JONKASS

“Topikoa dela pentsatuko duzue, baina Aiarako publikoa berezia da”

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 24a

Gaur gauean arituko da Jonkass Aiarako Jaietan. / Jonkass

JONKASS Aurpegi ezaguna izan da Aiaran azken urteotan Akerbeltz erromeria taldeko abeslaria izan delako, jaietan itzuliko da bere proiektu propioarekin.

Akerbeltzen ostean zuk bakarrik abiatu duzu zure ibilbidea.

Bai, beste fase batean nago. Bakarkako ibilbidea zen, baina taldekako sentimendua gero eta handiagoa da. Sormenerako gogoa nuen eta asetzeko egin dut. Ni naizena adierazi nahi dut.

Zergatik orain?

Hamalau urterekin hasi nintzen nire abestiak sortzen eta kanta mordoa nituen, batzuk beste jendearekin eginda.  Akerbeltzekin egon naizenez, ez nuen unea ikusten. Proiektu batean nagoenean, gogoko dut %100ean aritzea.

Nola definituko zenuke zure musika?

Pop-rocka hartu dugu, funkie-a ere jotzen dugu, ukitu elektronikoak, folketik ere edaten dugu… Dantzagarria da eta erromeriatatik ezagutzen naute. Horregatik erromerietako giro hori hartzen ere saiatu gara, elementu guztiak batuta eta zentzua emanda.

Nolakoa izan da prozesua?

Paradisu Zinema bekara aurkeztu nituen abesti batzuk eta lortu nuen. Horrek ere muga bat eman zidan diskoa egiteko. Edonola ere, hori baino lehen Akerbeltzek bazekien 2025 nire azken urtea izango zela taldean. Beti nenbilen nire ibilbidea bakarlari gisa atzeratzen eta zerbait ezberdina eta nirea egiteko gogoz. Akerbeltzen nengoenean ez nintzen nire burua sentitzen artista oso gisa beste sortzaile batzuekin nengoenean.

Zer topatuko du publikoak?

Lehenik eta behin, gonbidatu nahi ditut etortzen, Akerbeltz gustuko izan bazuten, honetaz ere gozatuko dutelako ere. Desberdina da, baina ikuskizunarekin asko jokatu dugu. Ezagutzen nauenak badaki ikuskizuna eskaintzea gogoko dudala, baita publikoak parte hartzea ere.Dena den, oreka bilatu dugu ezagutzen ez dituzten -nireak- eta ezagutzen dituzten abestiekin dantzatzeko. Moldatu dugu zuzenekoa, jendeak, oro har, ez dituelako nire kantak ezagutzen. Oso bisuala da eta ondo pasatzekoa. Nire helburua hori da, nahiz eta jendeak nire kantak ez ezagutu, gozatzea.

Ezustekoak egongo dira eta dena ondo pentsatuta dago. Gakoa da dantzatzeko eta abesteko gogoekin etortzea. Bi diskoteka bola ditugu, arropa aldaketa dago, argiekin jolasten dugu… Gero bakoitzak erabaki dezala lehen egiten nuena gehiago gogoko duen edo ez, baina, lehenik eta behin ikus dezala.

Aiaraldean behin baino gehiagotan jo duzu, ezta?

Topikoa dela pentsatuko duzue, baina Aiarako publikoa berezia da. Nire lehenengo kontzertuetako bat Amurrioko kintoetan izan zen 2022an pandemia ostean eta Arespalditzara joan gara urtero. Ezagun pilo ditut jadanik, gure ohitura izan delako giroaz gozatzea eta geratzea jaietan. Hori oso gogoko dut.

Ez dakit zergatik, baina jendeak beso zabalik hartzen gaitu eta asko dantzatzen du. Beste leku batzuetan nekez lortzen duzu publikoak dantzatzea, baina hemen jendea prest dago eta igartzen da. Asko laguntzen dute eta beti sentitu izan gara oso zainduak. Beti gogoratu dira gutaz eta hori plazera da, baita harremanak sortzea ere, jendea ezagutzea. 

Horrez gain, Aiarako jaiak bereziak dira urteko lehenengo jaietariko bat direlako eta termometro oso ona ikuskizuna probatzeko. Espero dugu eguraldiak laguntzea, bestela karpa ederra dago. Ez dago aitzakiarik ez etortzeko!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide