Emakumea eta baserri mundua, sakrifizioz beteriko harremana

Txabi Alvarado Bañares 2015ko urr. 8a, 06:21

Landa-eremuko Emakumearen Nazioarteko Eguna izango da datorren urriaren 15ean. Estua da Aiaraldeko emakumeek baserri munduarekin duten harremana. Erlazio horrek, baina, aldaketa asko bizi izan ditu azken belaunaldietan.

Landa-eremuko Emakumearen Nazioarteko Eguna izango da datorren urriaren 15ean. Estua da Aiaraldeko emakumeek baserri munduarekin duten harremana. Erlazio horrek, baina, aldaketa asko bizi izan ditu azken belaunaldietan.

80 urte betetzeko zorian dagoen Daniela Bernaolak, adibidez, ezin du bere bizitza baserririk gabe imajinatu. “Amak txikitatik eramaten gintuen sorora, neba-arreba txikienak saski baten barruan joaten ziren”, oroitu du orozkoarrak. Sei urterekin hasi zen Bernaola eskolara joaten, baina 13 urte bete zituenean utzi zituen klaseak. Etxean lagundu behar zuen. “Ardiak mendira eramaten nituen, nik bakarrik”. 16 urterekin mojekin ikastera joan zen, 21 urte izan arte. “Ama jada ez zegoen, eta nagusiena nintzenez, amaorde lanak egin behar izan nituen nire neba arrebekin, baserria aurrera ateratzeaz gain”. Garai latzak izan ziren horiek Bernaolaren sendiarentzat. “Baina bizirik bagaude ez ziren horren latzak izango”, azpimarratu du irribarrez.

Gizonezkoek bezala kotizatzea eta baserriaren jabetza partekatua izan dira emakume baserritarren aldarrikapen nagusiak

Ezkondu zenean Baranbiora joan zen bizitzera. Bertako baserrian lur gutxiago dituzte eta, ondorioz, lan gutxiago. Ezkontzeak aldaketa nabarmena ekarri zuen baita Maite Robina abeltzain belandiarraren bizitzan. Urduñako fabrika batean lan egiten zegoen, eta lana utzi zuen baserriko lanak egiteko. Semea izan zuenean gauzak zaildu egin ziren, eskolatik urrun bizi zirelako, Lendoñobeitin. “Oso lan sakrifikatua da baserrikoa, gaur egin behar dena ezin duzu biharko utzi”. Landa-tresneriaren mekanizazioak baina, lan asko aurreztu dio baserritarrari, Robinaren ustez.

Aldarrikapenak
Mekanizazioa oraindik martxan ez zegoenean, emakumezko eta gizonezkoen arteko lan banaketa bat ematen zen baserrian. Hala azaldu du Urduñako Ekoizpen erakundeko kidea den Marijo Imazek. Baina emakumearen lana ez zegoen errekonoziturik, Imazen aburuz. Baserritar bikote baten kasua aipatu du adibide gisa. “Gizonezkoaren Gizarte Segurantzako orriek bera baserritarra zela zioten, baina emakumearenean, berriz, ‘lanik gabe’ jartzen zuen”. 80. hamarkadan egin zen emakume baserritarren Gizarte Segurantzan kotizatzera pasatzeko kanpaina. Nekazal-guneen jabetza partekatua, baina, ez zen 2009ra arte martxan jarri, urte horretan onartu baitzen hori ahalbidetzen zuen legea.

Krisi ekonomikoa baino lehen, emakumezkoak ziren baserri munduarekin erlazionatutako proiektu berriak martxan jartzen zituzten gehienak, Imazen arabera. Ainhoa Alava da horren adibide. Gasteizko harategi batean lan egiten zuen, baina ama izan zenean bere gurasoen landa eremura itzultzea erabaki zuen. Barraskilo-baserri bat jarri zuen martxan lehenbizi, eta Oilobide proiektua gero. Orain milaka oilo ditu, ia guztiz mekanizatua dagoen pabilioi batean. “Lana eta familia bizitza kontziliatzea ahalbidetzen dit horrek”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide