Etxebizitza problematikari alternatibak eraikitzen: Non dago giltza?

Txabi Alvarado Bañares 2015ko api. 15a, 17:25

Ugariak dira etxebizitzaren gaineko problematikari erantzuteko instituzioek zein herri mugimenduek abian jarritako ekimenak, Udaletatik hasi eta Europako beste herrialde batzuetan bukatuta. 

 

Ugariak dira etxebizitzaren gaineko problematikari erantzuteko instituzioek zein herri mugimenduek abian jarritako ekimenak, Udaletatik hasi eta Europako beste herrialde batzuetan bukatuta. 

 

Udaletatik eragiteko tresna

Zabaldua dago udalek arazo orokorrei aurre egiteko gaitasun gutxi daukatenaren ustea. Baina badituzte etxebizitza hutsen problematikari heltzeko moduak. Laudio, Amurrio eta Artziniega eta beste udalerri batzuk Alokabiderekin (Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen enpresa publikoa) sinatutako hitzarmenak dira horren adibide. “Etxebizitza hutsen mugikortasuna” sustatzea da akordio horien xedea, Bizigune eta ASAP izeneko programen bidez. 

Baina, hortaz gain, udalek badituzte tresna propioak etxebizitza hutsak alokairura igarotzea bultzatzeko. HGZ da horietako bat (Higiezinen Gaineko Zerga). Zarautzen, adibidez, etxebizitza bat hutsik mantentzen duen jabe bat 1.000 euro ordaintzera iritsi daiteke, zerga horren errekargu moduan. Gipuzkoako Foru Aldundiak %150erainoko errekarguak baimendu zituenez geroztik egiten da hori Zarautzen.

Isunak banketxeei
Beste adibide bat Katalunian topatu daiteke. Hipotekagatik kaltetutakoen plataformak (PAH) mozioak aurkeztu ditu zenbait udalerritan, herrian dauden etxebizitza hutsen jabe diren bankuei isunak ezartzea eskatuaz. Kataluniako Parlamentean onartutako Etxebizitzaren Legeak hori ahalbidetzen du. Isunak 3.000-900.000 euro bitartekoak izan daitezke.

Baina adibiderik ezagunena Andaluziako Marinaleda udalerrikoa da. Etxebizitza bat nahi duen herritarrari udalaren lur bat ematen zaio bertan, eta udal-arkitektoaren laguntzaz ekiten dio etxebizitza eraikitzeari. Herritarrak 15 euro ordaintzen ditu hilean, erabilitako materialak ordaintzeko hipoteka moduan.

 

Etxebizitza legeak eta muga konstituzionalak

Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna ditu etxebizitza politikari begira. Alokabide da horietako bat. Sozietate publiko bat da, alokairu babestuaz arduratzen dena. Jabeei euren etxebizitza hutsen alokairua kudeatzea eskaintzen die, ondoren Etxebide sozietate publikoaren bidez egiten diren alokairu eskaerak asetzeko. Baina programa horiek ez dira jendartearen etxebizitza beharrak asetzera iristen. Aiaraldean 2008tik 2013ra Etxebiden egin ziren bost eskaretatik bat baino ez zen bete. Hortaz gain, errentamendu kontratuek hiru urteko iraupena dute, baina kontratua amaierara iritsi arte ez da zehazten luzatu egingo den, Alokabideren araudian azaltzen denaren arabera. Hala, egun batetik bestera kalean topatu daiteke errentaria.
Etxebizitzaren EAEko lege bati begira dago orain Jaurlaritza. PSE-EEk aurkeztu du oinarrizko testua, eta EH Bilduk eta UPDk babestuta atera da aurrera. Oraindik eztabaidatu eta garatu beharreko lege bat den arren, honakoak barnebiltzen ditu proposamenak: etxebizitza hutsei kanon bat jartzea, kasu batzuetan etxe hutsak alokatzera derrigortzea eta desjabetzeko arriskuan dauden familien etxeen jabe diren bankuei etxebizitza hiru urtez konfiskatzea.

Laugarren saiakera
EAEn halako lege bat onartzeko egingo den laugarren saiakera izango da oraingoa. Baina ez litzateke autonomi erkidegoan martxan jartzen den lehen legea izango: Katalunian, Nafarroan edota Andaluzian ere onartu dira antzekoak. Andaluzia zein Nafarroako legeak, baina, bertan behera utzi ditu Espainiako Auzitegi konstituzionalak.

 

Europako beste herrialdeetako errezetak

Oinarrizko ezberdintasun handi bat dago hemengo eta Europar Batasuneko herrialde askotako etxebizitza politiken artean. Hori dio ekonomia abokatua eta etxebizitzaren gaineko politika publikoetan aditua den Javier Buron Cuadradok. Espainiar estatuan etxebizitzaren jabeek euren jabegoarekin nahi dutena egin dezaketenaren sinesmena oso hedatua dagoela uste du ekonomialariak.

Kontrakoa gertatzen da Europako herrialde askotan, zeintzuetan estatuak legez aukera duen etxebizitza hutsen problematikan esku hartzeko. Herbehereen kasua aipatu du Buronek. Bertan okupazioa tradizionalki legaltzat eman da okupatutako etxebizitza urte bat baino gehiago hutsik daraman kasuetan. “Etxebizitza jabeari berriz hutsik egongo ez dela frogatuz gero itzultzen zaio soilik”, zehaztu du adituak.
Danimarkan, berriz, zenbait udalerrik isunak jartzen dizkiete euren etxebizitzak sei aste baino gehiago hutsik dituzten jabeei. Ingalaterran udalek etxebizitzak alokatu edo saltzera derrigortu dezakete jabea, baldin eta etxeak sei hilabete baino gehiago badaramatza arrazoirik gabe hutsik. Alemanian jabeak etxebizitza berritzera derrigortu ahal ditu estatuak. Suedian, aldiz, hutsik dauden eraikinak behera botatzeko hautua hartu dezakete, muturreko neurri gisa.

Kopiatu beharrik ez
Dena den, Buronek nabarmendu du ez dela herrialde horietako politikak “idealizatzea” komeni. “Ez dugu ahaztu behar Europar Batasunean ere pribatizazio politiken haizeak daudela orain. Baina aipatutako adibide horiek kontuan ez hartzea ulergaitza izango litzateke”.

 

Alternatibak herri ekimenetatik

Instituzioek egiten dutenaren zain egon gabe, pausoak ematen joatea. Hori da etxebizitza eskubidearen aldeko zenbait herri mugimenduk komunean dutena. Sevillan topatu daiteke horren adibide esanguratsu bat. Apirilaren 6an urte bat bete zen La Utopia izeneko eraikina poliziek deslojatua izan zenetik. Errekurtso gutxiko 36 familia bizi ziren bertan, 2012an eraikina okupatzea erabaki zutenetik.

Etxebizitza okupatuak ere egon badaude Aiaraldean, eta kasu batzuetan jabearekin akordio batera iritsi dira etxebizitza eraberritzearen truke bertan bizitzen uzteko. Eskubide sozialen aldeko Elkartzen mugimenduak eginiko “Etxebizitza gida” ere aipagarria da. Herrietan Alokairu Solidarioen Batzarrak antolatzea proposatzen da gida horretan, etxebizitzen jabeen eta alokairu bat bilatzen dabiltzanen arteko harremana garatzeko. Gazteizko Judimendi auzoan abian jarritako “Judimendi bizi” proiektua jartzen du gidak adibidetzat.

Baina badaude etxebizitza eskubidea aldarrikatzeari begira egin diren beste hainbat ekimen ere: Iruñeko Txantrea auzoko emantzipazio bulegoa, Gasteizko Errekaleor auzoko etxe hutsen berregituraketa, Nafarroako Lakabe herri okupatua, gazteen eta adinekoen arteko elkarbizitza (adinekoek gazteei eurekin bizitzen uztea konpainia egitearen truke), etxebizitza kooperatibak (bazkide talde bat osatzea eraikin bloke oso bat erosteko), Bilboko Okupazio Bulegoa... Ideia asko, helburu bakarrari begira: etxe hutsen ateetako giltzak topatzea.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide