere, Okondoko Udalak exijitzen dio Arabako Foru Aldundiari errepidea hobetzeko ahalik eta lasterren -herriko ume askok Aiarako ikastolara jotzen dutelako egunero-, baina Aiarako Udalak aldarrikatzen du, ezer baino lehen, trafiko astuna debekatzeko bide horretan, arriskutsutzat jotzen baitute kamioen presentzia eta hartzen duten abiadura.