Aurten zu izango zara jaietako dama, ezta?
Bai, sorpresa pixka bat sortarazi dit, baina botazioan atera nintzen eta aurrera egingo dut.
Zergatik uste duzu egokitu zaizula zuri dama izatea?
Hainbat urtetan gogoa izan dut dama izateko, baina gero lotsa handia ematen zidan. Aurten lagunek bultzatu naute eta izena eman nuen hautagai gisa.
Uste dut hautatu nautela Luiaondon ateratzen naizelako, jende gazte askok ez duelako bizitza herrian egiten. Beste neska bat ere aurkeztu zen dama izateko, baina ez da horrenbeste ateratzen hemendik. Finean, uste dut herriko jendeak ezagutzen nauela, eta boza eman didatela.
Prest zaude txupinazorako?
Hor nago momentuz. Sakana kuadrilla ondo aurkeztea da nire eginkizun nagusia, aurten gure lehenengo urtea delako. Bonboarekin gora eta behera egongo naiz Sakana handitzen.
"Sakana kuadrilla ondo aurkeztea da nire eginkizun nagusia, aurten gure lehenengo urtea delako"
Nolakoa izan da kuadrilla berriaren sorkuntza?
Bultzatzaileok 20 edota 22 urte ditugu, eta gero jende nagusia batu da, nire gurasoak adibidez, 50-55 urtekoak. Azken finean, Luiaondo herri txikia da, eta Oleta jatetxean gaude arratsaldeetan. Nik hitz egin ahal dut nire lagun Gentzarekin, 20 urte dituela, baina mintzatu naiteke baita ere 60 urte dituen beste norbaitekin, eta hori polita da.
Espero dugu lotura hori lortu ahal izatea Sakanarekin. Uste dut ekarpen handiena dela.
Zeintzuk dira gehien gozatzen dituzun ekintzak Luiaondoko jaietan?
Bola jaurtiketa eta karta torneoak. Niri pertsonalki asko gustatzen zaizkit, eta hor egongo naiz, nola ez, gauez, erromeriak eta DJak ere gogoko ditut eta. Baina batez ere, aipatutako bola jaurtiketa eta dauden torneoak, kartak, bingoa eta ekintza horiek guztiak, eguneko giroa.
Sakanako sortzaile gisa, helbururen bat duzue kuadrillan?
Bai. Hasteko, kamisetak eramatea. Bisualki kriston aldaketa izango dela uste dut. Kanpotik polita izango da, beste urteetan 30 pertsona bakarrik jantzi dira eta aurten 200 lagun kamisetekin ikustea espero dugu. Uste dugu aldaketa handia izango dela herriarentzat eta baita gure kuadrillarentzat ere.
Gaztedi Berria kuadrillako jantzia emakumezkoena da eta guk egin ditugun kamisetak umeek eta gizonezkoek ere jantzi ditzakete.
"Beste urteetan 30 pertsona bakarrik jantzi dira eta aurten 200 lagun kamisetekin ikustea espero dugu"
Pregoia prestatu duzu?
Momentuz ez dut hasi, baina badakit zer esango dudan. Sakana kuadrillaren aurkezpena egingo dut, eskerrak emango dizkiet bozkatu didatenei, jaietan ondo pasatzeko deia zabalduko dut eta nola ez, eraso sexista, matxista, homofobo eta arrazistak ez ditugula nahi esango dut. Administrazio Batzarreko kideei ere eskerrak emango dizkiet, bide honetan lagundu baitidate.
Urduri jarriko zara?
Ziur, 18:00etan aterako da kalejira eta garagardo pare bat hartuko ditut lasaiago igotzeko. Espero dut ondo eramatea. Banda jarriko dit iazko damak, diskurtso txiki bat egin ondoren. Gero pregoia irakurriko dut.