“Gurasoen esku dago Hezkuntza Erreformari ezezkoa ematea”

Erredakzioa 2015ko eka. 3a, 17:58

IRUNE BARRENENGOAk (Laudio) bi seme-alaba ditu. Gure hezkuntza plataforman parte hartzen duen gurasoetako bat da. Datorren ekainaren 10erako eskualde mailako mobilizazioa deitu du plataformak Laudion, 18:00etan, Lehen Hezkuntzako 3. mailan jarri nahi duten errebalidaren aurka.

IRUNE BARRENENGOAk (Laudio) bi seme-alaba ditu. Gure hezkuntza plataforman parte hartzen duen gurasoetako bat da. Datorren ekainaren 10erako eskualde mailako mobilizazioa deitu du plataformak Laudion, 18:00etan, Lehen Hezkuntzako 3. mailan jarri nahi duten errebalidaren aurka.

“Guraso kezkatu” moduan Gure Hezkuntza plataforman hartzen duzu parte.
Hala da. Taldean eskolara plataformako bi kide bertaratu zirelako eta hitzaldi bat eman zutelako sartu nintzen. Aurkezpen hitzaldi bat izan zen, LOMCEk zertan datzan azaltzea helburu zuena. Bertan aipatu zuten batez ere gurasoon esku dagoela horri aurrea egitea, eta jakinarazi zuten plataforma bi astean behin elkartzen zela, eta ea bertaratzera animatzen ginen.

Momentu horretan erabaki nuen probatzea eta bilera batera joatea. Aiaraldeko hainbat irakasle daude plataforman. Lehen guraso gehiago zeuden plataforman, eta batzuk oso interesatuak daude, baina denbora faltagatik ezin dute parte hartu. Hori dela eta, gurasoak plataforman parte hartzera animatu nahiko nituzke.

“Errebalidak ez badu ondoriorik izango, azterketa hori egiten den egunean gure umea gaixorik jartzen bada ez da ezer gertatuko”

Heziberrik planteatzen duen Lehen Hezkuntzako 3. mailako errebalidaren aurkako borrokan murgildua dago plataforma orain.
Plataformatik planteatzen dena azterketa horri planto egitea da. Proba horri ezetza emateko orri batzuk egin dira, gurasoek bete ditzaten. Sinadura horien bitartez adierazten da proba horren aurka gaudela, planto egiten dugula eta ez dugula proba hori egin nahi. 3. mailako guraso batzuek bete dute jada orri hori, baina nik uste dut beste gurasoei ere zabaldu daitekeela nahiz eta seme-alabak maila horretan eduki ez. Gauza zabal bat izan beharko litzateke.

Espainiatik datorren legea da LOMCE, baina hemengo instituzioek ere ez diote ezetz esan. Beste eredu bat planteatu dute, Heziberri izenekoa. Baina badirudi ez dela LOMCErekiko horren ezberdina. Ez dut instituzioen partetik ezetz argirik ikusten, ez delako egon. Jokoan gauza asko daudela uste dut: gure seme alaben hezkuntza, etorkizuna eta pentsatzeko askatasuna...

Horretaz gain, ez dut ulertzen 8-9 urteko ume batek zergatik egin behar duen azterketa bat, sailkatu egingo duen azterketa bat gainera. Ez diot zentzurik ikusten. Teorian, hezkuntzak ziurtatu behar duena da behar ezberdinak dituzten ume guztiei heltzea. Hor ezin da inor eskegita geratu.
Hortaz gain, curriculumean planteatzen diren helburu batzuk nire ustez oso-oso urrun daude gure kulturatik. Ez dute gurekin zer ikusirik. Ez dute gure kultura errespetatzen. Ulertu dezaket zergatik planteatu duten hori, baina nik uste dut guk guraso bezala zerbait esan behar dugula. Badakigu egin duten lege hori organikoa dela eta teorian bete egin behar dela uste dut behintzat esan beharko genukeela ez gaudela ados.

“Mugitzeko eta elkartzeko unea da, nahiz eta gure seme-alabei agian ez egokitu proba egitea. Elkartasun kontu bat da”

Zentzu horretan, zein izan daiteke gurasoen egitekoa?
Zer egin? Hortik desobedientzia hitza aipatzen da, eta uste dut horrek pilo bat beldurtzen gaituela. Hainbat aukera entzun ditut. Horietako bat izan daiteke errebaliden eguna iristen denean umeak etxean geratzea edo ikastetxean bertan beste ekintza batzuk planteatzea.

Nik uste dut adierazi egin behar dugula ez dugula hori nahi. Beste guraso batzuekin hitz egin ostean, nik uste dut gehiengoa horren aurka gaudela. Zer egin planto egitearen papera sinatzeaz aparte? Ba gure seme-alabak proba hori egiten den egunean ikastetxera ez eramatea. Instituzioek diotenaren arabera badirudi proba horren (3. mailako errebalidaren) proba ez doala inora. Kasu horretan, gure umea azterketa egiten den egunean gaixorik baldin badago eta klasera ez badoa ez da ezer gertatuko, gure ardurapean daude. Hori da, nire ustez, egin dezakeguna.

Nola lor liteke hori, ordea? Zein da horretarako gakoa?
Batez ere uste dut elkartu egin behar garela eta bestearen tokian jarri. Gure seme-alabari aurten halakorik egitea egokitzen ez bazaio ere besteren bati egokituko zaiolako. Behin legea martxan jarrita beste proba batzuk egokituko zaizkio.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide