IRAIA MIMENZA ETA JON MARKEL ASCENSO

“Espero dugu datorren urtean kuadrilla berriak egotea jaietan”

Erredakzioa 2026ko abuztuaren 3a

Jon Markel Ascenso eta Iraia Mimenza Luiaondoko Jaietako txupinazoan. / Aiaraldea.eus

IRAIA MIMENZAk eta JON MARKEL ASCENSOk historia egin dute Luiaondoko Jaietan. Lehendabizikoz bi ordezkari izango dituzte festetan, eta horien artean ordezkari papera hartzen duen lehen gizonezkoa.

Jaietako ordezkariak zarete biak. Aurtengoa lehenengo urtea da bi ordezkarirekin.

Iraia: Oso pozik eta harro gaude gurea delako lehenengo edizioa bi ordezkarirekin, berritzailea da herrian. Gainera poztekoa da Sakana kuadrillaren aldeko apustua ondo atera izana, eta horren isla da aurten kuadrilla horretako ordezkari bat egotea ere.

Jon Markel: Espero dugu datorren urtean kuadrilla gehiago egotea. Administrazio Batzarrak hartu zuen bi ordezkari izatearen erabakia herritarrak motibatu eta kuadrilla berriak sortzera edo kuadrilletara batzea bultzatzeko.

Iraia: Iragan urtera arte Gaztedi Berria izan da Luiaondon egon den jai-kuadrilla bakarra. Sakana kuadrillaren sorrerak haize berria ekarri dio herriari. Espero dugu kuadrilla berri gehiago sortzea, azken finean geroz eta gehiago gara Luiaondoko bizilagunak.

Azken urteetan gorakada nabaria izan dute Luiaondoko Jaiek.

Iraia: Garai batean festetan biltzen zen mundu guztia ezagutzen genuen, orain geroz eta pertsona gehiago datoz inguruko herrietatik.

Jon Markel: Festa-giroak asko egin du gora. Lehen Luiaondoko lau katu elkartzen ginen, orain Amurrio, Laudio, Urduñako… jendea ere hurbiltzen da.

Baina luiaondoarrek askotan aldarrikatu duzue jaia ez dela bakarrik gaueko kontua.

Iraia: Ez, inondik inora. Aurten ahalegin berezia egin da Luiaondoko jaietan eguneko giroa indartzeko: azoka, areto-futbol txapelketa…

Jon Markel: Herri bazkaria ere egin dugu, orain arte ez zen egiten. Jendea ekintzetan parte hartzera animatu nahi dugu.

Mezurik luzatu nahi diezue jaietara bertaratuko diren horiei guztiei?

Iraia: Errespetuz jokatzea eta gure herria zaintzea.

Kuadrilla berriak sortzearen beharra aipatu duzue ere.

Iraia: Bai, eta Gaztedi Berria kuadrillako kidea naizen aldetik gonbita luzatu nahi dut ere kuadrillako kide izandakoek berriro ere gure jantzia kalera atera dezaten.

Jon Markel: Ezin dut asko esan, baina dudan informazioaren arabera datorren urtean kuadrilla berri bat egongo da ziur.

Sakanako kuadrillako kideak zaudete aurten herriko txosnaren antolakuntzan. Zer nolako lana suposatzen du?

Jon Markel: Lan nekeza da, gauza asko hartu behar dira kontuan. Ekintza asko antolatu ditugu aurten estreinakoz eta nahiko genuke datorren urteetan ere mantentzea.

Santo Domingo eta San Lorentzo egunekin luzatzen da festa Luiaondon. Zer dira egun horiek zuentzako?

Iraia: Oso festa desberdinak dira. Giroa zeharo desberdina da, herrikoak gara gehienak. Asko gogoko ditugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide