Zaintza lanak Aiaraldean, geroz eta beharrezkoagoak

Ainhoa Basarrate Astobiza 2016ko uzt. 2a, 11:35

Bizi itxaropena gaur inoiz baino luzeagoa da. Jaiotza tasa, berriz, inoiz baino txikiagoa. Biztanleria zaharkitzen doa etengabe, eta horrek mendekotasun egoeran dauden pertsona kopurua handitu baino ez du egin. Horrek esan nahi du etorkizunean are baliabide gehiago beharko direla zaintza lan guzti horiek asetzeko. Baliabideak, baina, mugatuak dira eskualdean. Itxaron zerrendak daude egoitzetan, jubilatu eta alargunen pentsioetan ere murrizketak ematen ari dira...

Bizi itxaropena gaur inoiz baino luzeagoa da. Jaiotza tasa, berriz, inoiz baino txikiagoa. Biztanleria zaharkitzen doa etengabe, eta horrek mendekotasun egoeran dauden pertsona kopurua handitu baino ez du egin. Horrek esan nahi du etorkizunean are baliabide gehiago beharko direla zaintza lan guzti horiek asetzeko. Baliabideak, baina, mugatuak dira eskualdean. Itxaron zerrendak daude egoitzetan, jubilatu eta alargunen pentsioetan ere murrizketak ematen ari dira...

Aiaraldean, Europan gertatzen ari den bezala, piramidea irauli egin da. Eskualdeko populazioa apurka apurka zaharkitzen doa eta, gaur egun, Aiaraldeko biztanleriaren % 19k, bataz-beste, 65 urte baino gehiago ditu, EUSTATen datuen arabera. Jaiotza tasaren beherakada eta bizi itxaropenaren luzapena dira horren arrazoi nagusiak. Fenomeno horrek asko handitu du menpekotasuna duten pertsonen kopurua, zaintza lanen beharra lehen planora ekarriz.  

Eguneroko bizitzaren parte diren jarduerak modu autonomoan garatzeko gaitasuna ez duten pertsonak dira menpekoak, hau da, haien kabuz jan, arropa jantzi, dutxatu edota etxea atondu ezin dezaketenak. Eusko Jaurlaritzak 2005ean argitaratutako “Euskal biztanleriaren zaharkitzea eta horren ondorioak” azterketak dioenez, “etorkizunean pertsona guztiak ez dira menpekoak izango, osasun zerbitzua ere hobetuko delako, baina zaharkitzearekin batera, autonomia galera beti gertatzen da, eta behar horiei erantzuna eman beharko zaio”.  

Gaur egun jaiotzen diren emakumeak 85 urtera arte biziko dira, bataz-beste. Gizonen bizi itxaropena 78 urtean dago. EUSTATen zifrak aztertuta, 1975an jaiotako pertsonak baino 10 urte gehiago biziko dira gaur egungo gizon eta emakumeak. Gainera, orain inoiz baino ume gutxiago jaiotzen dira eta horrek ondorio bakarra du. Laudio eta Arrankudiaga Zolloko adibideak argiak dira. Bertako herritarren %23k jada 65 urte baino gehiago ditu. Egoera horren aurrean, ezkorra da Laudioko San Roke nagusien egoitza publikoko zuzendariordea den Izaro Azkunaga, “Eskualdean nagusientzat dauden baliabideak oso eskasak dira eta etorkizunean arazo larriak izango ditugu”. Gaur egun Aiaraldean dagoen itxaron zerrenda 200 pertsona baino gehiagokoa da, eta hurrengo urteetan “nabarmen areagotuko da”, Azkunagaren aburuz.

Mendekotasun legea
2006az geroztik aplikatzen den Mendekotasun Legearen arabera, hiru mailatan banatzen dira horrelako beharrak dituzten pertsonak. Lehen graduko gizon eta emakumeek “egunean behin, gutxienez, oinarrizko jarduera batzuk egiteko” laguntza behar dute; 2. gradukoek egunean hiruzpalau aldiz behar dute arreta eta 3. gradukoek, mendekotasun handia dutenek, “autonomia erabat galduta dute”. Gaur egun 80 pertsona daude Laudioko egoitza horretan, 50 egoiliar eta 30 eguneko zentroan. Azkunagak azaldu duenez, “Gehienak mendekotasun handia duten pertsonak dira, Alzheimerra edo dementzia larriak dituztenak, izan ere, 3. gradukoek sartzeko lehentasuna dute”. Bertan asistentzia osoa jasotzen dute, 24 orduko osasun zerbitzuaz gain.

Horrelako zerbitzu publikoak, baina, ez dira doanekoak. Laudioko egoitzan egoteko hilabetean 1.100€ eta 1.500€ artean ordaindu behar du egoiliar bakoitzak, bere egoeraren arabera. “Aldundiak kasu bakoitza aztertzen du eta horren araberako ‘tarifa’ ezartzen dute”. Prezio horri aurre egiteko gaitasuna ez dutenen kasuan, Aldundia haien ondasunekin geratzen da.

Gauzak hala, asko dira horrelako zerbitzu publiko batera iritsi ezinik geratzen diren familiak, eta kasu horietan emakumeen esku geratu ohi da pertsona nagusien zaintza. Hori dio EUSTATek 2013an eginiko ikerketak: Araban emakume batek bataz beste 2,12 ordu eskaintzen dizkio familiako pertsona nagusiak zaintzeari, gizonekoek, berriz 0,48 baino ez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide