Akerbeltz, Txapela Brava, Joselu Anayak… ia dena prest Luiaondoko jaiak ospatzeko

Aitor Aspuru Saez 2025eko ekainaren 27a

Gustu eta adin guzteintzako egitaraua prestatu dute. / Aiaraldea.eus

Luiaondoko herritarrek jaietako egitarau ia osoa prest dute eta ohiko jarduerekin musika eskaintza fresko eta dantzagarria eskainiko dute.

Oraindik azken prestaketak guztiz amaitu ez badituzte ere, Luiaondon madalenak nola biziko dituzten argi daukate herrian eta hori musikaz eta jardueraz gainezka izango da.

Uztailaren 18an bertan zabalduko da jaia herrian eta horretarako ohiko formulari eutsiko diote. Izan ere, kalejirarekin eta txupinazoarekin abiatuko dute egitaraua. Musika herriguneko toki ezberdinetatik zabalduko dute eta eskola zaharren balkoitik jaurtiko dute suziria. Gero, gogor jarraitzeko, Beranduegi erromeriak joko du 23:00etan eta dantzatzeko gogoa agortu ez dutenentzat DJ Varrok hartuko du lekukoa 02:30ean.

Hurrengo egunean goizetik ekingo diote herria animatzeari eta 11:00etan bola jaurtiketaren unea helduko da, 13:00ak arte. Errotuta dagoen kirol herrikoiaren txanda ez da eguerdian amaituko eta arratsaldez ere bolan jokatu dute, 17:00etatik aurrera. Edonola ere, ez da hori kirol jarduera bakarra izango, pilota partidak ere egongo baitira ordu berean frontoian. Ariketa fisikoaren ondoren, indarrak berritzeko ordua izango da 21:30ean, odoloste janarekin. Behin pilak kargatuta, berriro gau luzea eta bizia proposatuko dute Akerbeltz erromeria taldearekin 23:00etan eta DJ Blessiveren saioarekin 02:30ean.

Uztailaren 20an Txosna Eguneko ekintza gehienak ez dituzte zehaztu, baina jadanik badakite Txapela Bravak berotuko duela gaua 21:00etatik aurrera. Aipatu beharra dago erromeria talde hori aurten osatu dutela eta jadanik Aiaran jotzea zer den badakitela, Arespalditzan egon baitziren maiatzean. Hala ere, abesti herrikoiak eta dantzagarriak eramango dituzte Luiaondora ere, eta musika ez ezik, umorea ere gehituko diote menuari.

Jaiek adin oroko herritarrei egingo diete tokia eta filosofia horrekin bat, Haur Eguna izango da 21ean. Umeentzako gozamenerako parkea prestatuko dute frontoian.

Azken eguna uztailaren 22a izango da eta ohiturari jarraiki meza egingo dute eguerdian. Tradiziotik at, 18:00etan motorrak berotzeko ardura Etxebarria aita-seme trikitilariek hartuko dute —Unai Etxebarriaren bigarren emanaldia izango da hori, Txapela Bravarekin arituko baita bi egun lehenago—. Azkenik, 19:30ean itxiera bikain bezain klasikoa helduko da Joselu Anayaken kontzertuari esker.

Gogoratu beharra dago jaietako enigma guztiak ez dituztela argitu oraindik antolatzaileek. Izan ere, litekeena da Txosna Egunean jarduera gehiago egotea eta aurtengo dama nor izango den ere erabaki behar dute, bere esku utzi behar baitute giroa pizteko eginkizuna, bonboaren doinua eraginda.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide