Jaietako kuadrilla sortu duzue aurten, ezta?
Bai, Sakana du izena. 'Troka' esan nahi du eta erreferentzia egiten dio Luiaondori, haran batean sartuta baitago. Grazia egin zigun.
Nola sortu da kuadrilla berria sortzeko ideia?
Luiaondon jai kuadrilla bakarra dago, Gaztedi Berria, eta gazteak bateratzeko asmoarekin egin dugu. Hala ere, nahastuta gaude. Hori bai, Gaztedi Berriakoak nagusiagoak dira.
Aurten erabaki duzue kuadrilla sortzea?
Iaz erabaki genuen, baina txosnaren antolakuntzarekin ez genuen tarterik izan.
Eta aurten jardueraren bat egingo duzue?
Bai, bazkari bat prestatuko dugu eta bola jokoan eta ekintza guztietan parte hartuko dugu.
Asko zarete?
WhatsApp taldean 30 lagun gaude, baina horiek dira soilik gazteak. 220 kamiseta saldu ditugu.
"Kuadrillako 220 kamiseta saldu ditugu"
15 laguneko kuadrilla gara antolatzaileak eta gero laguntza izan dugu hainbat jenderen aldetik, Joseba Mirasen partez adibidez, kuadrillako kidea ere badela.
Adin anitzeko lagunak zaudete?
Bai, gazteena 2007koa da eta nagusienak gure gurasoak dira. Belaunaldien arteko kuadrilla gara eta saiatuko gara guztiok elkartzen.
Helbururen bat jarri diozue kuadrillari?
Herria elkartzea. Azken finean, Gaztedi Berriako kideak baino ez ziren janzten orain arte. Hasieran kuadrillan lagunak baino ez geunden, baina jarri genituen kartelak bada ez bada, eta herri guztia batu da. Oso positiboa da balorazioa.
Hurrengo urtea beste modu batean antolatuko zarete?
Bai, denbora gehiagorekin hobeto antolatzen da dena, baina aurten ezustean harrapatu gaitu kamiseten salmenta egiteak.
Eskaera egiteko azken eguna uztailaren 1a zen, baina gero jendea atzeratu da, eskaera gehiago egin dituzte... Atzeratu da kontua.
"Belaunaldien arteko kuadrilla gara eta saiatuko gara guztiok elkartzen"
Zergatik da basurdea Sakana kuadrillako irudia?
Ez genekien zer jarri. Luiaondo herri txikia da eta basurdeak hurbil ditugu, mendian. Maskota bat da. Lagun bat hasi zen basurdearekin logoa egiten eta ez dauka aparteko esanahirik, pote bat hartzen agertzen da.
Txupinazorako zein da zuen asmoa?
Kuadrilla guztia batzea eta kalejirara joatea ere, ez geratzeko jende gutxi. Espero dugu kuadrilla berritzailea izatea jaietan. 225 kamiseta saldu ditugu eta hori Luiaondon asko da.
Gure asmoa da jendeak gauza gehiago egitea festetan. Orokorrean gaueko ekintzetara joaten dira eta egunean zehar egiten direnak ere politak dira. Guretzat erreferenteak Amurrio eta Laudioko kuadrillak izan dira, egunean zehar giroa sortzen baitute. Espero dugu hurrengo urterako kuadrillako prakak ere egitea.