Instalazio berria inauguratu dute Etorkik eta Lanak gaur goizean Murgan, bertan duten lantegiaren alboan. 95.000 metro koadroko azpiegitura berri horrekin, 80.000 metro kubiko egur ekoiztetik 300.000 produzitzera pasako dira urteko, hirukoitza, alegia.
Modu horretan, "Europa hegoaldeko zerrategi handiena eta eraginkorrena" izatea espero dute.
Horrez gain, 100 enplegu sortzea ere aurreikusi dute, EFE agentziak azaldu duenez.

Aiaraldeak etorkizuna duela defendatu du Imanol Pradales lehendakariak, eta iragarri du laster inbertsio gehiagorekin itzultzea espero duela.
Mondragon Kooperatiban integratutako bi enpresa dira Etorki eta Lana, eta iragan apirilean fusionatu ziren. Lau urte baliatu dituzte proiektua gauzatzeko, 67 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eginda.
Inaugurazioan nabarmendu dutenez, 12,8 milioi Jaurlaritzak jarri ditu Handitu eta Handitu Egurra programen bidez, "enpresaren lehiakortasuna eta inguruan duen eragina indartzen laguntzeko".
Imanol Pradalesen hitzartzea
Imanol Pradales Lehendakariak, Amaia Barredo sailburuak eta Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak parte hartu dute inaugurazio ekitaldian, Pruden Otegi Aiarako alkatearekin batera. Lehendakariak hartu du hitza bertan, eta gogorarazi du azken urtean hiru aldiz bisitatu duela eskualdea “hiru inbertsio garrantzitsuren berri” emateko: Vidralarena, Harscorena eta gaurkoa.
Gauzak hala, Aiaraldeak “etorkizuna” duela defendatu du lehendakariak, eta aitortu du espero duela laster “inbertsio berriekin” bertaratu ahal izatea. “Guztiok lan egiten badugu ziur nago horrela izango dela”, azpimarratu du.
