Etxegabetzeak Aiaraldean: ezkutuan dagoen errealitatea

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mar. 5a, 13:33

Zaila da eskualdean ematen diren etxegabetzeen inguruko informazioa lortzea. Ez dago kontaketa ofizialik, ez eta estatistikarik ere. Araban eta Bizkaian etxegabetzeen aurka antolatuak dauden kolektiboek ere ez dute Aiaraldeko kasuen berri.

Zaila da eskualdean ematen diren etxegabetzeen inguruko informazioa lortzea. Ez dago kontaketa ofizialik, ez eta estatistikarik ere. Araban eta Bizkaian etxegabetzeen aurka antolatuak dauden kolektiboek ere ez dute Aiaraldeko kasuen berri.

Udalen eskuetara iritsitako kasu kopurua da aipatu daitekeen datu bakanetarikoa. Laudioko Udalak bizpahiru kasuren berri izan du 2011tik hona.
Orozkoko eta Urduñako Udaletara ere iritsi dira horrelako kasuak: sei eta bi, hurrenez hurren. Hala ere, kasu gehienak ez dira azaleratzen. Hori dio Arabako Stop Kaleratzeak kolektiboko kidea den Nestor Melgosa Vegak. “Jende gehienak ez du bere egoera publiko egiten, lotsa dela-eta”.

Kaleratzeen “burbuila mediatikoak” airea galdu duela azaldu du Melgosak, baina azpimarratu du gauzak ez direla asko aldatu. “Duela urte batzuetako etxegabetzeen kopurua eta gaur egungoa ia-ia berdinak dira”. Astero 5-6 kasu berri jasotzen dituzte kolektibo horretako kideek, Gasteizen duten bulegoan.

“Zerbait asmatuko dugu”
“Abisua buzoian, asteko mehatxu, alabak dio: ama zerbait asmatuko dugu”, abesten du Berri Txarrak taldeak, eta hori da etxegabetze arriskuan dauden familia gehienek egiten dutena: zerbait asmatu. “Familiari dirua eskatu, zorra birfinantzatzeko bideak topatu... irtenbide asko bilatzen dituzte”, azaldu du Melgosak.

Baina, gaztelerazko esamoldeak dion bezala, erremedioa gaixotasuna baino okerragoa izan daiteke. “Birfinantziazioen interes-tasak oso altuak izan ohi dira, eta horrek familiaren egoera ekonomikoa okertu dezake”.

Ildo horretatik, Melgosak azaldu onena etxegabetzeen aurka jarduten dute kolektiboengana jotzea dela, eta ziurtatu du gehienetan kaleratzeak gelditzea lortzen dutela. Nola? “banketxeen bulegoetara joz eta, hauek kasurik egiten ez badute, arazoa sozializatuz eta mobilizatuz”.

 

Hamar kasu inguru kontabilizatu dituzte eskualdeko udalek 2011tik hona: bizpahiru Laudion, pare bat Urduñan eta sei Orozkon



Udalen protokoloak
Amurrio eta Laudioko Udalek badituzte etxegabetze kasuetan nola jokatu zehazten duten protokoloak. Amurrioko Udalak hainbat esparrutan egiten du lan. Alde batetik, jendarte eremuan lanean dabiltzan eragileekin biltzen da, herriko errealitatea zein den jakiteko.
Bestetik, banketxeekin ere bilerak egiten ditu, herrian etxegabetzeren bat martxan ote dagoen jakiteko. Momentuz ez dute kasurik antzeman herrian.

Laudioko Udalak, berriz, 2013an zehaztu zuen etxegabetze kasuetan nola interbenituko behar den zehazten duen dokumentua. Protokolo horretan hainbat gauza jasotzen dira: etxearen ordainketei aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonei laguntza ekonomikoa ematetik, udalak etxegabetzea gauzatu nahi duten bankuekin dituen kontratuak apurtzeraino.

Sareb-en etxe hutsak
“Burbuila mediatikoa” hustu egin den arren, azken hilabeteetan aurrerapauso ugari eman dira etxegabetzeen aurkako borrokan. PAH plataformak Sareb-en eskuetan dauden etxebizitza hutsen mapa osatu du. Espainiako Gobernuak 2012an sortutako sozietate bat da Sareb, eta bankuen berregituratzeetatik eratorritako aktiboak kudeatzeko balio du, etxebizitza hutsak tartean.

PAHk etxebizitza horiek herritarrenak direla aldarrikatzen du, horietako asko bankuek etxegabetzeen ondorioz lortutakoak eta gero Sareb-era “aktibo toxiko” moduan pasatakoak direla argudiatuta. Hori dela-eta, etxebizitza horiek “berreskuratzeko” gida-liburua plazaratu du plataformak. Momentuz 33.458 etxebizitza azaltzen dira PAHek eginiko mapan.

Horietatik bakarra dago Aiaraldean, Laudion hain zuzen. Baina gehiago egon daitezke: plataformatik ziurtatu dute 100.000tik gora direla Sareb-ek Espainiar Estatuan dituen eraikin hutsak. Bilaketak aurrera darrai.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide