MAITANE PEREZ GOMEZ

“Harrotasunez biziko ditut Aiarako jaiak eta hori ere islatu nahi dut”

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 23a

Egun biziak dira hauek MAITANE PEREZ GOMEZentzat Bartzelonako Sant Jordi liburu azokara joatea aurreikusi du ostegunean eta ostiralean San Prudentzio jaien pregoia irakurriko du.

Nola hartu duzu pregoilari izateko hautaketa? Pregoia idatzi duzu?

Ilusio handia egin dit, baina bertigoa ere. Ez nago ohituta horrenbeste jendearen aurrean hitz egitera. Badaukat zer esango dudanaren ideia. Alde batetik, aipatuko dut nola bizi ditudan egun eta nola bizi izan ditudan jaiak. Herriari buruz ere mintzatuko naiz. Izan ere, ez naiz hemengoa, Amurriokoa naiz. Hona etorri nintzen hamabost urterekin gurasoek ekarri nindutelako. Momentu horretan ez nuen ulertu, baina orain ez nuke ezer aldatuko. Hemen bizi naiz eta hemen bizi nahi dut etorkizunean. Azalduko dut zer den Aiara niretzat.

Zergatik hautatu dizute pregoilari?

Arespalditzan bizi izan naiz eta Erretes Lantenoko bizilaguna naiz orain. Nik hemen egin ditut sustraiak eta hemengoa naiz, ondorioz. Txikitan ez nuen susmorik zenbat maitatuko nituen herri hauek. Liburuetan ere hori agertzen da eta etorkizunean ere horrela izango da. Gauza eder asko ditugu Aiaran eta hori zabaldu behar dugu. Uste dut horregatik, neurri batean, eman didatela pregoiaren ardura, Aiararen ezagutzan lagundu dudalako eta hemen sustraiatu naizelako. Nire literaturan asko agertzen da Aiara eta kanporatzen lagundu dudalak uste dut

Zein izan da zure ibilbide literarioa?

Hasi nintzen umeentzako literaturarekin, alabari laguntzeko doluarekin. Maite ditugun pertsonak betirako gogoratzearen garrantzia lantzeko idatzi nuen Haizene eta oroitzapenen indarra. Gero etorri zen Aialur: Maroñoko sekretua. Liburu horretan fantasiazko mundu bat kokatu dut Maroñon, ez dugulako behar beste leku batzuetara joatea horretarako.

Horrek eskualdeko eskoletan, adibidez, harrera oso ona izan du. Argitaletxeak bigarren atala nahi du, baina nik plazeragatik idazten dut, ez behartuta. Hain zuzen, Maitane naiz lehenik eta behin, gero ama eta, azkenik irakaslea. Idazten dut ihesbide moduan eta ez da derrigortua egiten dudan zerbait.

Orain helduentzako literaturan nago sartuta. Azken liburuak, Cuando el bosque recuerde euskal mitologiarekin harreman handia dauka esandakoagatik, uste dudalako hemengo ondarea, kultura eta sustraiak landu eta mantendu behar direla. Maiz kanpora jotzen dugu erreferente bila eta ez diogu Euskal Herriari erreparatzen, nahiz eta ondare izugarria izan. Hori nabaritzen dut nire lanean. Irakaslea naiz eta askotan irakasten ditugu kanpoko gauzak eta ez dugu euskal kultura ezagutzen; tradizioa, baserria, ohiturak… Egunerokotasunean hutsune handia dago. Ondo dago jakitea zer dagoen atzerrian, baina hemengoa ere ezagutu behar dugu.

Azken eleberrira itzulita, euskal mitologia eta bere pertsonaiak (Basajaun, Mari, Sugaar, Akerbeltz...) mundu garaikidera eraman ditut. Berrikuspen bat da. Nik oso gogoko izan dut beti euskal mitologia eta ikasten nuenean ahal nuenean horri buruz idazten nuen. Ez dakit thriler edo misterioa edo fantasia den. Pertsonaia mitologikaok protagonistak dira, gaurkotasunera ekarrita, hori bai.

Helduen literaturan harreman tokixoetan sartu zara.

Bai, tamalez, hori ez da hemen gertatzen den arazoa, egungo kultura da eta mundu osoan. Saltzen digute maitasuna gauza bat dela eta guztiz kontrakoa izan beharko litzateke. Alegia, errespetua, maitasuna eta maitasun propioa izan beharko litzateke.

Institutuan edo eskolan ikusten duzu gazteen artean islatzen direla gizartearen eredu batzuk gero eta lehenago agertzen direnak eta gero eta okerragoak direnak.

Euskadi Literaturaren Sariaren epaimahian ere ibili zara.

Bai, iaz, euskarako eleberrien atalean. Oso esperientzia ona izan zen, asko gozatu eta ikasi nuen. Euskal literatura ezagutu behar dugu eta epaimahai horretan asko ikasi nuen Patxi Zubizarreta edota Danele Sarriugarteren eskutik. Kuadrillako lagunekin esperientzia partekatua dugu. Maiz liburudendetara goaz eta liburuak ez daude ikusgai, galdetu behar duzu. Jendea ez dago ohituta.

Zerbait duzu esku artean orain?

Bi proiektu ditut. Nire liburuek sustrai bera dute, barruko emozioak eta nondik gatozen eta nora goazen. Badago eleberri bat ondo geratuko dena, uste dut. Beste eleberri bat ere hasi dut. Gainera, Aialur-en bigarren atala daukat. Eskoletan oso harrera ona izan du. Maroño ezagutu dute eta guraso batzuek esan didate hara joan direla. Argitaletxeak beste istorio bat eskatu dit.

Zer espero duzu Aiarako jaietan?

Beti bezala bizitzea. Bereziak izango dira eta ilusioa ematen dit, baita beldurra ere. Harrotasunez ere biziko ditut eta hori ere islatu nahi dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide