"Udako sugea" egon bada Aiaraldean aurten, hori feminismoa izan da. Gure eskualde lasai eta baketsuan gatazkak, eztabaidak eta zurrumurruak sortu dituzte talde eta koadrila feministen ekimenek.
Amurrion; sorginaren lapurreta
Udako solstizioak -edo sanjoanek- sute bat baino gehiago piztu zuten Amurrion. Izan ere, Otsemeak taldeak bahitu zuen ia arratsalde osoz udako solstizioan erre behar zen sorgina. Azkenean, panpina askatu zuten-besteak beste alkatearen esku hartzea medio- eta herriak sutara botatzeko aukera izan zuen.
Lapurretak oihartzun handia izan zuen, eta sare sozialak sutan jarri ziren. Batzuek adierazi zuten umeek egin zutela panpina eta euren ilusioak zapuzteko ahalegina zela. Niri The Simpsons telesaioko une hau etorri zitzaidan burura argudio horien aurrean, egia esanda:
Gauzak horrela, polemika ez zen gelditu bertan, izan ere, egun batzuk geroago, Otsemeak taldeak agerraldia egin zuen herriko plazan ekintza aldarrikatzeko, babesa jasotzeko eta gogoratzeko behin baino gehiagotan salatu dutela sorginaren erreketa ohitura aski matxista eta patriarkala dela.
"Bollera da bide bakarra"
Laudion ere zer esan eman dute feministen ekimenek; facebook zein whatsapp taldeetan kasu.
Polemika hasi zen Bagara Nor taldeak sanrokeetan etxera itzultzeko brigadak sortuko zituztela. Testua emakume bolleroen izenean zabaldu zuten, eta hitz horrek sortu zuen ezinegona, izendapenak. Hainbatek kritikatu zuten feministek irainarekin lotutako kontzeptua berrerabiltzea esanahi negatiboa kentzeko. Hori gutxi izan balitz, herriko hormetan “Bollera da bide bakarra” pintadak agertu zirenean -txupinazoa baino lehen- bolo-bolo ibili ziren whatsapp taldeetan.
Dena den, gaizki-ulertuen une garrantzitsuena Laudioko udal osoko bilkuraren erregu eta galderen txandan eman zen; abuztuan zezen-plazan agertutako “ante las corridas taurinas, corridas clitorianas” margoketaren harira.
Lelo hori margotu zuen norbaitek zezen plazan eta PSE-EEko zinegotziak -Txaro Sarasuak- adierazi zuen modu elokuentean iraingarria iruditu zitzaiola, eta uste zuela udalak kendu behar zuela, hemen ikus daitekeen moduan:
Hurrengo polemika: Artziniega
Artziniegako Jaiek ere tirabiraren bat izan dute feminismoa dela eta. Larunbatean, Play Back lehiaketa irabazi zuen neska gaztez osatutako talde batek. Abestia dantzatu ez ezik, aldarrikatu zuten nahi duten moduan janzteko eskubidea eta horretarako pankarta atera zuten hurrengo leloarekin: “¡No me visto así para provocar, me visto así porque me da la gana y ya está!”
Agidanean, emakume batzuek ez zuten batere gogoko izan jarrera, eta mezua eta antolatzaileengana jo zuten kexatzeko. Talde irabazleak mezua plazaratu du sare sozialetan salatzeko euren kritika ulertu ez izatea.
Arrakasta edo akatsa?
Zaila da esatea feminismoak zaleak edo aurkariak irabazi dituen aipatutako polemikekin Aiaraldean. Berez, ekintza bakoitzak bere logika izan du, eta denborak epaituko du zuzena edo okerra izan den. Edonola ere, talde feministek baloratu beharko dute hori, baita euren estrategia ere.
Argi dago, ordea, euren aldarrikapenak lehen lerroan egon direla udan; eta lan, pedagogia eta ekintza handia egiteko beharra agerian utzi dutela.
Aurtengo helburua zerbait probokatzea bazen, arrakastatsua izan da uda; baina, esan bezala, ibilbide luzea dute aurretik gauzak aldatzeko probokaziotik harago, berez, jende ugariren erantzunek adierazi baitute gaindituta egon beharko liratekeen hainbat oztopo guztiz indarrean daudela.