EAJk proposatu du Mugiment programa Aiaran abiatzea, ohitura osasuntsuak sustatzeko

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 27a

Aiarako EAJko kideak. / EAJ

Pasa den osteguneko udalbatzara eraman zuen egitasmoa, jarduera fisikoa bultzatzeko eta osasunaren ikuspegi integral batetik sedentarismoa murrizteko.

Urtarrilaren 22an egin zen Aiarako udalbatza eta EAJko taldeak Mugiment programa Aiaran ezartzeko proposamena egin zuen. Ekimen bera eskualdeko beste herri batzuetan ere indarrean dago, Laudion eta Amurrion kasu. Guztira 134 erakundek parte hartzen dute.

"Ez da ekimen puntual bat, defendatzen dugun udalerri-ereduarekin koherentea den lan-ildo bat baizik: aktiboa, osasungarria eta pertsonak zaintzen dituena", adierazi du Gentza Alamillo bozeramaile jeltzaleak.

EAJk aipatu du Mugiment programa gizarte aktiboago baterantz aurrera egiteko helburuarekin bultzatutako proiektu bat dela, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako ekimenak biltzen eta ikusarazten dituena eta, bereziki, pertsona ez-aktiboak lehenesten dituela.

EAJk aipatu du Mugiment programa gizarte aktiboago baterantz aurrera egiteko helburuarekin bultzatutako proiektu bat dela, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako ekimenak biltzen eta ikusarazten dituena.

Urratsak eta eredu komunitarioa

Ekimena Aiaran indarrean egon dadin, oposizioko talde nagusiak bide orria ere prestatu du. Lehen fasean, diziplinarteko lantalde bat sortzea iradoki dute, udal-eremutik gidatua, non udalerriko hainbat eragile ordezkatuta egongo diren: osasun-langileak, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza-komunitatea, kirol-eragileak eta tokiko elkarteak.

Bigarren fasean, jarduera fisikoari buruzko orientazio-zerbitzu bat abian jartzea proposatu dute, herritarrak bizi-ohitura osasungarriak hartzen informatu, aholkatu, gidatu eta laguntzeko. Zerbitzu hori pertsona ez-aktiboei zuzenduta egongo litzateke bereziki, patologiekin edo patologiarik gabe, eta jarduera fisikoa beren ongizate globala hobetuko duen eguneroko ohitura gisa integratzen lagunduko lieke.

Bizimodu ez aktiboen arriskua

Jeltzaleek Osasunaren Mundu Erakundearen datuak gogoratu dituzte egitasmoaren garrantzia azpimarratzeko. Izan ere, jarduera fisikorik eza gaixotasun ez-kutsakorren ondoriozko heriotza-arriskuko faktore nagusien artean dago, eta heriotza-arriskua %20 eta %30 artean handitzen da jarduera-maila eskaseko pertsonen artean.

Horregatik, hain zuzen, jarduera fisiko erregularrak (oinez ibiltzea, bizikletan ibiltzea edo jolas-jardueretan parte hartzea) ondorio positiboak ditu osasun fisikoan, mentalean, emozionalean eta sozialean.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide