Zinegotzien soldaten igoerak eragin du legealdiko lehen ika-mika Laudioko udalbatzan

Erredakzioa 2015ko uzt. 1a, 14:53

Hainbat kontu eztabaidatu ziren atzo Laudion egindako bi udalbatzetan, baina gatazkatsuena zalantzarik gabe liberazioei eta soldata igoerari lotutakoa izan zen.

EH Bildu, EAJ eta Omniaren bozei esker adostu zen zinegotzien soldaten eta ordainsarien eguneraketa. PSE-EE eta PPk aurkako boza eman zuten.

Hainbat kontu eztabaidatu ziren atzo Laudion egindako bi udalbatzetan, baina gatazkatsuena zalantzarik gabe liberazioei eta soldata igoerari lotutakoa izan zen.

EH Bildu, EAJ eta Omniaren bozei esker adostu zen zinegotzien soldaten eta ordainsarien eguneraketa. PSE-EE eta PPk aurkako boza eman zuten.

Igoerak

Akordio horri esker 485 euro emango zaie hilero Udal Talde Politiko bakoitzari osagai finko gisa eta 150,00 euro zinegotzi bakoitzeko.

Bestalde, ordezkaritza ardurarik ez duten zinegotziek 700,00€ jasoko dituzte. Ordezkaritzak dituzten zinegotziek -Tokiko Gobernu Batzordean, adibidez- 950 euro jasoko dituzte.

Gainera, gehienez 156 euro gehiago jasoko dituzte zinegotziek batzordetan parte hartzeagatik. Zenbait kontzeptutan % 40ko igoera eman dela aipatu zuten udalbatzan.

Liberazioak

Udal gobernu taldeak 3 pertsona izango ditu erabateko arduraldiz. Natxo Urkixo alkateak 2.429,23 euro garbi hilero kobratuko ditu -bere lanpostuan zeukan soldata, alegia- eta Amets Meaza eta Jon Ander Altubek 1900 euro garbi.

Eztabaida, baina ez diruaren inguruan

Egia esanda, alderdien arteko eztabaidak ez zuen zerikusi handirik izan soldata eta ordainsarien igoerarekin, baizik eta horri lotutako akordioekin.

Udal osoko bilkura hasi baino apur bat lehenago Omnia eta EAJ alderdiek iragarri zuten gobernagarritasuna bermatzeko akordioa lortu zutela. Horren harira, adibidez, Tokiko Gobernu Batzarra EH Bildu, Omnia eta EAJk osatuko dute eta bakoitzak 2 kide izango ditu.

PP eta PSE-EEk kritikatu zuten akordio hori lortzeko ez zela haiekin hitz egin.

Oposiziorako liberatuak

Esan bezala, soldata eta ordainsariei buruzko ika mika beste gauza batzuei lotu zuten PP eta PSE-EEk. PPk kritikatu zuen soldaten eta ordainsarien igoera udal taldeak lortutako bi liberazioekin harremana zuela.

PSE-EEk aldarrikatu zuen udal gobernu taldeak ez ezik oposizioak ere liberazioak izan beharko lituzkeela. Txaro Sarasuak Lasarteko adibidea jarri zuen, herri horretan 7 liberatu baitaude, liberatu bat opozisioko talde bakoitzeko.

Soldata duinak

EH Bilduk azaldu zuen Laudioko udala kudeatzeko gutxienez 3 liberatu behar direla. Zentzu horretan argitu zuen aurreko legealdian EH Bilduk 2 liberatu izan zituela udalak ordaindurik eta 3. liberatua koalizioak berak finantzatu zuela.

EAJk gogoratu zuen 2001 urtetik hona zinegotziek eta udala osatzen duten alderdiek jasotzen duten diru kopurua izozturik egon dela eta eguneratzeko beharra zegoela ordezkariek duintasunez bete dezaten bere ardura.

Omniak, aldiz, nabarmendu zuen ezinezkoa dela talde bakoitzak liberatu bat izatea, garestiegia baita, baina azpimarratu zuen onartutako akordioarekin zinegotziek modu duinean bere lana egin dezaten tresnak jarri direla.

Artziniegan, antzeko eztabaida

Astelehenean ere alkatearen soldata izan zuten eztabaidagai Artziniegan. Alkateak urteko 45.000 euro kobratzea diru kopuru handiegia baita, EH Bilduren ustez.

Azkenean, EAJren bozei eta alkatearen kalitatezko botoari esker onartu zuten soldata berria, EH Bilduk aurka bozkatu zuen eta PP abstenitu zen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide