Larunbatean 250 talo afaltzeko tiketak saldu dituzte Llantenoko jaietan

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 23a

Iazko jaietako argazki bat. / Lantenoko Jai Batzordea

Ostiralean eta larunbatean ospatuko dituzte jaiak eta larunbatean jendetza egongo dela ziurtatu dute taloen tiketen salmentaren bidez.

Llantenoko jaiak izango dira asteburuan eta antolatzaileek badakite ez dela jendea faltako, gutxienez, larunbatean 20:30ean. Izan ere, 250 tiket saldu dituzte taloa, postrea eta txokolatea hartzeko.

Edonola ere, ospakizunak ostiralean hasiko dira. 12:00etan meza egongo da eta 12:30ean txorizo jana. Ordu horretan ere inauguratuko dute herriko fatxaden argazki lehiaketa. Aurten 20 irudi inguru jaso dituzte (atzo amaitu zen parte hartzeko epea) eta epaimahaiak erabakiko du nortzuk izango diren bi argazki sarituak.14:00etan jakinaraziko dute ebazpena.

Amaitzeko, Korterraza film laburren jaialdiaren edizio berria izango dute 22:00etan eta krispetak eskainiko dituzte.

Larunbatean, arratsaldetik gauera arte

Dena den, larunbatean antolatuko dituzte ekintza gehienak. 16:00etan mus txapelketan izena emateko epea irekiko dute erretiratuen txokoan. 20 euro balioko du bikote bakoitzaren inskripzioak eta irabazleek 300 euro jasoko dituzte, bigarren bikoteak 150 euro, hirugarrenak 50 euro eta laugarrenak bi txakolin botila.

Arratsaldeko bostetan umeentzako puzgarriak eta tailerrak eskainiko dituzte eta 18:00etan pintxopotea. Handik ordu erdira talo tailerra emango dute herriko haurrekin eta 20:30ean talo jana helduko da, aipatutako 250 parte hartzaileekin. 

Gaueko hamarretan bingoaren unea izango da eta, ondoren, zozketarekin eta Gauargi erromeriarekin itxiko dute egitaraua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide