"Erregimen zentralista eta menperatzaile honekin apurtu behar dugu"

Erredakzioa 2015ko abe. 15a, 13:52

PABLO GOROSTIAGA (Areta, 1941) aurkeztu du EH Bilduk Kongresurako zerrendan. Martxoaren 22an atera zen kartzelatik Egin egunkariaren auzia dela eta 8 urtez espetxean egon ostean. Orain, nagusia bada ere, politikaren lehen lerroan jarraitzen du.

Nola erabaki duzue zerrendetan aurkeztea?

Ohore handia izan da. Jendeak proposatu baitu herri batzarretan ni aurkeztea Kongresurako zerrendan.

PABLO GOROSTIAGA (Areta, 1941) aurkeztu du EH Bilduk Kongresurako zerrendan. Martxoaren 22an atera zen kartzelatik Egin egunkariaren auzia dela eta 8 urtez espetxean egon ostean. Orain, nagusia bada ere, politikaren lehen lerroan jarraitzen du.

Nola erabaki duzue zerrendetan aurkeztea?

Ohore handia izan da. Jendeak proposatu baitu herri batzarretan ni aurkeztea Kongresurako zerrendan.

Lehenik eta behin ezustea izan da. Gero pentsatu nuen erresistentzia gaitasun handia beharrezkoa dela horrelako kargu bat izateko. Ondorioz, esan nien ni ez nintzela joango Madrilera. Uko egin nion pentsatuta zenbat ordu eman behar diren korridoretan, elkarrizketa aspergarriak izanez, galderak eta erantzunak entzuten. Nik antzeko esperientzia izan dut dagoeneko Gasteizko Legebiltzarrean. Beraz, ezezkoa eman nuen.

Hala ere, azaldu nuen ez dudala arazorik zerrendan egoteko, jendeak horrela uste badu.

"Gainera, hauteskunde kanpainan muga asko ditut. Beraz, laguntzeko eta babesteko prest nago baina beste batzuetan zalantzak izan baditut horrelako egoeratan, orain, arrazoi gehiagorekin -zaharragoa bainaiz- ez dut ardura horiek izango".

8 urte eman ditut kartzelan eta mota ugariko mugak ditut. Dena den, ilusio askorekin egiten ari naiz lana. Bakoitzak, bere neurrian, egin dezakeen ekarpena egin behar du-eta.

Nik eman dezakedana esperientzia eta adiskidetasuna da. Jende ugari ezagutzen dut eta atsegina egiten ari zait lagun horiekin topo egitea. Askok lanean jarraitzen dute nahiz eta adinak muga gehiago jarri.

Zergatik da garrantzitsua EH Bilduk ordezkariak izatea Madrilen?

Alde batetik, erantzun behar diegu noizean behin jartzen dizkiguten termometroei -gure osasuna nolakoa den jakiteko-. Are gehiago egoera honetan. Batzuk esaten ari dira EH Bildu “bluf” bat izan dela: emaitza oso onak lortu zituela eta Donostiako alkatetza zein Gipuzkoako Foru Aldundia izan zuela horri esker.

Horrek hausnarketa eragin behar digu. Zigor sinbolikoa izan da baina nik uste dut emaitza horiek berreskuratuko ditugula.

Azkenengo hauteskundetan konfiantza hori berritu dute hainbat pertsonak nahiz eta Gipuzkoan bozak eta aipatutako bi karguak galdu diren.

"Gainera, aldaketaren motorra izan gara Araban, adibidez. Arabako Foru Aldundian zein Gasteizko udalean EAJko ordezkariak daude, neurri batean, guk egindako hordagoari esker".

Kostu sinbolikoa handia izan da guretzat, baina garrantzitsua da jakitea gure asmoa ez dela karguak lortzea, baizik eta borrokan egotea ekarpenak egiten. Hori guztia guztion mesederako; kasu honetan indar abertzaleek aurre har diezaioten Madrilgo aginduak betetzen dituztenei. Hortik jakin badakigu ez dela ezer onik helduko.

Zein da EH Bilduk Madrilera eramango duen mezua?

Une hauetan EH Bilduk argi dauka konstituzio ereduarekin apurtu behar dugula. Erregimen honek nahi du zentralista eta herrien eta kulturen menperatzailea izaten jarraitzea. Herri gisa nahi duguna izan izateko eta gure izaera politikoa, kulturala, linguistikoa eta soziala defendatzeko, garatzeko eta gauzatzeko zama hori kendu behar dugu.

Karga hori beste garai batzuetan modu nabarmenagoan jarri digute, baina nabarmentzekoa da alderdi baten zuzendaritza epaitzea Entzutegi Nazionalean programa politiko bat defendatzeagatik.

"Nabarmentzekoa da atxiloketek ere jarraitzea eta asko gure kalterako aritzea atxiloketen, isunen eta salaketen bitartez".

Mehatxu hori ez da desagertu nahiz eta moduak aldatu dituzten. Horrek erakusten du ez garela bizi demokrazia batean, guztiok ezin baitugu gure proiektu politikoa garatu. Horregatik apurtu behar dugu katea. Eta horretan gaude, gure bidea lantzen.

Horretan jarraitu behar dugu eta Madrilen dagoen bozgorailua ere erabili beharko genuke. Ez badigute ahoa ixten, jakina. Legealdi honetan ez baitigute taldea osatzen utzi.

Oraingoan ere, nahiz eta ordezkari gehiago lortu, ziurrenik ez digute taldea osatzen utziko. Estatu Espainiarreko 5. taldea gara eta telebistako eztabaidan parte hartzeko aukera izan behar genuen, baina ez digute eman. Baztertu gaituzte. Horregatik Madrilen gure bertsioa helarazteko aukera izanez gero profitatu behar dugu.

Duela urtebete espetxean zeundela, uste zenuen egungo egoeran egongo zinela?

Ez, ustekabe atsegina izan da. Baina oso irmo atera nintzen kartzelatik eta ikusten eta nabaritzen ditut nire mugak.

Kanpaina jarraitzea -mugak muga- oztopo bat da. Baina oro har, ezusteko handia izan da. Kartzelatik idazten didate lagunek esateko engainatu ditudala: espetxean agurea nintzela ematen zuela eta atera naizenean saltsa guztietan sartu naizela.

Nik ahal dudan guztia ematen dut eta kontziente naiz. Batzuetan manifestazio azkar baten erritmoa niretzat ahalegina da.; artikulazioetan arazoak ditut-eta.

Saiatzen ari naiz ahal dudan guztia ematen gure kausa eta mugimendu honen alde. Duela 40 urte baino gehiago hasi ginen zinegotzi lanetan udal honetan. Borondate asko elkartu ginen Laudio eta Euskal Herriaren alde lan egiteko. Ez genekien nola egin eta azkenean formula topatu dugu.

Gaur egun proiektu honekin gaude eta espero dugu etorkizunean EH Bildu handiagoa eta zabalagoa izatea, herri honen gehiengoa ordezkatu eta inplikatzeko.

 

 

 

 

 

 



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide