Udal hauteskundeen emaitzak eta foru hauteskundeetakoak erkatuz, analisia

Erredakzioa 2015ko mai. 29a, 11:22

Hauteskundeen ondorengo egunetako balorazio eta datu dantzaren ondoren, Aiaraldean alderdi eta taldeek foru hauteskundeetan lortutako emaitzei erreparatu diegu, bai eta hauek udal-emaitzekin erkatzeko lanari; konparazio horiek eskualdeko herritarren joerak eta erreferentziak aztertzeko arrasto batzuk ematen dituztelakoan.

Hauteskundeen ondorengo egunetako balorazio eta datu dantzaren ondoren, Aiaraldean alderdi eta taldeek foru hauteskundeetan lortutako emaitzei erreparatu diegu, bai eta hauek udal-emaitzekin erkatzeko lanari; konparazio horiek eskualdeko herritarren joerak eta erreferentziak aztertzeko arrasto batzuk ematen dituztelakoan.

Foru-emaitzak: EAJ nagusi; Bildu bigarren eta Podemos hirugarren

Foru hauteskundeen emaitza absolutuei begiratuta, eskualdean indar bozkatuena EAJ izan da, 7362 boto eskuratu ditu (%34.70), bigarren indarra izan den EH Bilduri ia 1000 botoko aldea aterata (6453 boto, boto baliodunen %30,42). Europako hauteskundeetan ikusitako joera indartu egin da oraingoan ere, Podemos izan baita eskualdean herritarrek hautatu duten hirugarren indarra. Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak 2828 boto eskuratu ditu Aiaraldean (botoen %13.33). Bost puntutara kokatu da PSE-EE, laugarren 1692 botorekin (%7.97). Alderdi Popularrak inoizko babesik txikiena eskuratu du foru-deialdian, bosgarren indarra izan da 1455 boto eskuratuta (%6.85). Laudioko Omniak, Aiara Batuzek eta Amurrio Guk Bai taldeen babesa izan duen Ikune seigarren indar bozkatuena izan da, guztira 1029 boto eskuratu dituelarik (%4.85).

 

Alderdiak: Foru eta udal emaitzen erkaketa

Alderdi kontsolidatuek botoak nabarmen galdu dituzte, talde berrien mesedetan
Podemos eta Ikuneren agerpenak foru-hauteskundeetan talde politiko guztiei kendu die babesa. Horrela EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PP-k botoak nabarmen galdu dituzte, zehazki lauren artean 4197 boto gutxiago eskuratu dituzte, eta Podemos eta Ikunek 3857 jaso, Podemosek 2828 boto eta Ikunek aldiz 1029.

EH Bildu izan da dudarik gabe boto kopuru handiena galdu duen taldea, 2011ko foru hauteskundeetatik hona koalizioak 1366 boto galdu baititu (6453 jasota).
EAJ alderdiak foru-hauteskundeak irabazi baditu ere, EH Bilduren kasuan bezala, boto galera handia izan du 2011eko emaitzekin alderatuta: zehatzean 1037 boto gutxiago eskuratu baititu alderdi jeltzaleak (7362 jasota).
PSE-EEk ere 610 boto galdu ditu 2011tik 2015era, baina galera ehunekoetara ekarrita EH Bildu eta EAJrena baino handiagoa izan da (guztira 1692 jaso ditu 2015ean). Edonola ere, PP izan da eskualdean proportzioan boto galera handiena izan duen alderdia; 2011n jasotako 2639 bozetatik 1455 baino ez baititu jaso aurten, 1184ko galera hain zuzen ere. Ia botoen erdia galdu dute popularrek eskualdean.

 

Foru eta udal emaitzak alderdiz-alderdi

EH BILDU izan da konparazio honetan boto gehien galdu duen alderdietako bat. Udal hauteskundeetan 7266 boto jaso ditu eta foru-hauteskundeetan 813 boto gutxiago, guztira 6453 boto. Bistakoa da herritarrek tokiko instituzioak gobernatzeko konfiantza handiagoa ematen diotela koalizio independentistari, eta zentzu berdinean, udalerrietako alkategai eta hautagaiek zein aurkeztutako programak pisu eta garrantzi handia dutela herritarrek botoa hautatzeko orduan. EH Bildu koalizioko udal-hautagaien zerrendek beraz herritarren sinpatia lortu dute.

EAJ da udal zein foru hauteskunde deialdietan historikoki antzeko boto kopurua eskuratu duen alderdietako bat, eta aurten ere joerari eutsi diote. Jeltzaleek boto fidela dutela esan daiteke, salbuespen edo egoera berezi batzuk eman badira ere eskualdeko hainbat udalerrietan. Horrela, herri-plataforma eta taldeak aurkeztu diren zenbait herrietan (Okondon Okondo Aurrera eta Orozkon Adie kasu), udal-hauteskundeetan eskuratu ez dituzten boto asko foru-deialdian jaso dituzte (nabarmena da Orozkoko kasua, zeinetan foru-deialdian emaitzak bikoiztu egin dituzten). Era berean, desoreka hauek, besteak beste Amurrioko udal-hautagaitzak jasotako emaitza onek konpentsatu dituzte, zeinetan EAJk udal-deialdian baino 228 boto gehiago lortu ditu aldundikoetan.

PSE-EE izan da bi deialdietan boto kopuru antzekoari hobe heldu dion alderdia, apenas 7 botoko aldea izan baita bateko emaitzaren eta bestekoaren artean.

PP izan da foru-hauteskundeetan udalekoetan baino boto gehiago eskuratu dituen alderdi bakarra. Baina kasu honetan ere, aldea ez da handiegia izan: foru hauteskundeetan udalekoetan baino 270 boto gehiago lortu dituzte popularrek, 1184 botoko galera 2011arekin alderatuta.

PODEMOSen agerpena izan da dudarik gabe balantzak alde batera zein bestera mugitu dituena. Iglesiasek zuzendutako alderdia indartsu sartu da foru-hauteskundeetan, eta ia 3000 boto eskuratu ditu (2828). Eskualdean Podemosek udal-hautagaitza bakarra sustatu eta aurkeztu du; “Orain Amurrio” hain zuzen ere, eta beraz ez dago eskualde mailako erkaketarik egiterik udal eta foru emaitzen artean.

IKUNEk espero zitekeena baino emaitza urriagoa izan du Aiaraldean. Foru hauteskundeetan 1029 boto eskuratu dituzte, eta Ikune osatzen duten hiru taldeek (Aiara Batuz, Omnia eta Amurrio Guk Baik) guztira 2508 boto eskuratu dituzte udal-hauteskundeetan; 1479 botoko galera beraz hiru taldeek Ikunerentzako boza eskatu zutela aintzat hartzen badugu.

VOX-C'S eta UpyDk apenas izan dute eraginik Aiaraldean, hiru taldeen batura ez da boto baliodunen %0,5era ere iristen, emandako 21.213 botoetatik 114 boto lortu dituzte foru-hauteskundeetan hiru talde hauek: C'S-ek 75, Vox-ek 25 eta UPyDk 14.


Foru eta udal emaitzak herriz-herri

 

LAUDIO:
Udal hauteskundeak bezala, foru hauteskundeak ere EH Bilduk irabazi ditu Laudion, oso alde txikiarekin, EAJk baino 49 boto gehiago eskuratuta.
Hirugarren indarra Podemos izan da (1200 boto), laugarrena PSE-EE (1046), bosgarrena IKUNE (808) eta seigarren PP (670).
EH bilduk udal hauteskundeetan, aldundikoetan baino 321 boto gehiago lortu ditu, ematen du beraz, alkategaiaren eta lantaldearen zein lau urteotan egindako kudeaketaren aldeko jarrera erakutsi dutela herritarrek foru hautagaitzen aldean.
Besteak ondo mantendu dira eta Omniaren kasua da nabarmentzekoa: foru hauteskundeetan udalekoetan baino 1181 boto gutxiago lortu baitituzte. Pentsatzekoa da, erlazio zuzenak egitea zaila bada ere, Ikunek jaso ez dituen boto horietako asko Podemos-ek jasotakoak direla; Iglesiasen taldeak 1200 boto izan baititu Laudion. Era berean, Podemosek EH Bildu eta PSE-EEk galdutako hainbat boza ere eskuratu dituela pentsa daiteke.

 

AMURRIO:
Foru hauteskundeetan ere EAJ izan da garaile Amurrion (1921 boto), bigarren EH Bildu izan da 1454 botorekin, eta hirugarren Podemos (957 boto). Hiru alderdi hauetatik distantzia handira geratu dira PSE-EE (380) eta PP (349), Ikunek 134 boto baino ez ditu jaso.
Kasu honetan nabarmentzekoa da Josune Irabienen figurak alderdiarena baino indar handiagoa izan duela, Irabienek EAJk foru hauteskundeetan baino 228 boto gehiago eskuratu baititu.
EH Bilduren kasuan aldiz, boto kopuru oso antzekoa eskuratu du bi hautetsontzietan (34 botoko aldea baino ez).
PP eta PSE-EEk ere emaitza antzekoak erdietsi dituzte, nahiz eta biek foru hauteskundeetan boto gehiago jaso dituzten.
Indar berrien kasuan ere bada zer aipatzerik, Podemos markak Amurrioko Podemosek sustatutako Orain Amurrio taldeak baino 219 boto gehiago eskuratu ditu foru-hauteskundeetan, eta Laudioko Omniaren kasuan bezala, Amurrio Guk Baik Ikunek foru zitan baino 140 boto gehiago lortu ditu.

AIARA:
Lehen indarra foru hauteskundeetan EAJ izan da, EH Bilduri 110 botogatik gailendu zaio, udal hauteskundeetako proportzio berean.
Hirugarren indarra Podemos izan da, 174 botorekin, laugarrena PP izan da 123rekin eta laugarrena IKUNE 79 botorekin.
Kasu honetan ere IKUNE osatzen zuen Aiara Batuz taldeak ez du udal hitzorduan erdietsitako botoak Ikunera bideratu.

ARTZINIEGA:
Udal-hitzorduan gertatukoaren kontrara, lehen indarra EAJ izan da, alde handiarekin gainera, 88 botokoa hain zuzen ere.
EH Bilduk udal hauteskundeetan foru hauteskundeetan baino 103 boto gutxiago eskuratu ditu, eta EAJk aldiz, boto berdin antzekoak.
PPren beherakada bi hautetsontzietan maila antzekoan gertatu da, foru hauteskundeetan udalekoetan baino 8 boto gehiago baino ez dituelarik lortu (126 guztira).
Podemosen markak 96 boto erdietsi ditu, EH Bilduk foru eta udal hautetsontzien artean izan duen aldearen antzeko kopurua. Pentsatzekoa da hortaz harreman zuzena dutela bi emaitzek.

OKONDO:
Sergio Tatoren Okondo Aurrerak 4 botogatik irabazi ditu udal-hauteskundeak Okondon, EAJ izan delarik bigarren indarra. Foru hauteskundeetan baina (zeinetan Okondo Aurrerak ez duen ordezkaritzarik aurkeztu), EAJ izan da garaile garbia; 327 boto (udalekoetan baino 47 gehiago), EH Bildu bigarren, udal-hauteskundeetan baino 66 boto gehiagorekin, eta azken lekuan Podemos alderdia, guztira 50 botorekin.
Kasu honetan ematen du Sergio Tatoren taldearen alde egin duten boto emaileek EH Bilduren alde egin dutela EAJ edo Podemosen alde baino gehiago, edonola ere hiru kasutan antzeko proportzioan.
Nabarmentzekoa da era berean foru-hauteskundeetan udalekoetan baino 13 boto baliogabe gehiago eman direla, 40 guztira (ehunekoetara ekarrita, kopuru handia).

ARAKALDO
Udal-hauteskundeetan ez bezala, Arakaldon EAJ izan da garaile foru-hauteskundeetan, 45 boto erdietsi dituzte EH Bilduk eskuratutako 29 botoen aldean. Aipatzekoa da ere berean Podemosek 9 boto eskuratu dituela eskualdeko udalerririk txikienean.
Ematen du beraz, ideologikoki PNVtik hurbilago sentitzen diren boto emaileek EH Bilduko udal-hautagaiak babestea hobetsi dutela.


ARRANKUDIAGA-ZOLLO
Udalerri honetan ere, aldea dago herritarrek udalerako edo aldundirako bozkatzen dutenaren artean. Arrankudiaga-Zollon foru hauteskundeetan ere EH Bildu izan da garaile, baina EAJrekiko alde txikiarekin (9 botoko aldea udal zitan 75ekoa izan denean). Pentsatzekoa da beraz, bi zerrendetan agertzen ziren pertsonek zeresan handia izan dutela herritarren botoa ematerako orduan.
EH Bilduk 296 boto jaso ditu foru-hauteskundeetan (udalekoetan baino 46 gutxiago) eta EAJk aldiz 20 gehiago. Aztertzeko beste elementua Arrankudiaga-Zollo bezala udalerri txikian Podemosek jaso dituen 17 botoak dira.

OROZKO
Udal hauteskundeak ADIEk gehiengo osoz irabazita, foru hauteskundeetan garailea EAJ izan da (ADIEk ez baitu hautagaitzarik aurkeztu ez eta botoa inorentzat eskatu). ADIEk eskuratuko 778 botoak beraz beste aukeretan banatu direla pentsatu dezakegu.
Horrela, EAJ izan da garaile nabarmena (682 boto), udal zitan baino ia 300 boto gehiago, bikoiztetik hurbil.
EH Bildu izan da bigarren indarra aldundiko hauteskundeetan, eta kasu honetan ere udal-hauteskundeetan baino 117 boto gehiago eskuratu ditu.
Indar handia eskuratu duen hirugarren indarra Podemos izan da Orozkon, 138 boto lortu baititu.
Boto baliogabeak ere azpimarratzekoak dira Orozkon, udal-zitan baino 96 boto baliogabe gehiago egon baitira (beste herrietan ez bezala,nabarmen igo da bi hitzorduen arteko aldea), udalekoetan 42 izan ziren eta forukoetan 138. ADIEren boto emaileek beste alderdi nagusiekiko haserrea erakusteko modua izan liteke boto baliogabeen igoera nabarmen hau.


URDUÑA
Udal hauteskundeetan bezala, EH Bilduk eskuratu ditu boto gehien foru-hauteskundeetan ere.
Kasu honetan aldea txikiago izan da, EAJk 903 boto eskuratu ditu EH Bilduk jasotako 915 botoen aurrean.
EH Bildu izan da erkaketan boto galera handiena izan duen taldea, guztira 186 boto gutxiago.
EAJk aldiz 59 irabazi ditu. PSE eta PP antzeko terminoetan mantendu dira (PPk 31 boto gehiago eskuratu ditu foru hauteskundeetan).
Azkenik nabarmentzekoa da Podemosek Urduñan erdietsitako boto kopurua, 187 hiritarrek eman baitzioten konfiantza Iglesiasen alderdiari.
Urduña izan da UPyDk boto kopuru handiena jaso duen udalerria: guztira 8 boto (Aiaraldea osoan 14 eskuratu ditu Rosa Diezek gidatutako taldeak).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide