“Badut beste film luze bat egiteko asmoa, baina egin berri dudana aurkeztu nahi dut orain”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko ira. 25a, 08:21

LUIS VIL (Amurrio, 1970) zinemagile eta musikaria da.  Bere lehen filma luzea bukatu berria du: “Excisión”. Amurrion eta Laudion estreinatuko du lana, irailaren 27an eta urriaren 4an, hurrenez hurren.

Filma bukatuta, zein pauso eman behar dituzu estreinaldiari begira?

LUIS VIL (Amurrio, 1970) zinemagile eta musikaria da.  Bere lehen filma luzea bukatu berria du: “Excisión”. Amurrion eta Laudion estreinatuko du lana, irailaren 27an eta urriaren 4an, hurrenez hurren.

Filma bukatuta, zein pauso eman behar dituzu estreinaldiari begira?

Amildegira egindako salto honetan mantentzea da asmoa, hori da geratzen zaizuna lanaren aspektu artistikoetan denbora luzez lan egiten ibili eta gero. Hau da prozesu osoaren zatirik arruntena, pelikulari aterabide bat bilatzea, gehien kostatzen duen zatia ere badena.

Aurkezpenak egin nahi ditut eta, aldiz berean, jaialdietatik mugitzen joan. Azpi-idatziak ere prestatu behar ditut. Inoiz ez ditut nire lanak azpi-idatzi behar izan, orain arte estatutik eta Latinoamerikatik aurkeztera mugatu naizelako, hizkuntzatzat gaztelera duten herrialdeetatik. Baina oraingo filma honek suposatu didan lan guztia dela eta nazioartekoan zabaldu nahi dut. Europan jaialdi asko daude, Asian ere (Japonen adibidez), eta baita hemen ere. Eta horregatik nire beste lan batzuei eskainitako ibilbidea baino gehiago eman nahi diot lan honi.

Nire filma erakusteko modu bakarra zinema jaialdietan hautatua izanda edo topatzen ditudan areto alternatiboetan emanaldi bat lotuaz da”

Horretan nabil. Elkarrizketa batetik bestera eta filma aurkezteko datak lotzen. Irailaren 27an Amurrioko Antzokian proiektatuko da, 19:00etan. Laudion urriaren 4an ikusi ahalko da, Lanbide Heziketa Udal Ikastetxean, ordu berean. Bilbon ere aurkezteko asmoa daukat, Bilboarten.

Zine independentea ez dago zirkuitu komertzialen barruan. Horregatik, nire filma erakusteko modu bakarra zinema jaialdietan hautatua izanda edo topatzen ditudan areto alternatiboetan emanaldi bat lotuaz da. Euskal Herri mailan halako ibilbide bat egiteko asmoa dugu. Arrasaten egongo gara, Basauriko Sozial Antzokian, Gasteizen ere, Donostian... eta Madrilera eta Bartzelonara eramateko asmoa ere badugu. Jaialdi askok filma interneten eskegita ez egotea eskatzen dute. Horregatik, behin jaialdien zirkuitua bukatuta denean igoko dugu filma internetera, jendeak libre eta doan gozatu dezan lanaz.

Jendeak uste du filma laburrena 'genero txiki' bat dela, eta ez da horrela”

Zure lehen filma luzea da hau. Salto handia dago filma laburrak eta bideoklipak egitetik halako proiektu bati aurre egitera?

Jendeak uste du filma laburrena “genero txiki” bat dela, eta ez da hala. Zinema filma laburrekin jaio zen. Kontua da jendea zinema-areto batean Coca Cola edaten eta palomitak jaten egoteko filmek ordu eta erdi iraun behar zutela zehaztu zela. Diskoekin gauza bera gertatzen da. Zergatik izan behar dituzte 12 abesti inguru? Ba produktu komertzial bat saltzeko, ezin duzulako abesti bakarra saldu. Baina hori guztia badoa aldatzen.

Nik beti pentsatu izan dut kontatzeko istorio luze bat eta istorio hori kontatzeko baliabideak izan bezain pronto ekingo niola filma luze bat grabatzeari. Ricardo Loredok (“El Dulce” filma laburreko protagonista) kontatu zidan istorio batetik jaio zen “Excisión”. Umetan trauma bat bizi izan zuen pertsona baten istorioa zen, trauma horregatik inolako terapiarik jaso ez zuen pertsona baten istorioa. Ideia sinplea zen, baina indartsua iruditu zitzaidan, pertsonaia garatzeko eta bere inguruan mundu bat eraikitzeko aukera ematen zuelako. Horri ekin nion. Pertsonaiari bikotea, etxe bat, bere haurtzaroko garaiarekin oso lotua dagoen aita bat, gertatu zitzaion trauma bera, lanpostua... hainbat elementu joan nintzen pertsonaiaren inguruan eraikitzen, eta orduan ikusi nuen azpi-kontakizun askoko istorio bat osatu nuela, eta konturatu nintzen film luze baten proiektuaren aurrean nengoela. Momentu horretan ez nituen horrelako ekimen baten ondorioak neurtu. Neurtu izan banitu agian ez nuke egingo (barreak).

Bi hilabetetan grabatzea zen asmoa, asteburu guztietan. Jendearen ordutegiak, baliabideak, familia, umeak... gauza asko eduki behar izan genituen kontutan plangintza egiterako orduan”

Baina igerilekura bota nintzen, eta gidoia idazteari ekin nion, eta buruan casting-a egiteari ere bai. Esperientzia zeukaten aktoreak nahi nituen, ez nuelako denbora galdu nahi, nire aurreko filma laburretan bezala, kaleko pertsona batetik aktore bat sortzeko lanetan. Bestela zoramen hutsa izango litzateke horrelako proiektu bat zuzentzea. Hiru hilabete eman nituen aktoreekin grabaketa plana zehazten. Bi hilabetetan grabatzea zen asmoa, asteburu guztietan. Jendearen ordutegiak, baliabideak, familia, umeak... gauza asko eduki behar izan genituen kontutan plangintza egiterako orduan.

Iragan urteko neguan izan zen grabaketa, eta abenduaren erdialdetik orain arte edizio lanetan murgilduak egon gara. Soinu banda ere sortu egin behar izan dugu, eta horrek musika-disko oso bat ekoiztearen tankerako lana eskatzen du.

Psikologiak pisu handia dauka egin dituzun filmetan. Zergatik? Zine psikologikoa gustuko duzulako edo aurrekontuan aurreztu egin behar duzulako?

Hainbat arrazoi daude. Akziozko zineman askotan badaude sekuentzia asko doakoak direla erabat. Nik filma batean auto pertsekuzio bat ikusten dudanean noiz bukatuko den galdetzen diot nire buruari, badakidalako aurrean doana pertsonai ona bada ihes egitea lortuko duela eta txarra bada harrapatu egingo dutela. Hori da kontakizun dena, eta aspertu egiten nau. Borroka sekuentziekin berdin. Zine amerikarrean horrela da beti, Europa mailako zineman ezberdintasunak egon daitezkeen arren.

Ikuslea urratzea du xede filmak, amaiera zoriontsu bat emango ez dizunaren jakitun”

Istorio psikologiko bat mantentzea, baina, konplexuagoa da. Interpretazio lan handia eskatzen dute, eta istorioa ere pelikula bat egiteko haina indartsua behar du izan.

Gai sozialak jorratzea proposatu didate askotan. Nik ezkerrean militatu izan dut beti, baina azken batean gure gatazka propioak dira gugan pisu handiena dutenak, horiek baitira gainontzeko guztia egitera bultzatzen gaituztenak. “Excisión” filmeko protagonistak txikitan bizi egiten duen trauma edonori gertatu ahalko litzaioke, bai militar bati, iraultzaile bati, beltz bati edota gay bati. Ingmar Bergman edo Michael Hanekeren zinemari jarraiki, ikuslea urratzea du xede filmak, amaiera zoriontsu bat emango ez dizunaren jakitun.

Pelikulak egiteko eskaintzak iritsi zaizkizu?

Bai. Uste baino eskaintza gehiago aktoreetatik datoz. Hau da, euren burua zure filma batean agertzeko aurkezten duten aktoreetatik, horietako batzuk nahiko famatuak gainera. Ez dira dauden aktore guztientzako lana emateko bezainbeste pelikula egiten. Aktore batentzat filma labur baten protagonista izatea izugarria da, eta filma luze batena are gehiago. Zentsu horretan e-mail eta curriculum asko iristen zaizkit.

Ekoizleek nire proiektuak aurkeztea proposatu didate noizean behin. Baina alfergura ematen dit. Zer nahi dut? Ekoizle bat dirua emango didana eta ekoizpen osoaren hariak mugituko dituena? Ez nau erakartzen horrek. Nire kabuz baditut filma bat egiteko bezainbeste baliabide, egin nahi dudan zinema egiteko.

Zinema zuzendaria naiz, musikaria naiz, baina langilea naiz, fabrika batean egiten dut lan”

Badago jende asko zinema zuzendari izan nahi duena, eta ikuskizunen munduan bizi. Ba ni zinema zuzendaria naiz, musikaria naiz, baina langilea naiz, fabrika batean egiten dut lan. Soldata bat daukat, hipoteka ordaintzen laguntzen didana eta grabatzeko ekipoa eta aktore guztientzako tortilak erosteko aurreztea ahalbidetzen didana. Zinemaren industrian aurrekontuak puztu egiten dira egiatan zabor hutsa diren istorioak kontatzeko. Niri intrusismoa egitea leporatu didate sarritan, zinemaren munduan egonda enplegurik sortzen ez dudalako.

Nik giza baliabideetan inbertitzen dut. Zinemaren industrian ekipo osoak kontratatzen dira, eta ondo lan egiten ez duena kaleratu egiten da. Baina nik ez dut dirurik, horregatik sekulako lan emozionala egin behar dut lagunak proiektuaren parte egiteko. Eta hori guztia ere zuzendu egin behar da.

Filma luzea egitea presio eta lan handiegia suposatu du, baina horrelako proiektu batek urte oso batez oso bizirik mantentzen zaitu”

Pelikula bukatuta, proiektu gehiago al dituzu buruan?

Proiektu pila bat ditut. “Excision” filmaren promozioak denbora asko eskatuko dit. Musika alorrean Leopoldo Maria Paneroren tributua ber-hartzeko asmoa daukat. Bilboko Campos Eliseos antzokian kontzertu bat eskaini nuen proiektu horrekin, eta hamabi abesti konposatu nituen. Pare bat bideoklip egiteko asmoa ere badaukat, disko horretako abestiekin. Igor Arzuagarekin ere zer edo zer egitea dut buruan eta “Capitan elefante” talde barakaldarrarekin bideoklip bat ere egingo dut, hilaren amaieran. Urria amaierarako ere Zaragozako talde baten bideoklipa grabatzea aurreikusi dut... badaude gauzatxoak. Filma luzea egitea presio eta lan handiegia suposatu du, baina horrelako proiektu batek urte oso batez oso bizirik mantentzen zaitu. Sadomasokismo hutsa da, baina adikzioa sortzen du. Horregatik, badut beste filma luze bat egiteko asmoa, baina proiektu asko ditut aurretik egiteko, “Excisión” filmaren promoziotik hasita.



 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide