“Marinelak ez direnek ez dute baloratzen egunero etxera iristearen zortea”

Ainhoa Basarrate Astobiza 2016ko urr. 15a, 14:30

ELIXABETE HERRERA MAGRACHek (Luiaondo, 1980) 10 urte eman ditu itsasoan lanean: ofizial karguan aritu da merkantzia arriskutsuak garraiatzen dituzten ontzietan. Tailandiara egin du azken bidaia.

ELIXABETE HERRERA MAGRACHek (Luiaondo, 1980) 10 urte eman ditu itsasoan lanean: ofizial karguan aritu da merkantzia arriskutsuak garraiatzen dituzten ontzietan. Tailandiara egin du azken bidaia.

Nola egiten da lan horrelako itsasontzietan?
Hiru edo lau hilabete osoko kanpainak izaten dira. Horien ondoren hilabetetako atsedena hartzen dugu, oso intentsitate handiko lana delako: etengabe egiten ditugu 4 orduko guardiak eta 8 orduko atsedenak, gau eta egun eta asteko egunen artean desberdindu gabe.

Tradizionalki gizonen arloa izan den hori, aldatu da?
Unibertsitatean, gure klasean, 50 ikasle inguru geunden eta 13 neska ginen. Noizbait emakume bakarra izan naiz kanpainan, baina gehienetan ez.
Noski, itsasontzi batzuetan kide ergelak egon dira, inoiz emakume bat buruzagi izan ez dutenak... Baina orokorrean ez dut arazorik izan eta zorte handia izan dut.

Euskaldunen eragina nabari da itsasoaren munduan?
Bai! Egun galiziar gehiago dago, baina euskaldunon eragina oso nabaria da oraindik ere. Kubatar edo argentinarrek ere badakite zer den “hamaiketakoa” eta non dagoen itsasontziko “kakalekua”. Bi hitz horiek oso errotuta daude! (barreak)

Bakardadea da gogorrena?
Baietz esango nuke. Jende gehienak ez du baloratzen egunero etxera iristearen zortea. Itsasoan urtebetetzeak, ezkontzak... gauza asko galtzen dituzu. Lankide askok seme-alabak dituzte eta ez dute apenas denborarik ematen haiekin. Oso gogorra da. Adibidez, nik zortzi urtez eman ditut Gabonak etxetik hurrun. Hala ere, 6 urtez itsasontzi berdinean aritu zarenean eta kide berdinekin zaudenean, familian egongo bazina bezala sentitzen dituzu horrelako egunak.

Marinelak itsasoarekin ere ‘ezkontzen’ direla diote.
Zalantzarik gabe. Jubilatzen den jende gehienak esaten du: “Hilabetetxo bat joango nintzateke!”. Eta ezagutzen duzun jendea eta ikusten dituzun gauzak asko aberasten zaituzte. Mundu osotik ditut lagunak! Gauza asko kentzen dizkizu, baina ordaindu ezin daitekeen esperientzia irabazten duzu.

Orain lehorrean zaude.
Familia bat osatu nahiko genuke eta horretarako itsasoak ematen ez duen egonkortasuna behar dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide