Kalamua Aiaraldean: Landarearen atzean ezkutatzen den basoa

Txabi Alvarado Bañares 2015ko aza. 28a, 09:38

Udazkenean izan ohi da marihuanaren uzta. Gaiaren inguruko informazio zehatzik ez dagoen arren, zer esan nabarmena du droga horrek eskualdean. Aiaraldean kontsumitzen den marihuana gehiena eskualdean ekoizten dela diote hainbat iturrik, eta landaketa gehienak “eskala txikikoak” diren arren, badaudela baita atzerrira esportatzen dutenak ere.

Udazkenean izan ohi da marihuanaren uzta. Gaiaren inguruko informazio zehatzik ez dagoen arren, zer esan nabarmena du droga horrek eskualdean. Aiaraldean kontsumitzen den marihuana gehiena eskualdean ekoizten dela diote hainbat iturrik, eta landaketa gehienak “eskala txikikoak” diren arren, badaudela baita atzerrira esportatzen dutenak ere.

Iragan irailean 83 landarez osatutako kalamu landaketa bat topatu zuen Laudioko Ertzain etxeko patruila batek Olabezarren. Ez da kasualitatea halako zerbait udazken partean gertatzea: orain baita marihuanaren uzta eta, Aiaraldea Egunkariak kontsultatutako iturrien arabera, eskualdean bertan ekoizten baita Aiaraldean kontsumitzen den kalamuaren gehiengoa. Landare horren atzean ekonomia murgilduzko baso handi bat dago.

Iturri horien arabera, baina, txikiak izan ohi dira eskualdeko marihuana landaketa gehienak, norberaren edo lagunen kontsumora bideratuak. “Kalitatezko marihuana normalean ezin da kantitate handitan ekoiztu, lan asko dakarrelako eta azpiegituretan inbertsio handia egin behar delako”, azaldu du Bilboko Itsuk Grow Shop-ean (kalamua landatzeko behar den tresneria saltzen duen denda mota) lan egiten duen aiaraldear batek.

Hala ere, ematen den marihuanaren salerosketa, baina “eskala txikian” izan ohi da. Hau da, ekoizlea bera arduratzen da saltzeaz. Dena dela, badaude beste eskualde edota herrialde batzuetara esportatzeko ekoizten dutenak ere, kontsultatutako iturri batzuek iradokitakoaren arabera.

Aiaraldean kontsumitzen den kalamu gehiena eskualdean ekoitzitakoa da

Haxixetik marihuanara
Itsuk Grow-eko kideak 15 urte baino gehiago daramatza Grow Shop-en munduan sarturik. Bere hitzetan, egoera asko aldatu da duela hamabost urtetik hona. “Denda ireki genuenean jendeak Marokotik ekarritako haxixa (marihuanaren hostoekin eta erretxinarekin osatutako pasta) erretzen zuen gehienbat. Baina haxix horren purutasuna askotan ez zen % 10era ere iristen, oso garestia zen eta dirua mafien poltsikoetara joaten zen zuzenean”.

Orduan hasi zen Grow Shop-en fenomenoa. “Jendeak bere kasa landatzen ikasi zuen, eta baita belar ona eta txarra bereizten ere”. Hori dela eta “txokolatea” (haxixa) kaleetatik “desagertu” egin dela ziurtatu du Itsuk Grow-eko kideak. “Duela 15 urte 50 pertsona egon zitezkeen Amurrio bezalako herri batean haxixa saltzen. Gaur egun ez dira bostera iritsiko”. Hori bai, orain Marokotik datorren ‘txokolatea’ “kalitate handiagokoa” da, “lehiakortasuna handitu egin delako marihuanarekin”.

Ai Laket! elkarteak bat egiten du baieztapen horrekin. Arrisku murrizketaren aldeko droga erabiltzaileen elkarte horrek drogen testak egin izan ditu Aiaraldeko zenbait jaietan. “Kalitate handiko haxix laginak topatu izan ditugu”, ziurtatu du taldeko kidea den Ainhoa Maillok, eta gaineratu du aztertu duten kalamuak normalean ez duela gehigarririk, kasu batzuetan brotytis-a detektatu duten arren (hainbat landareri eragiten dien onddoa).


Kalamu salerosketa gehienak “eskala txikikoa” izaten dira. Hau da, ekoizlea bera arduratzen da ingurukoei saltzeaz

Erabilera ludiko eta medizinala
Itsuk Grow-eko kideak marihuanaren bi erabilera mota definitu ditu: erabilera ludikoa eta erabilera medizinala. Grow-Shopetara gerturatzen diren pertsonen gehiengoak erabilera ludikoa bilatzen duen arren, aiaraldearrak azpimarratu du bi erabileren arteko muga “lausoa” dela, “modu ludikoan kontsumitzen dutenetako askok efektu medizinal bat bilatzen dute, horren jakitun izan gabe”.

Lehen haxixa kontsumitzen zen nagusiki; orain, baina, kalamuak hartu dio lekukoa

Orain, merkeen
Zaila da kalamu gramo baten prezioa zehaztea, kalitatearen eta kantitatearen araberakoa izan ohi delako. Dena den, Aiaraldean 3 eta 5 euro ingurukoa da batez besteko prezioa. Merkea, hirietako edo Europako beste herrialde batzuetako (Holanda barne) prezioekin alderatuz gero. Sasoiak ere eragina dauka prezioan. Orain topatu daiteke merkeen, uzta orain delako eta eskaintza handia dagoelako. Urteak aurrera egin ahala, baina, gora egingo dute prezioek, datorren urteko udazkenean berriz jaisteko.

3-5 euro bitartekoa da marihuana gramo baten batezbesteko prezioa

“Ez edonolako legalizazioa”
Marihuanaren “legalizazio osoa” aldarrikatzen dute Grow Shopeta-tik. Baina ez edonolako legalizazioa. “Nahi duguna da auto-ekoizle txikiek euren produkzioak mantendu ahal izatea. Ez lauzpabost enpresa egotea munduko marihuana guztia kontrolatzen, gaur egun tabakoarekin gertatzen den bezala. Horrelako legalizazio bat are debeku handiagoa izango litzateke, ez genuke nahiko”.


Kontsumo propiorako marihuana kopurua, zehaztu gabe

Legeak ez du norberaren kontsumoa zigortzen, kalamuaren salerosketa bai ordea. Baina ez dago marihuana kopuru bat zehaztuta hori ebazteko. Kopuru txikia izan arren, epailearen esku geratzen da erabakitzea auziperatutako pertsona batek duen marihuana norberaren kontsumorako edo trafikatzeko den.

Marihuana kopuru handia izateaz gain, trafikoaren zantzutzat hartu daitezke baita kalamua kantitate handitan ekoizteko tresneria edo salerosketa egiteko materiala izatea (poltsatxoak, esaterako). Kontsumitzaileen elkarte bateko txartela izatea, berriz, kontsumo propiorako dela argudiatzeko modu bat izan daiteke.

Hiritarren Segurtasunerako Legeak gogortu egin du egoera

Uztailaren 1ean jarri zen indarrean Hiritarren Segurtasunerako Legea, “Mozal legea” gisa ere ezagutzen dena. Martxan jarri berri den lege horrek gogortu egin du marihuanaren aurkako legeria. Kalamua leku publikoetan edo kalean izatea (kontsumo propiorako izanda ere) 600 eta 30.000 euro bitarteko isunekin zigortzen du.

Adinez txikikoek isuna ordaintzea ekidin dezakete desintoxikazio programa batean izena emanez gero. Kontsumo propiorako marihuana landatzea ere modu administratiboan (isunekin) zigortzen du legeri berriak. Horrek esan nahi du marihuana landarea leku ikusgarri batean izanez gero (balkoi batean, adibidez) isuna jasotzeko arriskua dagoela, nahiz eta kontsumo propiorako izan.


Eragin fisiko eta psikologiko ugari ditu kalamuak

Marihuanaren kontsumoak ondorio fisiko eta psikologiko ugari ditu. Batzuk kontsumitu orduko agertzen dira. Beste batzuk, berriz, kontsumo jarraituaren ondorio dira. Kalamuaren funtzio terapeutikoa aldarrikatzen dutenak ere badaude.

Takikardiak, psikosiak, depresioa, birikietako minbizia... ugariak dira marihuanari egozten zaizkion ondorio negatiboak. Hala ere, Ai Laket!-e-ko kidea den Ainhoa Maillok azaldu du ondorioak ez direla “beti berberak”, hainbat faktorek dutela eragina: “zenbateko dosia hartzen den, non eta nola hartzen den, aldarte onean edo txarrean egon bitartean hartzen den...”.Erreta edo jatearen artean alde handia dagoela nabarmendu du. “Janda, dosia eta ondorioa kontrolatzea zailagoa da, nahiz eta eskarmentu handia izan”. Erretzerakoan, baina, kalamuaz gain beste droga bat kontsumitzen da sarritan: tabakoa, eta tabako industriala da menpekotasuna sortzen duen sustantzia indartsuenetako bat, Maillok ohartarazi duenez.

Menpekotasun psikologikoa
Ai Laket!-eko kideak adierazi du kalamuak ez duela menpekotasun fisikorik eragiten, eta ez dagoela gaindosia hartzeko arriskurik. Hori bai, pertsona batzuek “menpekotasun psikologikoa” garatu dezaketela ohartarazi du, “eta horrela zailagoa da uztea”. Izan ere, kontsumo jarraituak ondorio psikologiko nabarmenak sortu ditzake: antsietatea, depresioa zein paranoiak. Baina Ai Laket!-eko kideak jakinarazi du sintoma horiek normalean desagertu egiten direla kontsumitzeari uzten zaionean. Erretzerako orduan egon daitezkeen ondorio batzuk, berriz, epe luzerako izan daitezke: arnasan konplikazioak sortu daitezke, eta bronkitisa, faringitisa edo gaixotasun larriagoak agertu.

Takikardiak, psikosiak, depresioa, birikietako minbizia... ugariak dira marihuana-ri egozten zaiz-kion kalteak, baina onura terapeutikoak ere badituela aldarrikatzen dute askok

Kontsumitzailearen adina ere faktore garrantzitsu bat da. Hazkuntza edo zahartze faseetan kontsumitzea “arrisku faktore” bat da, Ai Laket!-eko kidearen esanetan, “25 urtetik beherako pertsonen eta 65 urtetik gorakoen organoek” ez dutelako “ehuneko ehunean” funtzionatzen.Hori guzti hori dela eta, kalamua kontsumitzea erabaki duten pertsonentzako hainbat aholku eman ditu Maillok. Lehenbizikoa, kontsumituko den substantziaren gaineko informazioa lortzea. Erreta kontsumitzekotan, kotoizko filtroa erabiltzea gomendatzen du Ai Laket!-eko kideak, horrela “keak dituen hainbat produktu” saihestu daitezkeelako.

Erabilera medizinala
Baina kannabinoideen kontsumoak baditu baita aspektu positiboak. Hori adierazi du Itsuk Grow Shop-ean lan egiten duen aiaraldearrak: “Gure dendara gaixo dauden pertsona ugari bertaratzen dira marihuana landatzeko baliabideen bila: minbizia dutenak, glaukoma dutenak, esklerosi anizkoitza dutenak...”. Mailloren ustez, “agerikoa” da kanabinoideen eraginkortasuna gaixotasunen tratamendu leungarrietan, baina gaineratu du “eztabaida gai” izan ohi dela hori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide