Dorretxeak: Aiaraldea gobernatzen zutenen botere ikur

Erredakzioa 2015ko eka. 7a, 18:07

ERREPORTAJEAREN EGILEA: DANI LUENGAS

64 dorretxe eta jauregik diraute zutik Aiaraldean. Garai batean gehiago ziren, baina laurdena gutxi gorabehera galdu dira. Aiaraldeko jauntxoen arteko bandoen gerra odoltsuen testuinguruan eraiki ziren, eta jauregi izateko moldatu ziren gero, liskarrak baretu zirenean.

ERREPORTAJEAREN EGILEA: DANI LUENGAS

64 dorretxe eta jauregik diraute zutik Aiaraldean. Garai batean gehiago ziren, baina laurdena gutxi gorabehera galdu dira. Aiaraldeko jauntxoen arteko bandoen gerra odoltsuen testuinguruan eraiki ziren, eta jauregi izateko moldatu ziren gero, liskarrak baretu zirenean.

Dorretxea Behe Erdi Aroko jauntxo baten boterearen ikurrik bereizgarriena eta ikaragarriena zen, leinuko kideen etxea izateaz gain defentsarako eraikitako gotorleku sendoa baitzen. Harrizko lau hormez osatutako eraikin altu hauetatik Ahaide Nagusiek, leinuetako buruzagiek, eskualdeetako bideak eta lehengaiak kontrolatzen zituzten. Batetik, lurraldeko puntu geo-estrategikoak kontrolatzen zituzten: errepide nagusiak, zubiak edota hiribilduetako ateak, esate baterako. Bestetik, familiaren ondasunak kudeatzeko administrazio zentroak ere bihurtu ziren. Horregatik, jauntxoek euren dorretxeak errota, burdinola, kapera, meatze edo basoetatik hurbil eraiki zituzten, euren errenta iturrietatik hurbil hain zuzen.

Dorretxe gehienak XIV. eta XV. mendeetan eraiki ziren, Bandoen Gerra garaiko urte bortitzenetan. Behe Erdi Aroan, krisi ekonomikoa eta hiribilduen sorrera zirela eta, Ahaide Nagusi askoren diru-sarrerak asko murriztu ziren. Haien errenta kopurua mantentzeko bide bakarra ondoko lurraldeetako jauntxoekin borrokatzea eta euren lurraldeak zabaltzea izan zen. Gutxika, eskualdeetako liskar puntualak lurraldeko gudu bortitz bihurtu ziren. Hainbat jaunen arteko aliantza sistema konplexu bat eratu zen eta aurkako bi bando edo alderdi nagusi eratu ziren: oinaztarrak eta ganboatarrak.

Bandoen gerra
Aiaraldearen kasuan, eskualdea Ayalako jaunaren menpean zegoen; ganboatarren aldeko familia boteretsua zen harena. 1328. urtean, Juan Sanchez de Salcedo ondorengorik gabe hil zenean, Ayala familiaren bigarren mailako bi alderdien arteko gerra hasi zen jaurerriaren kontrolagatik. Bi alderdi horien buru Sancho Garcia de Murga, Murgako Dorretxearen Jauna, eta Sancho Perez de Ayala jarri ziren. Aiarako jauntxo txikiek ere ondorengotza gerra horretan parte hartu zuten, alde batean ala bestean, eta euren buruak babesteko dorretxeak eraiki behar izan zituzten.

Azkenean, Sancho Perez de Ayalak irabazi zuen gerra, eta familiaren buruzagitza hartu zuen. Hain zuzen ere, haren ondorengoak izan ziren Kexaako oinetxea eraiki zutenak, hainbat garaitan altxatutako eraikin multzo konplexua.

Liskar odoltsuak
Lehenengo mailako liskarrak ez ezik, Ayalako jaunaren menpean zeuden ahaide txikien arteko borrokak ere suertatu ziren. Esanguratsua da Orozko-Laudio aldean Anuncibay eta Ospina de Ugarte familiek izan zituzten tirabirak. Lehengoek Orozkoko sarreran zuten dorretxea, egungo jauregi modernoaren aurrean, zubiaren beste aldean. Ospina de Ugartekoek, aldiz, Laudion zuten gotorlekua, oraindik ere zutik dirauena.

Gure eskualdeko hiribilduek ere Bandoen Gerraren basakeria jasan behar izan zuten. Normalean alderdi bakoitzak hiribilduaren zati bat kontrolatzen zuen. Horregatik, dorretxeak eraiki zituzten kontrolpean zuten hiriko zatiaren mugetan (kaleen hasieran eta hiribilduen ateen ondoan), haien eragin esparrua zehazteko eta babesteko. Urduñaren kasuan, hirian ezarrita zeuden aurkako bi alderdiak Zalduendotarrak eta Castrotarrak ziren.

Lehengo bandoaren buruan Salazar de Largacha familia zegoen, Enkarterrietako Salazar familia boteretsuaren senitartekoak. Castro aldearen buruzagiak Velascotarrak ziren, Burgoseko ipar-ekialdeako agintariak, eta Salazartarren areriorik sutsuenak. Jauntxo horiek eraiki zituzten dorretxeen arrastorik gelditzen ez den arren, haien ondorengoek altxatutako jauregiek diraute: Velasco, Mimenza eta Ortes de Velasco jauregiek.

Bandoen Garaiko urterik odoltsuenak XV. mendeko erdialdean bizi izan ziren, Arrasate hiribildua erre zenean. Egoera jasangaitz horri aurre egiteko, Gaztelako erregea zen Enrique IV.ak ahaide nagusien erbesteratzea eta haien dorretxeak botatzea agindu zuen, baita gotorleku berriak altxatzea debekatu ere. XV. mende bukaerarako liskarrak ia baretuak zeuden eta Ahaide Nagusiek errenta iturri berriak bilatu zituzten, merkataritzan eta administrazioko lanpostuetan gehienbat. Hori dela eta, jauntxoak forma arkitektoniko berriak eraikitzen hasi ziren, euren estatus sozialaren ikur zirenak. Dorretxearen forma idilikoa abiapuntutzat zutela, lehenengo jauregiak agertzen hasi ziren, hobeto prestatutako eta bizigarritasun gehiagoko erakinak.

Dorretxeetatik jauregietara, hainbat mendeetako bilakaera

Behe Erdi Aroko jauretxeek bilakaera tipologiko ikusgarria izan zuten, eraikin defentsiboak izatetik, etxebizitza eroso eta jauregitarrak izatera pasatu baitziren hamarkada gutxi batzuetan.

Jatorrizko dorretxeak oso eraikin altuak ziren. Normalean 17-20 metrotako altuera izaten zuten. Hau da, gaur egungo 6 solairuko etxebizitza baten adinako altuera. Neurri horietara iristeko, horma sendoak behar zituzten, metro bat baino gehiagoko lodierakoak. Barrualdean, zurezko egitura batek eusten zituen solairuak. Batzuetan, hormen goiko aldean almenak zeuden, harrizko irtenune bertikalak; beste batzuetan, aldiz, “kadaltso” izeneko egurrezko eraikuntza bat zuten hormen goiko parte horretan. Dokumentu historikoen arabera Ugarteko dorretxeak kadaltso bat izan zuen jatorrian.
Dorretxe zaharrenek lehenengo solairuan zuten sarrera, lurretik 6-8 metrotara. Ate horretara iristeko egurrezko eskailera bat jartzen zen eta eraikinak erasoren bat jasaten zuenean kentzen zen, arerioak barrura sartzea eragozteko. Eraikuntza horiek leiho gutxi izaten zituzten: gezileiho defentsiboak eta ojiba arkudun leihoren bat. Familia gerrazaleenek harresi bat eraikitzen zuten dorretxearen inguruan, gaztelua bailitzan.

Enrique IV.ak ahaide nagusien dorretxeak bota eta berrik eraikitzea debekatu zuenean, zenbait jauntxok euren dorretxeak eraberritzea eta jauregi bihurtzea erabaki zuten. Eraikinei altuera murriztu eta leiho gehiago eta handiagoak jarri zizkieten, argiztapen gehiago izan zezaten. Aiaraldean, Zuhatzako Negorta dorretxea eta Okondoko Zudubiarte dorretxea tipologia horren adibide garbiak dira.

Beste jauntxo batzuek, aldiz, dorretxeei jauregi formako eraikinak erantsi zizkieten. Jauntxo batzuek jauregia dorretxearen inguruan eraiki zuten, defentsarako harresi perimetrala aprobetxatuz, Murgako eta Ugarteko dorretxeetan gertatzen den bezala. Beste batzuek, ordea, eraikin berria dorretxearen albo batean altxatu zuten. Molinillo de Velascotarrek hala egin zuten Artziniegan Ayalatarren dorretxearekin.

Jauretxeen nagusitzea
Bandoen Gerra baretu ahala, gero eta dorretxe gutxiago eta jauregi gehiago eraiki ziren. Dorretxeak ez bezala, jauregiak mendi magaletan eraiki ziren, bide nagusietako lekurik argitsuenetan. Hiribilduetan, tokirik pribilegiatuenetan (herriko plazetan, kale nagusietan...) altxatu ziren, jabearen izatea eta ospea goraipatzeko. Dorretxeekin alderatuta eraikin baxuagoak ziren, 8-10 metrotakoak, baina askoz ere zabalagoak. Leiho ugari zituzten, galeriak eratuz, baita erdi puntu-arkuko sarrera handiak ere. Orokorrean, xehetasun handiagoko eraikinak ziren, dorretxeak baino ornamentu gehiago zituzten eta hormak hobeto landuak zituzten.

Hortik aurrera jauregien tipologia garatuz joan zen. Hurrengo mendeetan Berpizkundeko jauregiak eta jauregi barrokoak agertu ziren, garai bakoitzari egokitutako eraikuntza tipologia berriak. Baina hori beste kontu bat da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide