Aiaraldean 76 tortura kasu identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzaren txostenak

Erredakzioa 2016ko uzt. 20a, 07:54

Aiaraldeko 76 pertsonen tortura kasu topatu daitezke “Tortura 1960-2013” txostenean. Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak agindutako ikerketa da hori, eta Paco Etxeberria antropologo forentse ezagunak zuzendu du.

Aiaraldeko 76 pertsonen tortura kasuak topatu daitezke “Tortura 1960-2013” txostenean. Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak agindutako ikerketa da hori, eta Paco Etxeberria antropologo forentse ezagunak zuzendu du.

Txosten horrek 4.009 tortura kasu identifikatu ditu guztira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Horietatik 2.000 kasu sakon aztertu dituzte ikertzaileek, eta torturak jasan dituzten 202 laguni aplikatu zaie Nazio Batuen Istanbulgo Protokoloa (egun tortura kasu bat frogatzeko nazioartean onartuen dagoen metodoa).

Hala ere, txostenaren egileek azpimarratu dute orain arte eginiko zenbaketa behin-behinekoa baino ez dela, ikerketa ez baitago bukatua. Kasu gehiago egon daitezke, beraz. 10.000raino igo daiteke kasu kopurua, Torturaren Aurkako Taldearen esanetan. Ikerketa osoa abendurako bukatzea aurreikusi du ikertzaile taldeak.

Aipatzekoa da Torturaren Aurkako Taldeak gatazka politikoarekin erlazionatutako Aiaraldeko tortura kasuen zenbaketa bat egin zuela duela zenbait urte, eta 70 kasu biltzea lortu zuela, 1979 urtea hartuaz abiapuntutzat.

Kasu gehienetan Guardia Zibila eta Polizia Nazionala ziren torturatzaile gisa azaltzen zirenak, baina 1992. urtetik aurrera ertzaintzaren aurkako salaketak ere jazo dira.

Kondena bakarra eskualdean

Tortura kasuen kopuruak handian izanik ere, 1960tik hona 21 kondena baino ez dira egon (12 Guardia Zibileko kideei ezarriak eta 9 Polizia Nazionaleko kideei ezarriak). Kondena horietako bat Aiaraldeko kasu bategatik izan zen: Bixente Malaxetxeberria "Baskito"-ren kasua.

1986ko urtarrilaren 22an 8 laudioar atxilotu zituen Polizia Nazionalak. Gehienak 10 egun egon ziren inkomunikaturik eta torturak salatu zituzten. Bixente Malaxetxeberriak, "Baskito", ordea, egun bakarreko atxiloketa izan zuen.

Egun hori, hala ere, nahikoa izan zen poliziarentzat Bixenteri begi-bistako zauriak eragiteko: kolpeen ondorioz belarriak odoletan eta barrabilak ubelduta utzi zizkioten.

Poliziaren aurkako salaketa jarri zuen Bixentek eta epaiketa irabazi zuen. Gasteizko epaitegi batek Antonio José Rodríguez Cerdeiro polizia zigortu zuen. Hori bai, zigorra arina izan zen: bi hilabeteko atzipenaldi handia eta sei hilabeteko desgaikuntza ezarri zioten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide