Ostegunean abiatu zinen furgonetan Korrika. Nolakoa izan zen Otxandioko hasiera zuretzat?
Ostegunean atera ginen Otxandiotik. Oso hunkigarria izan zen, jende mordoa zegoen. Otxandioko jendeak sekulako lana egin zuen, miresgarria da benetan. Gaua luze egin zitzaigun, goizean goiz hasi ginelako, 4:00ak arte.
Bi talde zaudete uneoro furgonetarekin martxan. Zein da zuen zeregina?
Denetarik egiten dugu: gidatu, mikrofonotik animoak eman, kopiloto lanak, behar denean pankarta zabaldu eta jaso...
Euskal Herria puntarik punta zeharkatzen zabiltzate. Zerk harritu zaitu gehien?
Jendearen harrerak. Sekulakoa izaten ari da herri txikietan eta hirietan. Jendeak asko sinistu eta maite du euskara, bestela ez genituzke bidean hainbeste lagun topatuko! Goizeko 3:00etan Bernedon emakume bat agertu zitzaigun menestra lapiko batekin eskutan furgonetakoentzat, guretzako prestatu zuen!
"Sekulakoa izaten ari da jendearen harrera. Goizeko 3:00etan Bernedon emakume bat agertu zitzaigun menestra lapiko bat guretzat prestatu zuela esanez"
Hamaika ikusteko jaioak gara! Zenbat bitxikeria topatu dituzue bidean?
Erriberan polizia forala hurbildu zitzaigun furgonetara korrikako txapa eta pegatina eske. Gasteizen emakume batek hartu zuen lekukoa, eta urduritasunagatik lekukoa furgonetan sartu behar zuela pentsatu zuen. Han ibili zen jauzi eta jauzi gu harrapatu nahian, gure atzetik joan behar zuela ez zuen ulertu!
Lekukoa eskuz esku dabil martxoak 30az geroztik. Hain gertu izanda, hartzeko aukerarik izan al duzu?
Oraindik ez. Laudioko kilometroa AEKko lankideekin batera egin nahiko nuke, baina orain arte ez dut momenturik izan.
Apirilaren 9an Iruñean bukatuko da Korrika. Zein irakaspen utzi dizu esperientziak?
Taldean sekulako giroa dugu. Ni naiz furgonetako talde honetako kide berri bakarra, oso ondo hartu naute. Lana badugu baina oso ondo pasatzen dugu. Garrantzitsua da umorea horrelako momentuetan!