Reality Show-ak: Aiaraldearrak fokuen argi-ilunetan

Txabi Alvarado Bañares 2015ko ira. 23a, 09:54

Ez da txikia Reality Show-etan parte hartu duten aiaraldearren kopurua. Erreportaje hau idaztean dozena bat izen baino gehiagoko zerrenda osatu da. Gehienak ETBko El conquistador del fin del mundo programa ospetsuan parte hartutakoak dira: Olga Artiñano, Geraxane Ussia, eta Khendud Taki “Jandu” laudioarrak, Ainhoa Barbara eta Dulce Burutxaga amurrioarrak eta Loli Fuste aiararra.

Ez da txikia Reality Show-etan parte hartu duten aiaraldearren kopurua. Erreportaje hau idaztean dozena bat izen baino gehiagoko zerrenda osatu da. Gehienak ETBko El conquistador del fin del mundo programa ospetsuan parte hartutakoak dira: Olga Artiñano, Geraxane Ussia, eta Khendud Taki “Jandu” laudioarrak, Ainhoa Barbara eta Dulce Burutxaga amurrioarrak eta Loli Fuste aiararra.

Baina badaude baita bestelako programa batzuetan aritutakoak ere. Ibai Abajo urduñarra Basetxea eta Aventura en Africa saioetan aritu da, besteak beste, eta Ainhoa Gorordo orozkoarra ETB 1eko Gu ta gutarrak saioan dabil.

Parte hartu soilik ez, aiaraldear batzuk irabaztera ere heldu dira. Jabi Abrisketa zolloarra adibidez, Basetxea saioan izan zen garaile eta Aitor Martinezek beste horrenbeste egin zuen Sukaldari programan. Maika Anguiano arakaldoarrak, bere aldetik, lehen postua lortu zuen Ex, ¿que harias por tus hijos? saioan.

“Probak egiteko gai nintzen probatu nahi nuen, erronka pertsonal moduan hartu nuen”

Aiaraldea bera ere reality-entzako plato bilakatzera iritsi da. Urduñako Gure ahaleginak txakolindegia Granjero busca esposa saioaren lehen edizioko finalaren eszenatoki bilakatu zen. Bertan ezkondu zen saioaren irabazlea izan zen Tito Martinez goiuriarra.

Motibazioak, denetarikoak
Horrelako telebista saioetan parte hartzeko motibazioak anitzak dira. El conquistador del fin del mundo saioko parte hartzaileentzat, probak egiteko gogoa da arrazoi nagusia. “Aurreko lau edizioak telebistan ikusiak nituen”, azaldu du Geraxane Ussiak, “eta jakin nahi nuen ea pertsonalki proba horiek egiteko gai izango nintzen”.

Oso bestelako arrazoiengatik aurkeztu zen Maika Anguiano Ex, ¿que harias por tus hijos? saiora: “Langabezian nengoen eta hilabetea ordaintzen zidaten”. Ekonomikoki oso errentagarria suertatu zitzaion erabakia, garaile atera eta 100.000 euroko saria lortu baitzuten berak eta bere senargai ohiak. “Bada dirua”, aitortu du, “baina telebistarentzat da %21 eta zure izenean deklaratuz gero ogasunak %50 hartzen duela kontuan hartuta, ez da horrenbeste”.

El conquistador del fin del mundori dagokionez, Burutxagak eta Ussiak ziurtatu dute eurek ez zutela ordainsaririk jaso parte hartzeagatik, “irabazleak soilik lortzen du dirua”.

“Parte hartzaile maltzurraren rola ezarri zidaten, horrela irudikatzen ninduten beti”

Fokuen beste aldean
Elkarrizketatu guztiak bat datoz gauza batean: alde handia dagoela telebistan ikusten denaren eta programaren grabaketan bizitzen denaren artean.
Dulce Burutxaga kazetaria da. Argi zuen telebista saio batera zihoala eta “trikimailu asko” egongo zirela. “Edizioa nabaritzen da”, azaldu du, “parte hartzen zaudenean arazo batzuk sortzen dira, baina bizitza normalean bezala konpontzen genituen. Telebistan ez zen hala ikusten”.

Anguiano bat dator baieztapen horrekin: “Ex, ¿qué harías por tus hijos? saiorako argazkiak egiten ari ginela, argazkilariak argazki batean aurpegi serioa jartzeko eskatu zidan. Gero hori izan zen erabili zuten argazkia, beste parte hartzaileak argazkietan irribarretsu agertzen ziren bitartean. Maltzurraren rola eman nahi zidaten”. Hortik aurrera perfil hori indartzen saiatu zirela uste du Aguianok. “beste parte hartzaileei laguntzen agertzen nintzen zenbait zati moztu zituzten, adibidez”.

Arakaldoarrak adierazi du “oso txarto” pasatu zuela programaren grabaketan, “zure atzetik dabiltza uneoro egiten duzun guztia grabatzen”. Baina berarentzat gogorrena programaren lehen atalen ostean hainbat pertsona ospetsuren artean egiten zen debatea izan zen, “oso latza egiten zitzaidan ezertaz ezagutzen ez ninduten pertsonak nire bizitzaren inguruan hitz egiten ikustea”.

“Programa bukatzean jende guztiak ezagutzen ninduen, apur bat gogorra izan zen”

Ospearentzako botika, denbora
Behin programa bukatuta, beste erronka zail bati egin behar izan ohi diote parte hartzaileek aurre: ospeari. “Programa bukatzean jende guztiak ezagutzen ninduen”, oroitu du Burutxagak, eta aitortu du “apur bat gogorra” izan zela. Denbora da famarentzako botikarik onena. “Saioa bukatzean jende gehiagok ezagutzen ninduen”, azaldu du Ussiak, “baina orain jende gehiagok ezagutzen nau atleta moduan egin dudan ibilbideagatik duela sei urte El conquistador del fin del mundon parte hartu izanagatik baino”.

“‘El conquis’-erako lau aurkezpen bideo egin ditut ‘Aiarako armiarma’ moduan”

Saiatu direnak, are gehiago
Tele-errealitate saioetan parte hartu duten aiaraldearrak asko badira, are gehiago dira saiatu direnak. Abel Fernandez Mendibil amurrioarra zazpi aldiz aurkeztu da ‘El conquis’era, eta jada lau bideo egin ditu aurkezpen gisa. Azken bideoan ‘Aiarako armiarma’ bezala aurkeztu da, Spidermanen jantzia soinean. “Proben teknikak entseatu egin ditut, eta Patagoniara joan nintzen Julian Iantzirekin bidaia gidatu batean”.

Iñaki Olabarrieta arrankudiagarra ere zazpi aldiz aurkeztu da saiora, baina geroz eta gogo gutxiago du parte hartzeko. “Morboari geroz eta garrantzi gehiago ematen ari zaio, proben kaltetan”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide