Martxoaren 3a, Aiaraldeko langile mugimenduaren txinparta

Erredakzioa 2016ko mar. 3a, 11:10

Gaur 40 urte bete dira Espainiako Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoan Bienvenido Perea, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio eta Jose Garcia Castillo erail zituenetik. Gertaera horrek astindu handia eman zion Euskal Herriko langile mugimenduari, baita Aiaraldean ere.

Gaur 40 urte bete dira Espainiako Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoan Bienvenido Perea, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio eta Jose Garcia Castillo erail zituenetik. Gertaera horrek astindu handia eman zion Euskal Herriko langile mugimenduari, baita Aiaraldean ere.

Martxoaren 4a

“Martxoaren 4an prentsaren bidez jakin genuen Gasteizen gertatutakoaren berri, eta arratsaldeko lauretan Laudioko Acerosen zati bat (laminazio trena) geldiarazi zen”. Hala oroitu du garai hartan fabrika horretako langilea zen Jose Ignacio Alvaradok. “Handik denbora gutxira fabrika osoa gelditzea lortu zen eta, aparkalekuan bildu ondoren, manifestazioan joan ginen herriaren erdigunerantz”.

Bidean JEZko langileak batu ziren zutabera. Plazara iristean, elizara sartu eta bertan batzarra egitea erabaki zuten langileek. “Inoiz ez zait ahaztuko Anselmo apaizak sartu ginenean jarri zuen aurpegia, lehen jaunartzea egitera zihoazen umeekin zegoela”, oroitu du Alvaradok.

 

 

Langileen protestak ugaritu egin ziren martxoaren 3a eta gero. Argazkia: Amalur Fundazioa

Zonalde osoan hiru eguneko paroa deitzea erabaki zen bilera hartan. Hala prestatu zen Aiaraldeko lehen greba orokorra izango zena. “Paroa erabatekoa izan zela esan daiteke, eta manifestazio eta batzarrak egin ziren egunero”, Aceroseko langile ohiak oroitu duenez, “erahilako kideen familientzako dirua bildu zen baita”.

Tentsio handia egon zen egun horietan. “Oroitzen dut nola egun horietako batean guardia zibil talde bat agertu zen, plazan egiten zen elkarretaratzea galarazteko asmoz. Egon ziren tira-birak, baina bertan zeudenen tinkotasunak atzera egitera behartu zien”.

Aiaraldeko lehen greba orokor deitu daiteken paro hura garrantzitsua izan zen, ordura arte ez baitzen egin eskualdean langile mugimenduaren indarraren tankera horretako erakustaldirik. “Martxoaren 3a gertatu arte ez zegoen mugimendu handirik Laudion”, oroitu du Karla Santistebanek. Euskadiko Mugimendu Komunistako (EMK) kide ohiak azaldu du ordura arte Bilbora jo ohi zutela maiatzaren lehena bezalako egunak aldarrikatzera. “Ahoz aho zabaltzen zen deialdia, eta noizbehinka eskuorri bakan batzuk ateratzen ziren, baina hori baino ez, errepresioa oso handia baitzen”.

Alvaradok bat egiten du baieztapen horrekin. “1976 martxoaren 3aren ostekoa da benetan mugimendu sendo bat garatzen hasten den unea, apurka-apurka oso indartsua bilakatzen dena”. Handik gutxira etorriko ziren Aretako LIP fabrikako langileen greba eta Acerosen itxieraren aurkako mobilizazio eta borroka gogor eta luzeak. “Jendea gogotsu zebilen garai hartan”, baieztatu du Santistebanek, “gauzak aldatu egingo zirenaren ustea zegoen, gero benetan uste baino gutxiago aldatu diren arren”.

 

 

L

Acerosen itxieraren aurkako protesten 1987ko irudi bat. Argazkia: Amalur Fundazioa

 

Frankismoa baino lehen

Martxoaren 3a izan zen Franko hil osteko langile mugimenduaren hazia eskualdean. Baina Frankismoa baino lehen ere egon ziren langile mugimenduaren zenbait zantzu. “1914koak dira ditugun erreferentziarik zaharrenak, Urduñako mehatzeetan egondako greba batenak. 1927an, berriz, Baranbioko mehatzeetan ere beste greba bat egin zen, baina langileak ez zeuden antolaturik. Nahiko gauza espontaneoa izan zen, unean uneko aldarrikapen batzuk egiteko pentsatua”.

II. errepublikaren garaian sortu ziren lehen sindikatuak eskualdean. “Amurrion ELA eta UGT egon ziren eta Laudion ELA eta beste sindikatu independente bat”, azaldu du Merinok, “sindikatuek pisu nabarmena zuten langileen bizitzan, baina egoera nahiko lasaia zen”. 1934ko greba orokorrean atxiloketa batzuk egon ziren, historialari amurrioarraren esanetan, “baina ez dirudi ezer larririk gertatu zenik”.

Gaian sakontzeko:

1914-2014: Aiaraldeko langile mugimenduaren historia

Jose Ignacio Alvarado Meabek martxoaren 3aren harira iaz idatzitako iritzi-gutuna

Martxoaren 3a dela eta Argia aldizkariak prestatutako edukiak

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide