Iguanaren gaua-La noche de la iguana-The night of the Iguana

Aitor Aspuru Saez 2010ko urr. 21a, 00:26

Gaur egun ez da horren arraroa filme arrunt edo independienteetan benetazko sexu harremanak ikustea. Azken urte hauetan adibide mordoa aurkitu dezakegu; Short Bus, Manderlay, The Brown Bunny, Intimité edo Nine songs. Sexuaren arlo pornografikoa alde batera utzita, edo ez, zinemagile ospetsu ezberdinak saiatu dira pantailara eramaten; Lars Von Trier, Julio Medem edo Michael Winterbottom aipa ditzakegu ahalegin honetan. Ariketa horiek bestalde, arreta eta ardura handia eragiten dute askotan probokazio faltsu bati esker. 2010. urtean, nork ez du filme X bat noizbait ikusi?

Gaur egun ez da horren arraroa filme arrunt edo independienteetan benetazko sexu harremanak ikustea. Azken urte hauetan adibide mordoa aurkitu dezakegu; Short Bus, Manderlay, The Brown Bunny, Intimité edo Nine songs. Sexuaren arlo pornografikoa alde batera utzita, edo ez, zinemagile ospetsu ezberdinak saiatu dira pantailara eramaten; Lars Von Trier, Julio Medem edo Michael Winterbottom aipa ditzakegu ahalegin honetan. Ariketa horiek bestalde, arreta eta ardura handia eragiten dute askotan probokazio faltsu bati esker. 2010. urtean, nork ez du filme X bat noizbait ikusi? Eta, errealismo horrek zeozer gehitzen dio zinemari arte bezala? Azken finean, giza sexualitatea arriskutsua edo gatazkatsua egiten duena ez da bere alde fisikoa, edo ez alde fisikoa soilik, nahasten diren korapilo afektiboak baizik.

Horregatik, zakil, ipurdi, titi eta alu eztanda horretatik urrun dauden filme zahar eta zehatz batzuk askoz interesgarriagoak dira giza harremanak aztertzeko. Horien artean, "La noche de la iguana" aldarrikatzea gustatuko litzaidake. Hasteko, proiektu honetan bildu ziren izar ezberdinen izenak azpimarratuko nituzke; Richard Burton, Ava Gardner eta Deborah Kerr aktore gisa eta John Huston zuzendaritza lanetan. Gidoia gainera, Tennessee Williams-en antzerki obra batean oinarrituta zegoen. Zaila da azken puntu honetaz ohartzea filmean agertzen diren paisai txundigarriak ikusita, baina hala da.

Istoriora bueltatuz, Richard Burton apaiz protestante baten larruan sartzen da. Jainkoaren artzain ohi honek jadanik ez ditu arimak gidatzen, turistak baizik. Hegoamerikan hain zuzen ere. Lan aldaketa honetan badirudi emakumeek zerikusi handia izan dutela eta badirudi ere bere arazoak ez direla hor bukatu. Emakume txango bat gidatzen ari den bitartean, neskarik gazte eta erakargarrienak gizon hau liluratzen du. Beste bidaiarien erantzuna berehala adierazten da, gidariaren burua nahi dute. Arnasa hartzeko asmoarekin, gizon honek ibilaldia leku zoragarri batera bideratzen du. Bertan hotel txiki bat dago eta Ava Gardner da bere arduradun alargun alai eta ederra. Emakume hau eta apaiz ohia lagunak dira aspaldidanik eta harreman berezi bat daukate.

Dena den, nahaste borraste honetan oraindik osagai bat falta da, Deborah Kerr-en pertsonaia; margolari beata bat. Hotel bakar batean hainbeste emakume xarmant biltzea arriskutsua izan daiteke edonorentzat, baina askoz gehiago Richard Burton-en pertsonaiarentzat. Ez da denbora asko pasako tipoak burua galduko duen arte eta pil-pilean dauden sentimendu ezberdinak agertuko diren arte.

Nire ustez, gizon eta emakumeen arteko harreman suntsitzaileen erradiografia bikaina da "La noche de la iguana", batipat bere protagonistak horrelakoxeak direlako. Filmean, gainera, profesional guztiek kriston lan txukuna egiten dute, aktore ezberdinak sasoi oso onean egon ziren eta zuzendaria ez zen atzean geratu; primerako argazkia eta giroa, elipsi antologikoak eta aparteko gidoia. Dena den, pelikula honen inguruan esan dezakegun gauzarik onena zera da; ez zuela probokaziorik behar giza sexualitatea eta amodiozko harremanak deskribatzeko, nahiz eta muturrekoak edo hausleak izan (adibidez, hirukote bat agertzen da metraian zehar inor iraindu gabe, ikusle guztiek ulertu dezakete egoera inor ere biluzik grabatu ez arren). Baliteke John Hustonek filme hau pasa den mendeko hirurogeiko hamarkadan filmatzea, baina berak erakutsitako dotorezia ez du inork gainditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide