Gabonak ospatzeko moduak, beste herri batzuetatik etorritakoen ikuspuntutik

Txabi Alvarado Bañares 2015ko abe. 16a, 13:34

Beste herri batzuetatik Aiaraldeara bizitzera etorritako bost pertsonek Eguberriak nola bizitzen dituzten kontatu digute:

ISAAC VILLABA
Ekuatortarra


“Gabon zaharrean urte zaharra irudikatzen duten panpinak ateratzen ditugu kalera, eta urte berria hasten denean su ematen zaie”

Beste herri batzuetatik Aiaraldeara bizitzera etorritako bost pertsonek Eguberriak nola bizitzen dituzten kontatu digute:

ISAAC VILLABA
Ekuatortarra


“Gabon zaharrean urte zaharra irudikatzen duten panpinak ateratzen ditugu kalera, eta urte berria hasten denean su ematen zaie”



"Ekuadorren badago gabonak ospatzeko ohitura. Makil bat xaboiarekin igurtzi egiten da, eta makilaren puntan opariak jartzen dira. Umeak makilan gora joan behar dute opariak hartzeko, eta labaindu egiten dira. Txikia nintzenean sarritan irabazten nuen. Lapiko sorginduaren jolasa ere egiten da: lapiko bat soka batekin eskegitzen da, barruan opariak eta gozokiak dituela. Umeek lapikoa apurtu egin behar dute begiak itxita dituztela.

Familiak 24ko gauean biltzen dira, elkarrekin oilaskoa edo indioilarra afaltzeko. 31ko gauean, berriz, urte zaharra irudikatzen duten panpinak ateratzen dira kalera. Irratiek urteko azken hamar segundoak atzeraka kontatzen dituzte, eta urte berria iristearekin batera su ematen zaie panpinei. Dantzak eta festa eguna argitu arte luzatu daitezke. Garai batean alargunez jantzita ateratzen zen jendea kalera, hiltzear zegoen urte zaharraren omenez limosna eskatzeko.

15 urte daramatzat hemen bizitzen, eta jada ez dugu Ekuadorreko ohiturarik mantentzen. Mantendu dugun gauza bakarra familia osoa biltzea izan da, oilaskoa edo indioilarra afaltzeko".


SOKHNA MARIAMA
Senegaldarra


“Senegalen bertako kristauekin batera ospatzen ditugu Gabonak, kristauek gure festetan ere parte hartzen duten moduan”



"Senegalen ospatu egiten dugu, bertan bizi diren kristauekin batera, eurak ere gure festetara etortzen direlako. Senegal herrialde laiko bat da, eta musulman zein kristauak daude. Gabonetako zuhaitza jartzen dugu, eta familia osoa biltzen gara bazkaltzeko. Urte berriari hasiera emateko Independentziaren Plazan (Dakarren, hiriburuan) bildu egiten da jendea, eta petardo asko leherrarazten dira.

Hemen bezala ospatzen da urte berriaren etorrera. Badaude baita hamabi mahats jaten dituztenak ere, hemen bizitzen aritutako batzuk bertara eraman dutelako ohitura hori. Hemen bizi garen senegaldarrek ere badugu ospatzeko ohitura, batzuetan afaltzera gonbidatzen gaituzte eta beste batzuetan gure familiarekin bazkaltzen dugu".



FATATA MOHAMED FADEL
Sahararra

“Guk ez ditugu Gabonak ospatzen. Baina abenduaren 25an Mahoma profetaren jaiotzaren urteurrena ospatzen dugu”



    “Guk ez dugu ospakizunik egiten abenduaren 24an. Baina abenduaren 25ean Mahoma profetaren jaiotzaren urteurrena ospatzen dugu. Badugu baita ere urte berria ospatzeko ohitura; errefuxiatuen kanpalekuetako zein lurralde okupatuetako sahararrek familia-giroan bazkaltzeko ohitura dute. Hemen bizi garen sahararrok barneratuagoak ditugu hemengo ohiturak”.

 


DAVID HOSKING
Eskoziarra


“Abenduaren 25a da egunik garrantzitsuena. Olentzeroren ordez Santa Klaus arduratzen da umeei opariak emateaz”


“Eskoziako eta hemengo ospakizunen artean ez dago ezberdintasun handirik. Gabonetako zuhaitzak jartzen dira eta Olentzeroren ordez Santa Klaus dago, baina umeei soilik eramaten dizkie opariak. Ospakizunaren eguna, ordea, desberdina da: 24an ez dago ezer; 25a da egun bereziena. Familia osoa biltzen gara indioilarra bazkaltzeko, ni barazkijalea naizen arren”.



DONG CHUNLIAN
Txinatarra


“Egutegi txinatarra ezberdina da, beste data esanguratsu batzuk ditugu. Familia osoa biltzen gara bazkaltzeko”


"Egutegi txinatarra ezberdina da, beste data esanguratsu batzuk ditu. Urtarrilean edo otsailean hasten da urte txinatarra, hemen baino beranduago beti.  Urteko lehen zortzi egunetan denda asko itxita egoten dira, eta umeek ere ez dute eskolarik. Gutxi gora behera hemen bezala ospatzen da, familia guztia bilduta, urtea hasieratik 15 egunera, ilargi betea dagoenean.

Hemen bizi garenok hemengo janaria kuzinatzen dugu egun horretan, baina baita jaki txinatarrak ere, eta badugu familia osoa biltzeko ohitura. Bitxia da: hemen urte berria ospatzen denean jende guztiak ospatzen du guk izan ezik. Egutegi txinatarreko urte berria iristean, berriz, gu gara ospatzen dugun bakarrak. Baina badago urte berri txinatarra iristean zoriondu egiten nauten herritarrak ere".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide