“Txikiak dira Atxetako Jaiak, baina gozamen handia eskaintzen dute”

Erredakzioa 2016ko ira. 12a, 10:11

Zortzi-hamar pertsona inguru aritzen dira Atxetako Jaien Batzordean, jaien antolakuntzan herri osoa dabilen arren. Eurekin hitz egin dugu, auzoko jaiek xehetasunen berri jasotzeko.

Zortzi-hamar pertsona inguru aritzen dira Atxetako Jaien Batzordean, jaien antolakuntzan herri osoa dabilen arren. Eurekin hitz egin dugu, auzoko jaiek xehetasunen berri jasotzeko.

Aurten zer topatu ahal izango du Atxetako Jaietara gerturatzen denak?

Auzo txiki bat gara, baina jaien asteburua ekintzaz betea egongo da. Dantza Plaza egongo da Patxi Perezekin, eta disko festa bat zumba irakasle batekin. Hortaz gain, Gorka Aginagalde humoregilea egongo da, hirugarren urtez jarraian. Bere lan berria aurkeztuko du, “Cotillas” izenekoa. Bestelako ekintza batzuk ere egongo dira: perkusio tailerra, talo tailerra, puzgarriak, apar jaia, pailazoak, txokolatada eta umeentzako beste hainbat gauza ere.

Txapelketa gastronomikoa eta igel txapelketa ez dira faltako, ez?

Noski! Gure jai egitarauko oinarrizko bi ekintza dira. Aurten 28 urte beteko ditu Igel txapelketak. Joko tradizional bat bezala hasi zena igande arratsaldean arrakasta handia duen ekintza bilakatu da. Badaude inoiz huts egiten ez duten parte hartzaileak, giro bitxia sortzen da.

Lehiaketa gastronomikoari dagokionez, urte asko daramatzagu antolatzen, ez soilik zazpi. Hala ere, aurtengoa VII. edizioa izango da, Jesus Gorostizagaren memorial gisa.

 

Jesus urtero etortzen Arrankudiagatik, eta igandeko bazkaria prestatzen zigun: paella eta solomoa piperrekin”

 

Herri bazkaria orain autoen aparkalekua dagoen tokian egiten zen eta umeentzako jolasak egiten hasi ginen garaian hasi zen bera etortzen sukaldari lanak egitera. Pertsona jator, abegikor eta atsegina zen auzoko guztiekin. Gehienok urtean behin baino ez genuen topo egiten berarekin, baina harreman berezi bat garatu genuen. Txikitatik ezagutu genuenok sukaldari gisa ikusten genuen, soinean zeraman amantal zuriarekin.

Bera omentzeko jarri genion bere izena lehiaketari. Gaur egun Anton Galarza eta Pablo Montalban ditugu gurekin. Moltanban Atxetakoa da, eta bien artean Jesusek prestatzen zigun menu berbera prestatzen digute, berak zuen ilusio eta maitasun berarekin. Hemendik eskerrak eman behar dizkiegu horrelako lanak egiten dituzten pertsonei, askotan ez baitugu kontuan hartzen zer nolako inplikazio eta erantzukizunak hartzen dituzten euren gain.

Zer nolako harrera izan ohi dute Atxetako Jaiek?

Atxetako Jaiak betidanik izan dira famili giroan gozatzeko egokiak.

 

Oso giro hurbila dago, familia artekoa eta, batez ere, txikienentzako oso segurua”

 

Horregatik animatzen dira Areta eta Arrankudiagako familia asko gurean asteburu osoa igarotzera. Ez da falta ezta Laudiotik, Amurriotik, Orozkotik edota Ugaotik gerturatzen den jendea ere, une onak igarotzera datozenak, umeentzako ekintzak dauden orduetan batez ere.

Adin guztietako pertsonek gozatzeko ezin hobeak dira Atxetako Jaiak, edonork gozatzeko moduko egitaraua baitute. Lehiaketa gastronomikoa edo helduentzako bestelako ekintzak egiten diren une berean umeentzako ekintzak daude baita, aita eta amek gozatzeko aukera izan dezaten euren seme-alabak begiraleekin jolasten edo tailerretan parte hartzen ari diren bitartean.

Zenbat zarete Jai Batzordean? Nola antolatzen zarete jaiak aurrera ateratzeko?

Auzoan badugu kultur elkarte bat: Atxetalde. Elkarte horren bitartez antolatzen dugu dena.

Elkartea, Jai Batzordea bezala, auzokide guztiek osatzen dute”

Uztaila partean bilera bat egiten dugu jaietarako ideiak biltzeko. Auzoko edozein kide bertaratu daiteke bilera horretara, zer egitea gustatuko litzaiokeen esateko. Bertan erabakitzen dugu zer egin, denon artean.

Guk, auzokook, gozatzeko antolatzen ditugu festak, eta egitarauarekin inguruko jendea gerturatzea ere lortzen badugu, ongietorria izan dadila!

Barra txandak dira jaien asteburuan antolatzea gehien kostatzen zaigun gauza. Ordu askotan zehar betiko 3 edo 4 pertsonak daude barran. Beste batzuk mikrotik hitz egiten dute bitartean, sariak banatzen dituzte, txokolatada eta txistorra prestatzen dituzte...

 

Zaila da, zortzi pertsona inguru baino ez baikara lan hori guzti hori egiten dugunok”

 

Batzuetan estresatu egiten gara, baina modu honetan guztiok izaten dugu tartetxo bat marmitakoa egin eta dantzatzeko!

Parranda egiteko tartea izaten duzue, beraz.

Denbora gutxi geratu ohi zaigu, baina bai. Ondo ulertzen dugu elkar eta bakoitzak badu gutxi gora behera bere zeregina zehaztuta, bakoitzaren funtzioa inon idatzia ez dagoen arren. Baina urtez urte pertsona bakoitza gauza batean trebatzen doa, eta horrela guztiok dakigu nor arduratzen den gauza bakoitzaz. Adibide konkretu bat jartzearren: Blas eta Matek 15 urte daramatzate herri bazkariko postrerako hostopilak plateretan jartzen. Batek pastela jartzen du, bestea izozkia mozten duen bitartean (barreak).

Hemendik eta irailera arte gauza asko falta zaizkizue lotzeko?

Ikuskizun eta ekintzak uztaileko bilera egin eta astebetera lotu ohi ditugu. Erosketak, kartelak inprimatzea, garbiketa, lokalaren antolaketa... eta halakoak uzten ditugu irailerako.

Atxeta txikia da, baina eskaintzen duen gozamena handia, handi zein txikientzako! Animatua bertaratzera, nahiz eta asteburu berean beste jai batzuk egon. Etorriz gero errepikatuko duzue, seguru!

Ahalik eta hobekien antolatzea espero dugu, eta jendeak gure auzoa ezagutzea. Arrankudiagako auzoa da gurea, herriaren erdigunetik nahiko urrun egon eta Areta eta Arakaldorekin muga egiten duen arren.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide