Atzo 12:50ean kamioi bat irauli zen A-3641 errepidean eta ez zen zauriturik egon. Horrez gain, istripuak ez zuen aparteko eraginik izan errepidean, ibilgailua bide bazterrean geratu baitzen.
Gaur bederatzietatik aurrera, ordea, kamioia kentzeari ekingo diotela azaldu du Aiarako Udalak eta esku-hartzeak ondorioak izan ditzake trafikoan.

Gatazka puntua
A-3641 errepidean ohikoak dira horrelako ezbeharrak. Iaz, esaterako, bi kamioik bide ertzean amaitu zuten urteko azken hilean, abenduaren 3an eta 23an.
Egoera errepikakor horrek isla du esparru politikoan. Izan ere, Okondoko Udalak exijitzen dio Arabako Foru Aldundiari errepidea hobetzea ahalik eta lasterren, herriko ume askok Aiarako ikastolara jotzen dutelako egunero. Baina Aiarako Udalak aldarrikatzen du, ezer baino lehen, trafiko astuna debekatzeko bide horretan, arriskutsutzat jotzen baitute kamioen presentzia eta hartzen duten abiadura.