15 langile hil dira Aiaraldean 2007tik lan istripuen ondorioz

Txabi Alvarado Bañares 2015ko eka. 7a, 21:26

Azken zortzi urteetan 612 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz, horietako 15 Aiaraldean. Lan istripuen kopurua jaitsi egin den arren, sindikatuek industria asko itxi izanari egozten diote jaitsiera hori, eta ziurtatzen dute prekarietatean eta azpikontratazioan datzala ezbehar askoren gakoa.    

Azken zortzi urteetan 612 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz, horietako 15 Aiaraldean. Lan istripuen kopurua jaitsi egin den arren, sindikatuek industria asko itxi izanari egozten diote jaitsiera hori, eta ziurtatzen dute prekarietatean eta azpikontratazioan datzala ezbehar askoren gakoa.    

14 langile hil dira Euskal Herrian lan-istripuen ondorioz urtea hasi zenetik. Horietako bat laudiokoa da. Iragan apirilaren 28an zendu zen Abadiñoko Fundiciones San Vicente enpresan lan egiten zegoela, zulo batetik erori eta gero. Gurutzetako ospitalera eraman zuten zauritutako langilea, baina hurrengo egunean hil zen.

Ez da, baina, Aiaraldeak sufritu duen lan-istripu bakarra izan. Azken zortzi urteetan (2007tik hona) 15 langile hil dira mota horretako ezbeharren ondorioz eskualdean. 2014a izan da urte bakarra zeinean ez den halako heriotzarik izan. 2012an, berriz, hiru jaso ziren. Urte berean Hego Euskal Herrian 56 izan ziren hildakoak. Dena dela, zifra hori asko jaitsi da azken urteetan: 2007an Hego Euskal Herrian 125 langile hil ziren. Iaz, baina, 35era jaitsi zen kopurua.

Sindikatuentzat prekarietatea eta azpikontratazioa dira lan-heriotzen kausa nagusia

Hala ere LAB sindikatuko eskualdeko arduraduna den Haizea Aginakok adierazi du horrek ez duela esan nahi prebentzio neurri gehiago eman direnik, “krisiaren ondorioz industriaren desegite bat ematen ari dela baizik“.

Hala ere, lan-istripuen arrazoia oraindik ere berbera dela diote sindikatuek: prekarietateak eragiten duen lan-segurtasunik eza. “Murrizketek eta austeritate politikek lan istripu eta gaixotasunen prebentzioa eta kontrola hondatu dituzte”, azaldu du CCOOko Laneko Osasun idazkaria den Pedro J. Linaresek. ELA sindikatuak ere bat egiten du baieztapen horrekin, eta ziurtatzen du azpikontratazioak ere eragina daukala.

Hala adierazi zuen Euskal Herrian gertatuko azken lan istripuaren ostean. Ezbehar horren ondorioz hildako bi langileak Develoop enpresako langileak ziren, eta Ultracongelados Virto de Funes enpresaren fabrikan zebiltzan lanean, azpikontratatuta.

Aiaraldean hildako langileetako askoren kasua ere antzerakoa da. Abadiñon hildako laudioarrarenean, adibidez, sindikatuek salatu zuten enpresak ez zituela behar besteko prebentzio neurririk. “Sarritan enpresek ‘giza akatsari’ egozten diote istripuen kausa izatea, eurek duten erantzukizuna ekiditeko”, adierazi du Aginakok. 

Amiantoa, hiltzaile isila
Zoritxarrez, badago lan-istripuek baino langile gehiago erail dituen beste elementu bat: amiantoa. Minbizia sortzen duen mineral horrekin lan egiteagatik hamabi dira Aiaraldean hil diren pertsonen kasu frogatuak.

Kopurua, baina, handitu egin daiteke datozen urteetan. Munduko Osasunaren Erakundeak (OMS) aurreikusi du Europan 500.000 pertsona hilko direla amiantoa dela eta datozen 30 urteetan. 55.000 izango dira Espainian eta 10.000 Euskal Herrian. Orain arte 100.000 heriotza baino gehiago gertatu dira mundu mailan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide