Desagertzeko bidean dago analfabetismoa eskualdean

Erredakzioa 2016ko mar. 5a, 14:14

Baxua da analfabetismo-tasa Aiaraldean. Idazten eta irakurtzen ez zekiten 150 pertsona zeuden 2014an eskualdean, biztanleen % 0,39 baino ez (hamar urte edo gehiago dituzten biztanleak kontatuta). Hori adierazten dute EUSTATek emandako datuek.

Baxua da analfabetismo-tasa Aiaraldean. Idazten eta irakurtzen ez zekiten 150 pertsona zeuden 2014an eskualdean, biztanleen % 0,39 baino ez (hamar urte edo gehiago dituzten biztanleak kontatuta). Hori adierazten dute EUSTATek emandako datuek.

Aiaraldeko analfabetismo-tasa EAEko batez bestekoaren (% 0,42) azpitik dago, baina Arabako batez bestekoaren (% 0,29) gainetik. Dena dela, kontuan hartu behar da oso zifra baxuak direla, eta euren arteko aldea ez dela handia. Kopuruak, gainera, txikiagotuz doaz urtez urte. Zifrek hala diote: 2014an 2006an baino 64 analfabeto gutxiago zeuden Aiaraldean. Hau da, zortzi urtetan % 29,9 jaitsi zen tasa. Heriotza da jaitsiera horren kausa nagusia, analfabetoen gehiengoak (% 72k) 59 urte baino gehiago baititu.

Perfila: emakumezkoak nagusi
Adinak soilik ez, generoak ere eragin nabarmena du analfabetismoan. Analfabeto guztien % 66 da emakumezkoa, eta eskualdeko analfabetoen gehiengoa (% 53,3) hirurogei urte baino gehiagoko emakumezkoak dira. Hori guztiz lotua dago garai batean emakumeek eskolara joateko izan zituzten zailtasunekin. Inolako ikasketa akademikorik ez duten aiaraldearren % 59,3 baita emakumezkoa.

Baina zifrak zifra eta estatistikak estatistika, eskualdeko helduentzako ikastetxe publikoetara (EPA gazteleraz) bertaratzea da analfabetismoaren eskualdeko errealitatea ezagutzeko modurik onena.

Aiaraldean mota horretako bi zentro daude: Laudion bata eta Amurrion bestea. Guztira 400 ikasle inguruk ikasten dute ikastetxe horietan, zentroetako arduradunek azaldu dutenez. Ikasle horietatik guztietatik 35 doaz alfabetizazio klaseetara, eta 35 horietatik hamar dira “irakurle-berriak”. Hau da, irakurtzen eta idazten lehen aldiz ikastetxe horretan ikasi dutenak. Gainontzekoek txikitan ikasi zuten, baina praktika asko galdu dute, ikasketa-aldia oso laburra izan zelako edota jarraipenik eman ez zitzaiolako.

Alfabetizazio klase horien osaerak bat egiten du EUSTATen datuek iradokitzen duten perfilarekin: gehienak emakumezkoak dira, eta bakan batzuek baino ez dituzte 60 urte baino gutxiago.

 

35 pertsona dira aurten alfabetizazio eskolak jasotzen dituztenak Amurrio eta Laudioko helduentzako ikastetxeetan



Konplexurik gabe
Adina, baina, ez da handicap bat klasera gerturatzeko orduan. Ikasleek gogotsu ekiten diote lanari, konplexurik gabe. “Batzuk esaten dizute ea ez al den gogorra duzun adinarekin idazten eta irakurtzen ikasten hastea, baina niri ez dit alfergurarik ematen”, adierazi du ikasleetako batek.
Klaseko beste kideak bat datoz baieztapen horrekin. “Hasieran apur bat gogorra izan daiteke”, azaldu du beste batek, “baina gero ia ez”. Gauzak hala, klasera gerturatzeko gonbitea luzatu diete euren egoera berdinean dauden herritarrei.

Alfabetizazio klasean 20 urte inguru daramanik ere badago. “Irakurtzea eta idaztea oso ariketa osasungarria da gure adineko jendearentzat”, azaldu du 80 urteren bueltan dagoen emakume batek, “terapiatik ere badu zerbait, burua okupatuta mantentzen laguntzen dizulako”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide