San Prudentzio jaien danborrada egin dute gaur 12:00etan Arespalditzan eta familia mordoa bildu da eliza eta udaletxearen artean Etxaurren Ikastolako umeak ikusteko.
Bereziki hunkigarria izan da gaurko edizioa, Andoni Armentia apaiza eta musikari porrokatua oroitu baitute. Martxoan zendu zen eta bere inguruko lagun askok hitza hartu dute aitortzeko musikaren eta euskal kulturaren alde egindako lana. Bideoa ere sortu dute eta udalbatza aretoan proiektatu dute.
Hitzartzearen ondoren, danborradaren txanda izan da eta, urtero legez, seigarren mailako ikasleak agurtu dituzte, hurrengo urtean ez baitira egongo ikastetxean.
Horrez gain, jendetza batu da ferialean, azokan zein haurrentzako tailerrean parte hartzeko. Tubos Reunidos enpresako grebalariek ere elkarretaratzea egin dute.
Arratsaldean amaituko dituzte ospakizunak dantza plaza eta odoloste janarekin.