“Jende askok eskatzen du etxeko laguntza zerbitzua, baina ez dago baliabide nahikorik”

Ainhoa Basarrate Astobiza 2016ko uzt. 6a, 12:54

ANA ORIBE (Laudio, 1962) zaintzailea da. Arabako Foru Aldundiaren etxeko laguntza programaren baitan, Arabako Laguntza enpresan, lan egiten du. Zaintza lanei buruzko erreportaje bat dela eta egin genion elkarrizketa.

Nola egiten duzue lan?

ANA ORIBE (Laudio, 1962) zaintzailea da. Arabako Foru Aldundiaren etxeko laguntza programaren baitan, Arabako Laguntza enpresan, lan egiten du. Zaintza lanei buruzko erreportaje bat dela eta egin genion elkarrizketa.

Nola egiten duzue lan?

Aiaraldea osotik ibiltzen gara. Orduka egiten dugu lan etxeetan, langile bakoitzak bere kasuak ditu. 10 urtez egon naiz sektore honetan lanean.

Jendarteak zaharkitzera egin du eta geroz eta mendekotasuna duten pertsona nagusi gehiago dago. Nabaritu duzue hori zuen lanean?

Egia esan, azkenaldian beherakada egon da.

 

"Orain ordu gutxiago ematen dizkigute, beharbada gastu sozialean egon diren murrizketengatik: kasu gehiago daude baina bakoitzak atentzio gutxiago jasotzen du"

 

Hala ere azken hilabete hauetan ematen du goraka hasi dela. Jende askok eskatzen du zerbitzua, baina ez dago baliabide nahikorik.

Nola egiten du lan zu bezalako zaintzaile batek?

Gu ordu bat edo bi egoten gara haiekin eta garbi egoteaz arduratzen gara eta botikak modu egokian hartzen dituztela ziurtatu behar dugu, besteak beste. Nik ere, askotan, eta denbora badaukat, haiekin egunkaria irakurri eta komentatzen dut edo kartetan edo partxisean jolasten ibiltzen gara. Eguraldia ona denean kalera ateratzen gara paseoan. Aktibatu daitezen saiatzen naiz. Gu ez gaudenean, telebistari so egoten dira, besterik egin gabe. Emakume batek behin esan zidan aingeru zaintzaileak garela eta poztasun izugarria ematen du hori entzuteak. Ematen duzuna baino askoz gehiago jasotzen duzu, dudarik gabe. Zurekin, eta zuk egiten duzun lanarekin, zoriontsuak direla jakitea ordaindu ezin daitekeen zerbait da.

Zeintzuk dira horrelako egoera batean dagoen pertsona bat zaintzeko gakoak?

Errutinak eta pazientzia, dudarik gabe. Errutinak oso garrantzitsuak dira, batez ere burutik ondo ez dauden horientzat, desorientazioak ekiditeko. Oporretan, adibidez, beste kide batek ordezkatzen zaituenean, erabiltzaileek asko nabaritzen dute. Kideek primeran egiten dute haien lana, baina bakoitzak gauzak egiteko modu berezi bat dugu. Pazientzia ere berebizikoa da. Gehienek haien bizipenak kontatzen dizkizute, hainbat aldiz gainera! Gerra Zibila hasieratik amaierara ezagutzen dut nik, bi aldeetatik! Nahi dute zuk interesa izatea eta izan behar duzu.

Zeintzuk dira nagusiek dituzten behar nagusienak?

 

"Behar gehiago direla dirudien arren, norbaitek jaramon egitea nahi dute guztiek, entzunak izatea"

 

Bakoitzak, bere kasuistika propioarekin, behar bereziak ditu, noski, baina hori da gehienbat nahi dutena. Lehen, baserrietan, aitona edo amamak erregeak ziren baina orain oztopo bat baino ez balira bezala tratatzen ditugu askotan.

Nolakoa da familiekin duzuen harremana?

Primerakoa. Nik ez dut inoiz arazorik izan. Asko eskertzen dute egiten dugun lana. Haien aldetik ere laguntza handia dugu. Askorekin, gainera, lagunarteko harremana lortu dugu eta aitona edo amona egon ez arren, bisitak egiten dizkiet oraindik ere, izan ere, askotan nagusiek soilik ez dute atentziorik behar, familiek ere behar dute arazoak partekatzeko norbait.

Zein da zaintzaile batek izan behar duen formazioa?

Bakoitzak formazio desberdin bat du, nik, adibidez, klinika laguntzaile titulua daukat. Orain, esperientzia aitortzeko eta formazioa bateratzeko helburuarekin, gobernutik behartu gaituzte. Pertsonei etxean gizarte- eta osasun-arreta ematearen titulua ateratzera eta trebakuntza saio batzuk eta azterketa batzuk izan ditugu horretarako.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide